'Erresilientzia erakunde osasuntsuetan' delako topaketa egin dute Kristau Eskolek, Arantzazun

Mireia Bikuña 2019ko urr. 25a, 16:04

'Erresilientzia erakunde osasuntsuetan' delako topaketa, Arantzazun.

Deustuko irakasle Alejandro Amillanok gidatuta Eskola eta baloreak jardunaldiaren baitan egin dute hausnarketa saioa. Topaketan egon dira Bergarako Mariaren Lagundiko eta Oñatiko Elkar Heziko ordezkariak. 

Erresilientzia, zorigaitzeko faktoreen aurrean egoera gainditzeko gaitasuna da, eta hori abiapuntu hartuta "kristau humanismoaren baloreen inguruan" gogoetarako jardunaldia egin dute Arantzazun. "Baloreei buruzko pentsamendurako foro pribilegiatua da. Izan ere, Euskadin beste hezkuntza-eragileek ez daukate horrelakorik; eta  Kristau Eskola osatzen dugun guztion artean, egia bilakatzen ari gara", esan dute antolatzaileek.

Erresilientzia landu daitekeen ezaugarri bat dela esan dute. "Hori garatzen ahalegintzen diren erakundeak dira, gerora, zorigaiztoko gertaeraren bat dutenean ondoen erantzuten dutenak. Erresilientzia ez da ezaugarri genetiko bat. Garatu eta landu egin daiteke. Era berean, nork bere esperientzia erabil dezake beste batzuei laguntzeko. Gaurko topaketa honetatik ideia eta asmo berriak sortu dira. Parte-hartzaileek euren esperientziak kontatu dituzte, eta horrek balioko digu etorkizunera begiratzen", esan du Alejandro Amillanok hitzaldian. 

"Baloreak dira inportanteena"

Eskola eta baloreak izan dituzte hizpide gaurko topaketan. "Pertsonaren lotzen dut zuzenean eskola balorea. Pertsona osotasunean. Pertsonaren giza-baloreak. Hezkuntzan garrantzia handia ematen diogu formazio akademikoari. Egia da. Baina, nire ustez, pertsonaren formazioak egon beharko luke aurretik", esan du parte-hartzaileetako batek.

Era berean, lidergoaren esanahia definitzen ahalegindu dira. "Liderra ez da beste guztien gainetik dagoen pertsona hori. Besteekin lan egiteko gaitasuna duena, baizik. Are gehiago esango nuke: laguntza eskatzeko gaitasuna duen pertsona da liderra. Laguntza emateko eta eskatzeko gaitasuna duena", azpimarratu dute.

Zazpigarren topaketa

Zazpigarrengoz egin dute hezkuntzari eta pentsamenduari buruzko foroa Kristau Eskolek. Bide horretatik lanean jarraitu gura dute. "Baloreen gainean egiten dugun hausnarketa foroa da. Gainera, askotariko iritziak ezagutzeko aukera  izan dugu. Ostean, hemen jaso dugun hori ikastetxeetara eramango dugu, besteekin partekatzeko", esan du Mikel Ormazabal irakasleak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak