Debagoieneko ia herri guztietan daude zinema aretoak, baina asteroko maiztasunarekin Arrasaten, Oñatin, Bergaran eta Aretxabaletan bakarrik eskaintzen dituzte filmak. Aste batzuetan emanaldi gutxiago egoten dira; izan ere, areto horietan bestelako ekitaldiak ere egiten dira eta zine emanaldien ordutegian eta egutegian eragiten dute.
Asteburuetako helduentzako eta haurrentzako programazioa zirkuitu komertzialeko filmekin osatzen dute; horrez gainera, astean behin, helduentzako bestelako filmak eskaintzen dituzte zineklubetan.
Bergaran elkarlanean hasita
Eguaztenetan 20:00etan izaten da Seminarixoan zinekluba. "Gai edo data zehatzetan oinarrituta multzokatzen dugu hileko eskaintza. Oraingoan, Emakumea protagonista indarkeria harago izan da gaia", azaldu du Kultura teknikari Edurne Kortak.
Gaur egun, Udaleko Kultura Sailak du antolaketaren ardura, baina herriko Zinema ON zineklub talde berriarekin elkarlanean hasi dira; solasaldi batzuk egin dituzte, eta elkarlana handitzeko asmoa dutela dio Kortak: "Laster, bigarren bilera egingo dugu, eta han zehaztuko dugu 2020ra begira nola antolatu funtzionamendua; gastuak, orain arte moduan, Udalaren kargu izango dira".
Zinema ON taldeak eskertzen du eguazteneko saioak antolatzeko aukera ematea. "Ez dugu finkatuta, baina buruan dugu hilean behin ekintza bat egitea, zinegileekin solasaldiak, zine klasikoari tokia egitea... Filmen zerrenda bat prestatu dugu. Jatorrizko bertsioan eskaintzen saiatuko gara baina denetarikoak daude", azaldu du Zinema ON taldeko Nekane Muñozek.
'El hoyo', Gaztelurrutiarekin
Hainbat euskal filmen solasaldiak egin dituzte Seminarixoan: maiatzean Soinujolearen semea eskaini zuten eta Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues izan ziren; irailean, Agur, Etxebeste! filmeko zuzendariak eta aktoreak izan ziren, eta abenduaren 18an El hoyo filma eskainiko dute eta Galder Gaztelurrutia zuzendaria gonbidatu dute.
Gaztetxeko areto txikian ere bai
Novedades zinea itxi zutenean herriko zinemazale batzuk gaztetxean film emanaldiak antolatzen hasi zirela kontatu du Dynamo zineklubeko Ugutz Basaurik: "Ez genuen horretarako prestatutako gelarik eta saio bakoitzak sekulako lana zuen: aulkiak, proiektorea... dena muntatu eta desmuntatu beharra zegoen. Halako batean, Novedades aretokoek aulkiak, gortinak eta behar genuena hartzeko esan ziguten, eta, hala, zine aretoa inauguratu genuen, iaz. Kartzela zaharreko ziega bat da, hamazortzi eserleku ditu eta tronua, hau da, beste ziegetan moduan, komuna".
Eguaztenetan 21:00etan izaten dira –urtarriletik aurrera egunez aldatzeko asmoa badute ere–, eta zortzi lagun inguru elkartzen dira, normalean. Hilero gai bati buruzko askotariko genero eta garaietakoak eskaintzen dituzte. "Azaroko gaia irratia da, Txapa Irratiaren 30. urteurrenagatik; eta urrian, ibilgailuen bueltakoak ikusi genituen. Gehienetan, gazteleraz eta euskaraz; guztiontzako zabalik daude, dohainik da".
Oñatin urte askotako ibilbidea
Eguenetan 20:00etan izaten dira kultura etxeko zinema aretoan, urritik maiatzera. Herriko eta inguruko zinemazaleek estimuan dute: "Mimoz aukeratutako filmak dituzte".
Ibilbide luzea du. "23 urte daramat kultur arduradun, eta ordurako finkatutako zegoen. Astero batez beste 80 lagun joaten dira; egon dira, baina, 120 ikusle ere. Askotariko filmak dira: batetik, autore-zinea deitzen zaiona; bestetik, herriko eragileekin eta elkarteekin antolatutakoak. Adibidez, asteon, Aloña Mendirekin; era berean, badira beste batzuk, aretoetan denbora gutxi egin dutelako ikusteko zailak izan direnak...".
Oñatiko Udalak du programazioaren ardura: "Banatzaile batek egiten dizkigu asteroko proposamenak, baina malgutasuna daukagu bestelakoak proposatzeko. Zineklubeko filmen zerrenda Anton Txintxurretak eta Anton Azpiazuk eta horien gertukoek bideratu izan dute".
Arrasaten, urtarriletik aurrera
Orain dela urte batzuk, herritar talde batek antolatzen zuen zinekluba. Gaur egun ez da halako talderik, baina oraindik ere jarraitzen dute martitzenetan film "bereziak" eskaintzen Amaia antzokian.
Datozen asteetan zarzuelak eta akordeoiak izango dira aretoan nagusi; hortaz, urtarrila bitartean ez da zineklubik izango. Asteburuan, La trinchera infinita eskainiko dute eta Aitor Arregi zuzendaria izango da, bihar, domekan 19:30eko saioan".
Aretxabaletan ere Udalak
Eguenetan da zinekluba Arkupe kultura etxean: Udalak antolatzen ditu, nahiz eta sarritan herriko eragileekin eta elkarteekin elkarlanean jardun.
Debagoieneko zineklubak
- Arrasate
- Amaia antzokian, martitzenetan, 20:30ean.
- Bergara
- Seminarixoan, eguaztenetan, 20:00etan.
- Gaztetxean, eguaztenetan, 21:00etan.
- Oñati
- Kultura etxeko zinema aretoan, eguenetan, 20:00etan.
- Aretxabaleta
- Arkupe Kultura etxeko zine aretoan, eguenetan, 19:30ean.