Lindy hop erritmo biziak, gorputzean dantzagarri

Aitor Agiriano Arrese 2019ko aza. 9a, 10:30

Lindy hop eta swing estiloen Nazioarteko IV. Jaialdia ospatu berri da Donostian. bertan, Europako hainbat herrialdetako eta munduko hainbat irakaslek parte hartu dute; tartean, debagoiendar swing dantzariak ere batu dira jaialdiaz gozatzeko.

Mota bereko musikarekin batera egiten den dantza estiloa da swinga. Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldean du jatorria, XX. mendearen bi hamarkadatan dantzariek rogime, jazz eta dixieland musika estiloetako piano akordeetan pausoak inprobisatu zituztenean. Debagoienean ere bada dantza estilo honekiko zaletasuna.

Unai Azkarate bergararra orain urte batzuk hasi zen erritmo hauetan gorputza mugitzen: "2009-2010 urteen artean, 20ko eta 30eko hamarkadetako big band handien soinuek erakarri ninduten eta, ohartu gabe, Benny Goodman, Django Reinhardt eta Stephane Grappelli musikarien estiloaren jarraitzaile izatera pasatu nintzen". Bestetik, 50 lagun inguruko taldetxoa sortu dute Oñatin eta eguaztenero biltzen dira, Eltzian. Tartean da Kepa Aranburu oñatiarra: "Poliki-poliki ari gara taldetxoa osatzen. Batzuetan, dantza soziala ere egiten dugu herritarrekin dantzan arituz, ezagutzera emateko".

Nazioarteko jaialdia, Donostian

Donostian ospatu berri den Belle swing jaialdian elkartu dira hainbat herritako dantzariekin batera bergarar eta oñatiarrak ere. Donostiako udaletxean aurkezpena eginda hasi zuten festibala. Dantzaz gain, swing estiloak dakarren gastronomia dastatzeko aukera ere izan dute, baita 20ko eta 30eko hamarkadetara eramaten gaituzten arropa motak janzteko aukera eduki ere.

Nazioarteko irakasleen eskutik jaso dituzte dantza ikastaroak, eta Cotton Tail, Old Dixieland eta Hot Swing Sextet taldeen musikarekin gorputzeko atalak astindu dituzte. "Oso aberasgarria izan da. Aurten, gainera, bigarren aldiz, ikaragarrizko plazera izan da dantzariz beteriko Kursaalean aurkezle lanak egitea", dio Azkaratek. Bestetik, Kepa Aranbururentzako ere esperientzia ederra izan da: "Bi oñatiar joan gara eta klaseak, jaia, dantza estiloak eta musikak dakarren gastronomia... dena probatzeko aukera izan dugu. Biziak izan dira swingean murgilduta pasatu ditugun egunak". Hala, oso dantza soziala den aldetik, bikoteka, bakarka eta taldean aritzeko aukera izan dute eta jende asko ezagutzeko aukera ekarri die debagoiendar swing dantzariei jaialdiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak