'Puntua' aldizkaria

Anisakisa, arrainen parasitoa

Larraitz Zeberio Lekuona 2019ko urr. 31a, 09:00

Anisakisa. (Iturria: litolandia-litolander)

Askotarikoak dira Puntua aldizkarian astero kaleratzen ditugun edukiak. Kolaboratzaile sare batek eskaintzen digu, gainera, gai konkretu batzuetara adituen eskutik heltzeko aukera. Anisakis parasitoaren gaineko artikulua egin du, esaterako, Iñaki Peña barne-medikuak aste honetan.  Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

Anisakisa zoonosia edo animalien bidez kutsatutako infekzioa da. Ostalari naturalak itsas ugaztunak dira: baleak, itsas txakurrak, itsas lehoiak, izurdeak, mazopak eta mortsak. 

Mundu mailan Japonia da anisakisa zabalduen dagoen herrialdea. Arraina gordinik jateko duten ohiturarekin lotuta dago hori; izan ere, sushiaren zizarea eta bakailaoaren zizarea ere esaten diote anisakisari. Gizakiak kutsatzen gara gordinik dagoen arraina edo gutxi eginda dagoen arraina jaten dugunean. Izokinek, sardinzarrek, bakailaoek, txitxarroek eta txipiroiek transmititzen dute anisakisa, gurean. 

Neurri handi batean, anisakis larbak ikusi egiten dira arrainean. Arrandegietako zein sukaldeetako langile trebatuek antzematen dute. Prebentzio neurri moduan aholkatzen da arraina 70 graduko gutxieneko tenperaturan prestatzea edo arraina 72 orduz izoztuta edukitzea -20 graduko tenperaturan. 

Urdailean edo hesteetan 

Zizareak dituen arraina jan ostean, larbak mukosetan zehar sartzen dira urdailera, eta handik hesteetara. Parasitoa hil egiten da, baina hantura eragiten du. Hantura erreakzioa urdailean eta hesteetan gertatzen da, gehienbat, baina hortik kanpora ere ager daiteke. Sindrome kliniko nagusien artean gaixotasun alergikoa ere badago. 

Anisakisa jan eta berehala, pertsona batzuek azaleko gorritasunak, hazkura eta faringearen hantura garatzen dituzte. Infekzioa urdailean badago, parasitoa jan eta ordubete eta zortzi ordu arteko tartean garatzen da erreakzioa. Sabelaren goiko aldeko min epigastriko akutua, botagura eta okadak eragiten ditu. Aldiz, infekzioa hesteetan badago, prozesua askoz ere motelagoa da, eta eraginak bost eta zazpi egunera agertzen dira. Tripako min larria, sabelaldea puztea, idorreria edo hesteetako buxadura eta beherakoa izan daitezke. Beherakoa, gainera, odolarekin edo mukiekin izaten da. 

Sintoma larriagoak 

Anisakis infekzio baten ondorioz gastroenteritis eosinofilikoa edo enterokolitisa ere gerta daiteke. Apendizitis moduko sindromea ere ager daiteke zona hori kaltetuta baldin badago. 
Larriagoak diren ezaugarriak ere ikus daitezke digestio aparatuan zein bertatik kanpora. Urtikaria ertain batetik bronkoespasmo batera iritsi gaitezke erreakzio alergiko batengatik, kasu larrienetan angioedemara eta shock anafilaktikora iritsi arte. 

Bestelako gaixotasun batzuek antzeko sintomak eta zeinuak erakusten dituzte, hala nola tumoreek, Crohn gaixotasunak, beste parasito-infekzio batzuek –Strongyloides, Ascaris, Toxocara, Ancylostoma– eta bakterio-infekzioek –Yersinia, tuberkulosia...–. 

Diagnostikoa eta tratamendua 

Diagnosia zizareak zuzenean ikusten direnean egin daiteke; gonbitoetan edo gastroskopian, alegia. Eskura dezakegu informazioa odol analisietan ere bai. Beste kasu batzuetan, OTA eskanerraren irudi-proben bitartez izaten da – gazteleraz, TAC–. 

Tratamendua sendagarria izateko fisikoki kendu behar da parasitoa. Okaden, gastroskopiaren edo kirurgiaren bitartez lortzen da. Tratamendu sintomatikoa beharrezkoa da anisakisa ezin dugunean beste modu batera ezabatu, eta botagura, mina zein beherakoa kontrolatzeko. Oso kasu bakanetan iristen dira gaixoak operazio-gelara. Botikei dagokienez, arrakastatsua izan daiteke Albendazola. 

Gure inguruan, Debagoienean, agerpen isolatuak soilik antzeman ditugu azken urteotan, ez baita ohiko gaixotasuna. Bai, ordea, kontuan hartzekoa prebentzioaren arloan.

Egin zaitez bazkide

Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide! Orain, 30 euro bakarrik!!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak