Enpresa ekimen onenaren Naos saria jaso du Eroskik

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 19a, 14:24

Eroskiko presidente Agustin Markaidek saria jaso duen unea eskuinean Maria Luisa Carcedo jarduneko ministroa duela.

Elikadura osasuntsua eta jarduera fisikoa sustatzea eta obesitatearen prebentzioa helburu dituen Naos Estrategiaren Saria banatzen du Osasun, Kontsumo eta Ongizate Sozialeko Ministerioak, eta Eroskik bigarrenez jaso du Enpresa Ekimen onenaren saria. "Elikadura osasungarriaren alde erakutsitako konpromisoagatik", Ekilibra programagatik hain zuzen ere, saritu dute.

Eroskiko presidente Agustin Markaidek gaur, azaroaren 19an, jaso du Naos Estrategiaren Saria, Enpresa Ekimenaren sailean. Osasun, Kontsumo eta Ongizate Sozialeko jarduneko ministro den Maria Luisa Carcedok eman dio hori.

"Enpresa ekimenik onena"

Guztira 93 proiektu aurkeztu dira Naos Sarien XII. ekitaldira, eta epaimahaikoen iritziz Eroskirena izan da enpresa ekimenik onena Ekilibra programari esker "elikatzeko ohitura osasungarriak hartzen laguntzen dielako herritarrei". Hain zuzen sari horren helburua da gizentasunari eta bestelako gaitz kronikoei aurrea hartzen laguntzen duten ekimenak bultzatzea, elikadura osasungarriarekin eta jarduera fisiko erregularrarekin. 

Ekilibra programak informazioaren teknologia berriak erabiltzen ditu nutrizio arloko diagnostiko pertsonalizatua eskaintzeko Eroskiren bezero-bazkideen erosketa ohituretatik abiatuz.

Agustin Markaidek zera adierazi du saria jaso duenean: "Eroskin, orain 50 urte sortu ginenetik, konpromiso sendoa dugu kontsumitzaileen osasunarekin eta ongizatearekin. Kontsumo kooperatiba garen aldetik, gure izaeran doa hori", eta gaineratu du: "Ekilibra programak doan ematen ditu elikadura eta erosketa osasungarriagoa eta orekatsuagoa egiteko informazioa eta pizgarriak. Aitortza honek balioan jartzen du elikatzeko ohitura osasungarriak hartzearen alde egiten dugun ekarpena, eta ildo horretan jarraitzera animatzen gaitu".

Lehenengoz 2008an

Eroskik 2008an ere jaso zuen sari hori, Eroski Zurekin nutrizio eta ongizate programarengatik.  Horrez gain, beste hiru akzesit ere baditu 2011n, 2014an eta
2018an lortutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak