Ikastola guztien laguntza-premia ez da berdina. Hego Euskal Herrian euskara ofiziala da, baina Zuberoan, ordea, ez, horrek dakarren guztiarekin: egoera ekonomikoa zaila eta erakundeen babes falta.
Egoera zail horri aurre egiteko, gurasoak otarreak saltzen hasi ziren 2003an, eta 2013an Hego Euskal Herrira hedatu zuten kanpaina. Ikastolako haurren gurasoek egindako produktuz betetako otarreak dira: gazta, eztia, bixkotxak, pateak... Hauek salduz lortutako irabaziak ikastolaren behar ekonomikoak estaltzera bideratzen dituzte, eta horri esker, besteak beste, ikastola handitzea lortu dute. Baina egoerak larriak izaten jarraitzen du eta euskaltzaleen laguntza beharrezkoa dutela azpimarratu dute:
Otarreak abenduaren 2ra arte eskatu ahal dira, eta abenduaren 13an banatuko dituzte
"Zuberoako bi ikastolak oso nekez bizi dira eta aurten ere zuen laguntza behar dute. Zuberotarrek euren herrian sinesten dute, nola ez! Baina Euskal Herriko anaia txikiena izanez, badugu beste anaia gehienen behar gorria", azaldu dute Ikaskoli-ren antolatzaileek.
Zuberoan, Lehen hezkuntza
Seaskak bi ikastola ditu Zuberoan: Basaburu ikastola Alozen eta Eperra ikastola Sohütan. Lehenean 36 ume daude eta bigarrenean, aldiz, 103.
Lehen Hezkuntzako ikasketak Zuberoan bertan egiten dituzte, baina Bigarren Hezkuntza euskaraz ikasi nahi badute, Nafarroa Beherera joan behar dute, Ziburuko Lartzabal Ikastolara, hain zuzen. "Erabateko murgiltzea lortzeko Bigarren Hezkuntza Zuberoan eskaintzeko ahaleginetan ari gara, nahiz eta diru eta lan asko eskatuko digun. Horregatik, Euskal Herrian zehar kanpaina ahalik eta gehien zabaltzeko ahaleginak egiten ari gara aurten".
Euskararen erabilera, "behera"
"Luzaroan izan da Zuberoa herri euskalduna, zuberotarrak euskaraz mintzatzen baitziren. Egun, maskaradak eta pastoralak bizi dira, baina ohartu behar dugu hizkuntza galtzen ari dela azkar", azaldu dute antolatzaileek. Berriki kaleratu diren erabilera inkestek hori frogatu dute, eta, azaldu dutenez, euskararen transmisioa ikastoletan egiten da, etxean baino gehiago.
Otarreak, abenduaren 2ra arte
Bi otarre dituzte salgai: Ahüzki –40 euro– eta Irati –52 euro–. Eskariak www.ikaskoli.eus webgunean eta nikere@ikaskoli.eus helbidean egin daitezke eta abenduaren 13tik aurrera AEDn edo Ereindajan-en jaso.