Oliver Hernandez triatleta arrasatearra zendu da

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 18a, 13:20

Oliver Hernandez triatleta arrasatearra. Argazkia: Antxintxika Triatloi Taldea.

Hiru urtez kantzerraren kontra borrokan ibili eta gero atzo, domeka, hil zen Antxintxika Triatloi Taldeko kide Oliver Hernandez arrasatearra: "Horrela oroituko zaitugu, lehen lerroan, berdin kirolean zein bizitzan! Ohorea izan da guztiondako zure izerdien lekuko izatea", esanaz agurtu dira taldekideak sare sozialetan.

Antxintxika triatloi taldeko lagunak eta Oliver Hernandezen etxeko eta gertukoak doluan daude, domekan hil zen-eta atleta arrasatearra, 39 urterekin. Kirolerako aparteko dohaiekin, Hernandezek, besteak beste, birritan zapaldu zuen Salamancako triatloiko podiuma –eskaera egin dute datorren urteko edizioa, Espainiako Txapelketa izango dena, Arrasatekoaren oroimenezkoa izan dadin–. Horrekin batera, 2017ko Gasteizko ironman proban Oli zazpigarren sailkatu zen sailkapen orokorrean, eta euskal atleten artean bigarrena izan zen. Federazioak urteko atleten artean nabarmendu zuen Hernandez, ibarreko beste atleta batzuekin batera. Halaxe jaso zuen Goienak

Gaixotasunaren berri izan zuenetik Oli-ren jarrera nabarmendu izan dute taldekideek beti, eta urte hauetan etengabeak izan dira animo keinuak. Besteak beste Santamas krosean taldekideek eskaini ziotena; Ni zara zu naiz (NZZN) lelodun ekipazioa jantzita, krosa lehen lerroan hasi zuten taldekideek:

"Borrokalari ausarta eta eredu zentzu guztietan. Horrela oroituko zaitugu, lehen lerroan, berdin kirolean zein bizitzan! Hizki larriz diogu, ohore bat izan da guztiondako zure izerdien lekuko izatea", esanaz esan diote agur Oli-ri.

Bihar, martitzena, egingo diote azken agurra, San Juan Bautista parrokian (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak