Aitor Madinabeitia: "Lehenengo kanporaketa gainditzea zen helburua"

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 31a, 16:18
Aitor Madinabeitia Goñi, Porton eskuratutako garaikurrekin.

Saioa Arrasate klubeko ordezkaria sei urterekin hasi zen borroka arteak praktikatzen. Karateka arrasatearrak (19 urte) Europako kiokunshin txapelketan zilarrezko domina jantzi berri du, Porton. Finalean Kazakhstango karateka batek hartu zuen mendean, berez legez kanpokoa den kolpe bati esker: "Beste kirol batzuetan bezala, karatean ere epaileek ez dute beti asmatzen. Baina oso gustura nago egindako lanarekin".

Espero zenuen Europako txapelketan finaleraino sailkatzerik?

Egia esateko, ez. Beste torneo batzuetan lehenengo borrokaldian kanpora joan izan naiz, eta Porton helburu nagusia zen lehen kanporaketa gainditzea.

Eta guztira, hiru borrokaldi egin zenituen.

Hori da. Nire kategorian –21 urtez azpikoak, 70 kilotik behera– 12 borrokalari ginen, guztira. Lehenengo kanporaketan zortea izan nuen eta borrokarik egin barik egin nuen aurrera. Hala, nire borrokaldia baino lehenago Poloniako eta Kazakhstango bi karateken arteko borroka ikusi nuen. Kazakhstangoak egin zuen aurrera, eta hura izan behar zen nire lehenengo kontrarioa. Entrenatzaileak eta biok ikusi genuen karateka horrek eskuak asko erabiltzen zituela, kolpe indartsuak ematen zituela, eta gure borrokaldian [bi minutuko konbateak izaten dira] saiatu ginen distantzia asko mantentzen, eta azken 30 segundoetan bere jokoan sartzen. Erabaki ona izan zen.

Lehenengo borrokaldian garrantzitsua izango zen urduritasunari eustea...

Hori da. Lehen kanporaketa zuzenean gainditzea abantaila da, baina nire lehenengo borrokaldian ni urduri nengoen, eta lehenengo kanporaketan esku hartu duenak dagoeneko uxatu ditu urduritasun horiek. Urduri nengoen, bereziki, ondo dakigulako Kazakhstango karatekek ze maila ona duten. Baina, lehenengoz borrokatzen nintzen lurralde horretako karateka baten kontra. Entrenatzaileak –Jon Rodriguez– esan zidan lasai egoteko, beste borrokalaria ere pertsona normala zela, eta nik egin beharreko lana egiten banuen aukerak izango nituela aurrera egiteko. Gainera, txapelketako helburu nagusia lehenengo kanporaketa gainditzea zen.

Aitor Madinabeitia, 21 urtez azpikoen podiumean.

Eta hori, zergatik?

Beste txapelketa batzuetan lehenengo kanporaketan joan izan naizelako kalera, eta hiru hilabetez torneoa prestatzen ibili eta gero ez dakizu horrek ze amorru ematen duen.

Zer-nolakoa izan zen bigarren borrokaldia?

Erabat ezberdina. Israelgo karateka baten kontra neurtu nituen indarrak, eta hark eskuak ez zituen horrenbeste erabiltzen, hankekin zen trebea. Hala, garbi geneukan distantzia motzean jardunez gero, ostikoak saihestuz gero aukerak izango genituela. Gibelean eman nion kolpe batekin min hartu zuen, eta, neurri handian, hor irabazi nuen kanporaketa.

Finalean, berriz, Kazakhstango beste karateka bat izan zenuen zain. 

Bai, eta eskuetan lehenengo borrokaldian kanpoan utzi nuen herrikideak baino indar handiagoa zuen honek, kolpe gogorrak ematen zituen. Hor ere distantzia mantentzen saiatu ginen, hankekin min egiten saiatu ginen, baina borrokaldiko momentu batean barrabiletan eman zidan kolpea, eta erabakigarria izan zen hori. Epaileak erabaki zuen kolpea sabelean izan zela, baina ez, beherago eman zidan. Hala, hemen ere epaileek ez dute beti asmatzen.

Urteko txapelketa garrantzitsuena izan da?

Bai. Hilabete barru Bartzelonan izango dut nazioarteko beste txapelketa bat, baina zilarrezko domina irabazi izanak asko poztu nau.

Danel Izurrategi, Leire Valor eta Daniel Barbero debagoiendarrak ere txapelketan izan ziren. Danel Izurrategik ere, junior mailan, zilarrezko domina irabazi zuen. Argazkian Gasteizko Yin Yan gimnasiko karatekak. Eta tartean daude Debagoieneko Daniel Barbero –ezkerretik lehena–, eta Leire Valor –ezkerretik hirugarrena–. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak