Nere Arregik sorpresaz hartu zuen Euskadiko duatloi txapeldunaren saria, distantzia motzean: "Distantzia luzeak nituen buruan, eta motzak kalitatezko entrenamendu gisa hartu nituen. Bada, distantzia luzeko lehenengo lasterketa hasi eta bigarren kilometroan lesionatu egin nintzen; beraz, pentsa... Gainera, arauak aldatu egin dituzte, Arbizuraino joan nintzen lehiatzera eguraldi oso txarrarekin, zirkuituan puntuak batzeko derrigorrezkoa zelakoan, eta han esan zidan epaile batek ez nuela zertan Nafarroara joan. Baina bai, lesionatuta nagoen honetan, halako sariek poztasuna ematen dute".
Hernandez, Gasteizen bikain
Oliver Hernandez Euskadiko ironman distantziako txapeldunorde izan da, ekainean Gasteizen egindako lan onari esker: "Sailkapen orokorrean zazpigarrena izan nintzen, eta bigarren euskalduna. Oso pozik geratu nintzen, nazioarteko jende oso ona zegoen-eta lasterketan; guztira, 1.000 atleta inguru batu ginen. Gustura ibili nintzen, batez ere, igeriketako eta bizikletako tarteetan. Maratoian krisialdia izan nuen, baina lasterketa erditik aurrera buelta eman nion gorputzari".
Hiru modalitatetan txukun
Hori da Alejandro Altunak –triatloiko beterano 2 mailan Euskadiko txapeldunorde– azpimarratzen duena: "Kirol honetan ez du balio gauza batean oso ona izateak. Igerian, bizikletan, korrika... Denean eman behar da neurria, eta hori ez da batere erraza. Bestalde, komeni da esprint lasterketetan hastea, motzak direlako; gero egongo da aukera luzeagoak egiteko.
Oñatin parte hartzea, zalantzan
Hain zuzen, hori da kirol honetan iaz hasi zen Miren Josune Bikuñari –duatloiko beterano mailan Euskadiko txapeldunorde– gertatzen zaiona, errespetua ematen diola Oñatin parte hartzeak: "Hasiberria izateko emaitza onak batu ditut, baina Oñatikoa distantzia olinpiarra da, eta gainera, ni oñatiarra izanda... presio larregi izango da", dio, barrez. Martxoaren 19an izango da Oñatiko lasterketa, baina martxoaren 11ra aldatzeko aukera dute oraindik.