Eskuinak gora egitearen beldur

Eneko Azurmendi 2019ko aza. 2a, 12:27

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 10ean, baina ze emaitza utziko dituzte? Zeintzuk izango dira inbestidurara begirako akordio eta abstentzio posibleak? Hainbat iritzi batu ditu GOIENAk galdera hauei erantzuteko.

Isabel Salud, Elkarrekin Podemoseko diputatu izandakoa Espainiako Kongresuan; Lourdes Idoiaga, Oñatiko alkate eta zinegotzi izandakoa EAJrekin; Rafael Gomez, Arrasateko Udalean zinegotzi sozialista izandakoa; eta Xabier Zubizarreta Txiron, ezker abertzalearekin Arrasateko alkate izandakoa. Lau ahots ezberdin, Espainiako hauteskunde orokorrek eman dezaketena hizpide hartuta.

Apirilaren 28ko emaitzekin alderatuta, ez dute uste emaitzak askorik aldatuko direnik oraingoan, baina eskuinaren eta eskuin muturraren gorakadaren beldur dira. "Une hauetan egoera zaila da, eta eskuinak irabazteko arriskua hor dago, eskuin muturrarekin batera. Frankismotik datorren jendeari buruz ari gara, eta Franco hobitik ateratzean ikusi dugu nola azaleratu duten hori. Beraz, demokraziarentzako benetako arrisku baten aurrean gaude", azaldu du Saludek.

Era berean, Idoiagak ere beldur hori azaldu du. "PPren eta Voxen gorakadak eta Unidas Podemosen jaitsierak arriskua ekarriko duen beldur naiz. Apirileko emaitzen ostean egon den aukera galdu eta eskuinera okertzen den Gobernu bat egongo ote den ere beldur naiz, euskal gizartearendako guztiz okerra izango litzatekeelako", dio.

Kataluniako egoerak eskuinari mesede egingo diola uste du Gomezek: "Kataluniarekiko jarrera horrekin Kataluniakoak ez diren herritar asko irabazten ari da eskuina. Pena da, baina halaxe da".

Txiron-ek, azkenik, eskuina Gobernura ez iristea lehenetsi du. "Garrantzia ematen diot Espainiako eskuindarrak Gobernura ez iristeari, euskaldunoi kalterik eta arazorik handienak haiek sortuko lizkiguketelako".

Hego Euskal Herrian, antzerako emaitzak espero dituzte

Gomezen arabera, Hego Euskal Herrian ere gauzak ez dira askorik aldatuko. "Gauzak oso definituta daude hemen; agian, diputatu batek egin dezake gora edo behera, baina sorpresa handia hartuko nuke EAJk edo PSOEk bost diputatu gehiago edo gutxiago lortuko balituzte".

Nafarroan Bel Pozueta diputatu izateko aukera ikusten du Txiron-ek. "Apirilean oso gutxigatik ez zuen lortu, eta emakume hori hautatua izatea inportantea izango litzateke euskaldunontzat". Horrez gain, Araban EH Bilduk PPri kendu zion diputatua mantentzea ere inportantea izango dela dio.

Azken horrekin bat egin du Idoiagak, eta zera gehitu du: "EAJk, guztira, diputatu bat gehiago lortuko balu, ni gustura".

Saludek ohartarazi du Espainia eta baita Euskadi ere "atzera" egiten ari direla eskubide sozialei, ongizateari eta erosahalmenari dagokienez. "Ezinbestekoa izango da jendea bozkatzera joatea eta parte-hartzea handitzea, ekonomia herritarren gehiengoaren zerbitzura jarri ahal izateko", azaldu du.

Akordio posibleak, zail

Inkesta gehienek esaten dutenaren arabera, PSOEk irabaziko ditu azaroaren 10eko bozak. Hori hala izanda ere, gehiengo absoluturik ez du izango, ia seguru, eta babesak beharko ditu inbestiduran. Balizko akordio horiei dagokienez, Idoiagak dio Euskal Herriarendako onena izango litzatekeela apirileko emaitzak eta Gobernua osatzeko aukera horiek errepikatzea. "PSOEk eta Unidas Podemosek akordio bat lortzea, eta kataluniarren eta euskaldun abertzaleen babesarekin aurrera egitea. Hala ere, ez naiz ausartzen Gobernu progresista izango den edo ez esatera".

Gomezek, berriz, azpimarratu du indar nazionalistek paper inportantea jokatuko dutela inbestiduran. "ERCk, esaterako, nahiko aldatu du diskurtsoa eta ezkerreko Gobernu horretan kolaboratzeko aukera ikusi du. Horrez gain, Pablo Iglesiasek, azkenean, Sanchez babestuko duela uste dut, eta Iñigo Errejonek ere bai. Beraz, espero dut Sanchez presidente ikustea, nazionalisten babesarekin, eta eduki ditzaketen diferentziak joango dira konpontzen legealdian zehar".

Saludek adierazi du "oso zaila" egiten zaiola aurreikustea ze akordio egongo diren inbestidurarako. "Aurrekoan akordiorik ez bazen egon, sozialisten borondate faltagatik izan zen. Posible da panorama errepikatzea eta Sanchezek behar izatea Unidas Podemosen eta indar subiranisten babesa. Gobernu progresista bat osatzeko aukera ematen bada, guk norabide horretan lan egingo dugu, gure benetako nahia hori delako, gaur egungo politikak aldatzea. Baina benetan egon behar da borondate hori".

Txiron-ek, azkenik, orain artekoa errepikatzeko aukera handiak ikusten ditu. "Lehengo antzera ibiliko direla iruditzen zait, eta askoz ere aukera gehiago ez ditut ikusten, gainera".

Indar subiranisten babesik bai?

"Zalantzarik gabe", ezkerreko indarren eta indar subiranisten beharra edukiko du Sanchezek inbestidurarako, EAJko kidearen esanetan. "Hala ere, apiriletik hona gauza asko gertatu dira Katalunian, eta segun eta zer agintzen duen, zaildu egingo zaizkio babesak. Beraz, lehen baino askoz ere zalantza gehiago ditut. Panorama okerragoa ez izateagatik, agian, babestuko dute Sanchez, baina meritu asko ez ditu egin azkenaldian".

Txiron-ek dio Espainian independentismoaren kontrako posizioa "oso garbia" dela eta hauteskundeak errepikatuko badira, izan litekeela, neurri batean, indar subiranistekiko dependentzia zeukatelako. "Nik uste dut euskaldunoi bide bat zabaltzen zaigula berriro gure aukerei eusteko, baita galiziarrei eta kataluniarrei ere. Izan ere, nazio txiki hauen askatasuna ezkerreko bide batetik lortu daiteke soilik. Beraz, indar hauen babesa izatea PSOEren esku dago, hein handi batean".

Bozkatzera joateko deia

Kontuak kontu, azaroaren 10ean botoa ematearen garrantzia azpimarratu dute guztiek. "Herritarrok hainbeste hauteskunderekin nekatuta gauden arren, uste dut botoa eman behar dugula guztiok, eskuinak goberna ez dezan", azaldu du Gomezek, eta Saludek ere bat egin du. "Garrantzitsua da etxean ez geratzea, horrek eragingo duen gauza bakarra izango delako eskuinak eta eskuin muturrak gobernatzea", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak