Aitor Zabaleta: "Saiatuko naiz lasterketetatik ahalik eta beranduen erretiratzen"

Beñat Alberdi Igartua 2019ko aza. 5a, 08:00

Mendiko auto igoeretan lehiatzen segitzeko asmoa azaldu du Aitor Zabaletak, denboraldia amaitu berritan. Aurten ere, Euskadiko txapelduna da.

Aurten ere, enegarrenez, eskuratu du Aitor Zabaletak (Bergara, 1963) lehenengo postua Euskadiko Mendi Igoera Txapelketan. 39 urte daramatza jada lehiatzen, eta uzteko asmorik ere ez dauka oraindik, baina esperientziak balio dio txapelketaren iragana eta oraina alderatzeko.

Bederatzi lasterketak osatzen dute Euskadiko Mendi Igoera Txapelketa. Bederatzietan parte hartu duzu. Askotan gogoak irabazten dio beharrari? 
Bederatzi karrera dira eta seirekin puntuatu dezakezu. Bat kendu behar duzu bai ala bai. Nik, bi kenduta, beste guztiak neuzkan irabazita. Urrakiko azken lasterketa aurretik 11 puntu lortzearekin nahikoa genuen txapela lortzeko. Ez nintzen Urrakira joan irabazteko asmoarekin, bukatzeko asmoarekin baizik; arriskurik hartu barik, autoa ez apurtzeko. Karrera bat kendu behar nuen eta Urrakik izan behar zuen. Baina antolatzaileak deika jardun zuen, joateko mesedez, eta zela etxe ondoan dagoen... Ez neukan ezer erakutsi beharrik, baina beti daukazu gogo hori.

Makina bat urtetan jarraian lortu duzu txapela. Errutina bihurtu da?
Ez digute erraz uzten. Gazte jendea fuerte dator. Oraingo auto modernoek ez daukate zerikusirik nire autoarekin. Ez dute egoera berberetarako balio. Nireak 655 kilo dauzka eta berriek, berriz, 400 eta gutxi. Zaldiak ere gutxiago dauzkate. Baina euritan ibiltzeko eta labanak diren errepideetan, Udanan, adibidez, hobeak dira. Nik, horrelako kasuetan, ezin ditut autoaren zaldiak erabili. Bustian eurek daukate irabazteko erraztasuna.

"Errepideek asfalto kapa bat behar dute; saltoka goaz askotan, ahuntzak bezala"

Eguraldia al da emaitza baldintzatzen duen faktorea? 
Bai. Sikuan, daukazun dena atera dezakezu, zuk eta autoak. Euritan, askotan, suertea da. Trafiko askoko bideak dira, normalean, eta zulo mordoa izaten dituzte, adibidez, pinuak botatzen dituztelako. Inork ez ditu konpontzen. Guk, ordea, ahalik eta azkarren joan behar dugu.

Lasterketetan aritzen zaretenok ezagutzen al dituzue errepideak inork baino hobeto?

Udanari, Gorlari eta beste askori falta zaie asfalto kapa bat, hobeto heltzeko. Askotan, saltoka goaz. Ahuntzak ematen dugu.

Gazteak fuerte datozela aipatu duzu. Urteetako esperientziak garrantzia al du, orduan?

Esperientziak laguntzen du, baina oraingo autoek aldea markatzen dute. Urrakin auto berri baten aurka lehiatu ginen. 500 zaldi edo horrelakoren bat ditu, eta pisua beste horrenbeste. Orduan, auto eta pilotu horiei irabaztea nekeza da. Horrelako automobilak geroz eta gehiago daude. Gainera, oso garestiak dira. Guk gurea daukagu, eta ni ahaleginduko naiz segitzen. Badakit, bihar ez bada etzi, irabaziko digutela ez batek, denek. Saiatuko naiz eurei ere nekez ipintzen; ez, behintzat, atea zabal zabalik.

"Badakit bihar ez bada etzi, irabaziko digutela ez batek, denek; saiatuko naiz nekez ipintzen"

Auto berrien aurka lehiatzea ez da erronka berria?

57 urte dauzkat, ez dauka zerikusirik. Halere, 60 urte eduki eta buruz eta gorputzez fresko bazaude, ez dago arazorik lehiatzeko. Arrisku gehiegi hartzen ditugu, eta gure langintza ez dago ondo ordainduta. Horrez gain, ez daukagu, beste kirol askotan bezala, laguntza handirik. Izan badugu, ezin naiz kexatu, baina gehiago beharko lirateke puntako autoa edukitzeko.

18 urte zenituenetik jardun duzu auto lasterketetan lehiatzen. Erretiroak ba al dauka datarik?

Jende asko ari zait adarra jotzen erretiratzeko: ez dakit zer, badakit zer, semeari lagatzeko autoa... Baina ahaleginduko naiz ahalik eta beranduen uzten.

39 urte txapelketetan eta ia beti auto berarekin. Familiakoa bihurtu da?

Nirekin 31 urte doa, baina nirekin. Aurretik beste 10-12 urte bazeuzkan. Orduan, zarata arraro batzuk entzunez gero badakit non diren. Baina orain, gazte bati, adibidez, nire semeari, auto hori lagatzea atzerapauso bat ematea izango litzateke. Min hartzeko arriskua dauka. Zaldiak ditu motorrak, auto azkarra da, baina gidatzeko baldar samarra da. Ez dauzka auto modernoek dituzten laguntzak: frenoak, segurtasuna, eta abar. Nekezagoa da gidatzeko oraingo autoak baino. Semea badakit desiratzen dagoela, baina ez da auto honekin izango, beste batekin izan beharko du.

Lasterketak asko aldatu al dira hasi zinenetik gaur egunera?

Lehen, berdintasun handiagoa zegoen lehiakideen artean. Dozena erdi izango ginen eta dozena erdiak baldintza beretan lehiatzen ginen. Orain, dirua daukanak auto bikaina ekartzen du, eta jarraitu iezaiozu posible baduzu. Guk beti segi dugu linea berean, automobil berarekin. Ez da horren nekeza auto berarekin lehiatzea, baina orain diru kontua da. Gehien daukanak autorik onena du.

Orduan, lehiaketa bera aldatu da?

Dena. Lehen, etxean zeneukan autoarekin jarduten zenuen lasterketetan, ahalik eta ondoen lehiatzen. Horrela egiten genuen lehen. Beti zegoen norbait automobil hobearekin, baina ez gaur egun bezala. Orain, hiru edo lau pertsona daude bitarteko hobeekin, eta birrindu egiten dute. Ezin baldin badute irabazi, auto berria erosten dute.

Errepideen egoerak hobera egin du urteen joanean?

Gorla 1993an asfaltatu genuen, Udalarekin eta Diputazioarekin. Harrezkero, inork ez du xentimorik erabili errepidean. Gainera, txapelketako errepide askok, Udanak, Gatzagak, Sollubek izugarrizko joan-etorria izaten dute egunero. Denek asfaltoa gastatuta daukate. Oso labainkorrak dira. Mantentzeko ez da ezer egiten, edo oso gutxi.

Garatu al da Euskadiko Mendi Igoera Txapelketa? Lasterketa kopuruak izan du gorabeherarik?

12 edo 14 karrera izan zituen urteekin akordatzen naiz, baita bost izan zituenekin ere. Orain, zazpi eta hamar artean gabiltza azkeneko 20 urteetan. Behera ez doa. Jendeak gogoa dauka; gazteek, gehienbat. Normala den bezala. Bitarteko handirik ez dago. Diru bultzakadatxo bat falta zaio gidariek auto hobeak ekartzeko, edo auto normalagoekin ibiltzeko. Lehen, konformatzen ginen auto eskas batekin. Oraingo gazte jendeak nahi du onena hasieratik: 6 zilindro baino 8 badauka hobeto, edo 1.000 kilo beharrean 500 badauka. Baina ezin zara motorra gidatzen ikasteko Harley Davidson batekin hasi. Mobylette bat hartu behar duzu, eta horrekin ibili, poliki, goraino heldu arte. Gaurko gazte jendeak gura du zuzenean onenari heldu. Nekeza eta arriskutsua da hori.

Belaunaldien arteko erreleboa emanda al dago autoen munduan?

Bai, baina ibilbidea falta zaie. Auto txiki batekin hasten bazara, zuk apurtzen duzu eta konpondu. Gaurko helburua da auto on bat ekartzea. Ez hutsetik hasi, bostetik hasi eta bost urte aurreztu. Hutsegite bat da. Txikitik ikasten duzu ea nondik apurtu daitekeen, tentuz gidatzen duzu. Potentzia daukan auto batekin baino gehiago frogatu behar duzu. Bestela, azeleragailua sakatu eta kito. Ikasteko hobeto da auto eskas batekin, eta gauza asko ikasten dira.

"Lehen, auto eskas batekin hasten ginen; Oraingo gazteak onena nahi du hasieratik"

Ez da merkea izango auto berri bat erosi ahal izatea…

Diru mordoa balio dute. Gainera, ez daukagu laguntza askorik; ez, behintzat, beste kirol askotan beste. Daukagunaz ezin naiz kexatu. Dena den, gehiago beharko litzateke puntako auto bat izateko eta zuk ere zure burua lasai izateko. Aste guztia mekanikaria izaten naiz eta aste bukaeretan mekanikaria eta gidaria.

Mekanikaria izatea beharrezkoa al da auto lasterketetan aritzeko?

Beharrezkoa, ez. Gidari mordo bat daude badakitenak eta beste mordo bat ez dakitenak. Niretzako, futboleko zapatila gabe futbolean jokatzera joatea bezala da. Komeni da denean esperientzia izatea.

Zela ikusten duzu lasterketen etorkizuna?

Azkenengo urte mordoxka gabiltza berdina esaten: hor gaude eta hor segitzen dugu. Aurrekoan, 100 ekipo egon ziren Urbasan lehiatzen. Gu ez ginen joan, ze ez da Euskadiko txapelketa eta autoa ez zegoen bere onenean. Baina imajina zenbat jende: 100 ekipo eta 3-4 pertsona ekipoko; berdina Gorlan eta Solluben, esaterako. Jendea badago. Jendeak badauka lehiatzeko gogoa.

"Lehen, edozein lasterketatan jende piloa zegoen; Gorla marea hutsa zen, sekulakoa"

Ikusleak falta al dira?

Lehengo garaiekin konparatuta, ikusle gutxiago egoten dira. Lehen, edozein lasterketatan jende piloa zegoen. Gorla marea hutsa zen. Sekulakoa zen. Orain, marea horren laurdena falta da. Jendea joaten da, baina osagai guztiak batu behar dira: giro ona egotea eta zubia ez den aste bukaera bat izatea. Kirol guztiak ari dira gero eta makalago, ez dakit zergatik. Ez bakarrik gurean, beste 30 kiroletan ere bai. Zerbait gaizki egiten dugu. Zer? Ez dakit.

Maider Usandizaga eta Enrique Barrenetxea-Arando.

Beste batzuk ere aurre-aurrean

Eskualdeko beste hainbat gidarik parte hartu dute Euskadiko auto txapelketetan. Eta beste hiruren kasua da nabarmena, hiru horiek ere sariak eskuratu dituztelako: Aitor Fernandez de Arroiabe eskoriatzarra lehenengo gelditu da mendiko Igoera txapelketan formula librean; lehen postua eskuratu du Alaitz Urkiola antzuolarrak rallyan eta rallysprintean kopilotu; eta bigarren Maider Usandizaga oñatiarra rallysprintean kopilotu.

Ia ausaz bukatu zuen Fernandez de Arroiabek auto lasterketetan parte hartzen. 26 urteko eskoriatzarrak, berez, ez zeukan asmorik 2016an auto bat hartu eta aldapan gora abiatzeko.

Pareko autoa suertatu zitzaion aukeran, ordea. "Apur bat ibiltzeko erosi nuen. Karreraren bat edo egin eta gero saltzeko", azaldu du pilotuak. Gaur arte iraun dio autoak.

Aurrez ere, lagunak ibiltzen ziren lasterketetan parte hartzen eta hala pasa ditu azken lau urteak, parte hartzen, baina lehiatu gabe. Aurten, hala ere, txapelketa guztia egitea erabaki zuen, eta lehen postua izan da emaitza. Alde galanta igarri du, dena den, lehiatzeko aritzearen eta gozatzeko aritzearen artean. "Irabazi nahi baduzu, lan gehiago hartu behar dituzu: autoa beti prest eta egoera onenean izan, bideak ikasi... Presioa ere beste bat da".
Hurrengo urtean ez dago ziur lehiatuko ote den. Ez du baztertzen, dena den, parte hartuko duenik. "Seguru, Gatzagako igoera egingo dut. Gero, ikusiko dut ea berotzen naizen lehiatzeko".

Hurrengo pausoari begira

Alaitz Urkiolak ere makina bat urte darama autoarekin bueltaka. Egun, 25 urte ditu, baina 16rekin hasi zen kopilotu lanetan. Helburua garbi zeukaten aurtengo kurtsoari begira Aingeru Castro pilotuak eta berak: rallya eta rallysprinta irabaztea. Azken hiru esprint txapelketak jarraian eskuratuak zituzten, baina biak batera inoiz ez. Aurten ezarri dute marka berria.

"Guk uste baino hobeto joan da denboraldia", nabarmendu du antzuolarrak. "Lehenengo lasterketak irabazten hasi ginen. Ez genuen espero".

Oraindik ez dira bi modalitateetako karrerak bukatu. Igande honetan jokatuko da rallysprinteko azken lasterketa, Ugaon, Bizkaian, eta azaroan rallyarena. Urkiolak, jada, esku artean du kopilotuen txapela, ikusteko dago oraindik Castrok lortuko ote duen.

Hala ere, etorkizunari begira jarrita daude jada, edo, hobeto esanda, kanpora begira jarrita daude jada. Euskadiko txapelketan maila batera iritsi direla iruditzen zaie, eta ezin dutela hobetu. "Kanpoan beste batzuen aurka lehiatu nahi dugu eta zein mailatan gauden ikusi", argitu du antzuolarrak. Aurrekontuak lortuz gero Espainiako txapelketan parte hartuko dute.

Ikastea bera helburu

Bigarren postua lortu du Maider Usandizagak rallysprintean kopilotu. Baina ez bigarren, ez lehenengo gelditzea ez ziren urteko helburu. Izan ere, pilotu batekin baino gehiagoren jardun du 22 urteko oñatiarrak. "Lasterketa bakoitzean ikasten duzu zer edo zer, kilometroak egiteak eta jende ezberdinarekin aritzeak eskaintzen dizu hori". 2015ean hasi zen kopilotu lanetan, baina beti pilotu berarekin. Hurrengo urterako, rallyan baina lurreko pistetan ibiliko den pilotu bat aurkitu nahi du, aukeran nahiago luke-eta asfaltoan baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak