Barne gatazkak konpondu guran

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 25a, 12:08

Gaurko deituak zituzten hauteskunde primarioak Eusko Alkartasunan; hauteskunde batzordeak, halere, baliogabe utzi du Maiorga Ramirezen hautagaitza; hori dela eta, ezustekorik ezean, astelehenean Eba Blanco izendatuko dute EAko idazkari nagusi.

Hamar urtez EAko idazkari nagusi izan zen Pello Urizar arrasatearrak ekainean dimititu ostean, alderdiak hauteskunde primarioetarako prozesua martxan jarri zuen berehala; eztabaidak eta gatazkak ekarri dituen prozesua, hain zuzen.

Agerikoak dira bi sektoreen arteko diferentziak, eta horren erakusle da sektore kritikoak pasa den zapatuan Donostian eginiko agerraldia. Esther Larrañaga arrasatearrak, sektore kritikoko ordezkariak, dio ez dela benetako prozesua izan. "Gure postura argitu gura izan genuen Donostian, modu partekatuan. Izan ere, jendetza batu zen, gure aldarrikapenekin bat egiteko. Guk aldarrikatzen duguna da primarioetako prozesua benetakoa izan dadila. Modu horretan, aukera izango genuke proiektuaren inguruan eztabaidatzeko eta proiektuen artean aukeratzeko. Guztion bozken bidez idazkari nagusia aukeratzea, hori da nahi duguna".

Maider Otamendi: "Zailtasunak eta oztopoak egon direla diote, baina hori aitzakia hutsa da, araudia garbia da"

Maider Otamendi eskoriatzarrak, sektore ofizialeko ordezkariak, erantzun du esanez hautagaitza batek ez dituela bete barne araudiak markatzen dituen hainbat irizpide. "Primarioak egiteko araudian jasota datorren moduan, 50 abal aurkeztu behar dira orotara, eta herrialde bakoitzetik gutxienez bost abal. Azken hori ez dutenez bete, hautagaitza baliogabetuta geratu da. Zailtasunak eta oztopoak egon direla diote, baina hori aitzakia hutsa da, araudia garbia da", azaldu du.

Abalen gatazka

Larrañagak azpimarratu gura izan du estatutuak "bihurritu" egin direla, primarioetako prozesua bertan behera uzteko asmoarekin, eta batutako abal kopurua ez dela aintzat hartu. "Planteatzen dugu eztabaida garden bat izatea, eta aukera berekin. Ezin dena da guztia bihurritu eta bertan behera utzi. Onartezina da aitzakia horrekin, prozesuaren forma akats baten ondorioz, hain zuzen, afiliazioari erabakitzeko eskubide hori ukatzea. Agerian geratu da primarioetako prozesu hau ez dela benetakoa izan, eta ez dakit zergatik, baina ez da benetakoa izatea gura izan".

Esther Larrañaga: "Prozesuaren forma akats baten ondorioz ezin zaio afiliazioari erabakitzeko eskubidea ukatu"

Batutako abal kopuruan egon den diferentziari dagokionez, Otamendik gaineratu du "tontakeria" bat dela. "Araudiak dio gutxienez 50 abal aurkeztu behar direla. Ebak, gura izanez gero, 500 ere lortu zitzakeen, baina ez zegoen beharrik. Badaezpada, 60 aurkeztu zituen, bakarren bat baliogabetu ziezaioketelako, arrazoi ezberdinengatik. Horrelako esanda, badirudi hautagaitza batek askoz ere babes handiagoa duela besteak baino, eta hori ez da hala".

EH Bildun izan beharreko rolaz

Bi aldeen arteko diferentzia nagusiaren eragile nagusia da alderdiak EH Bilduren barruan jokatu beharreko rola, nahiz eta bi sektoreak koalizioan jarraitzearen aldekoak diren. Sektore ofizialak orain arte moduan jarraitu gura du. "EH Bildu Eusko Alkartasuna ere bada. Bilduren sorreran EA zegoen eta gaur egun ere EH Bilduren parte da EA. Hasieran, apustu bat egin zen, koalizio forma baten aldekoa. Hori eboluzionatzen joan da, eta EH Bildu osatzen dugun alderdi eta norbanakook ere eboluzionatu dugu. Finean, koalizioa gorpuztu eta egituratu egin dugu guztion artean, eta guk ikusten dugu EAk koalizio barruan orain arte jokatu duen paper hori mantendu egin beharko litzatekeela aurrerantzean ere", dio Otamendik.

Maider Otamendi: "EH Bildu gorpuztu eta egituratu egin dugu guztion artean"

Ildo kritikoak, berriz, uste du alderdiaren ahotsa gehiago hartu beharko litzatekeela kontuan, argudiatuz EA "urtzen" ari dela EH Bilduren baitan. "Aniztasuna defendatzen dugu. Gaur egun, EAren ahotsa urtu egin da koalizioaren barruan eta gehiago urtzeko arriskua ikusten dugu. Aniztasunak mesede egiten dio EH Bilduri, eta uste dugu koalizioaren esparrua zabaldu egin behar dela, baina Eusko Alkartasunaren eta sozialdemokraziaren ahotsa ezinbestekoa izanik. Koalizioa indartuko da EA indartzen den eta gure ahotsa kontuan hartzen den heinean. Beraz, uste dugu gure ahotsa indartu egin behar dela EH Bilduren baitan", dio Larrañagak.

Esther Larrañaga: "EAren ahotsa indartu egin behar da EH Bildun"

Eba Blanco, idazkari nagusi

Gaur, egubakoitza, ziren egitekoak hauteskunde primarioak, baina azkenean ez dituzte egingo, hauteskunde batzordeak baliogabe utzi duelako Maiorga Ramirezen hautagaitza. Hori hala izanik, Eba Blanco da idazkari nagusi izateko hautagai bakarra, eta araudian jasota dagoenez, hautagaitza bakarra egongo balitz, hautagai hori izendatuko lukete idazkari nagusi epeak amaitzerakoan –urriaren 28an bukatzen da–.

Ramirezek errekurtsoa aurkeztu du asteon, baina hori ere ukatu egin diote. Izan ere, ebazpenak garbi dio hautagai bakarra dagoela. Beraz, ezustekorik ezean, Blanco izango da EAko izakari nagusi berria. "Atzeko atetik hartuko du kargua eta, gainera, oraindik ez dakigu zein den bere proiektua ere. Egoera honetan pertsona batek ardura hori hartzea ez da logikoa", dio Larrañagak. "Ez dut ulertzen pertsona bat idazkari nagusi izateko aurkeztu behar bada, ez ezagutzea herrialde bakoitzean babesa azalduko dioten bost pertsona gutxienez", gaineratu du Otamendik.

Akordio batera iristea helburu

Adostasunak bilatzerako orduan, borondatea behar dela dio eskoriatzarrak. "Eba Blanco oso ondo ezagutzen dut, harreman sendoa daukagu. Beti izan da elkarrizketaren aldekoa, zubiak eraikitzearen aldekoa, eta oraingoan ere dauden aukera guztiak baliatuko ditu adostasun batera heltzeko. Ziurtatu dezaket Ebaren partetik borondate guztia egongo dela, baina adostasuna lortzeko beste aldearen borondatea ere behar da".

Larrañagak ere uste du adostasun batera heltzea beharrezkoa dela. "Guretzako oso tristea da bizi dugun egoera, baina ziur naiz guztion artean gai izango garela egoera honi konponbide bat emateko. Alderdi berekoak izanda ez badugu adostasun batera heltzeko borondaterik izaten, jai dugu. Eser gaitezen, eta eztabaidatu dezagun", nabarmendu du.

"Indarra galduz" doan alderdia

Mikel Irizar analista politikoak dionez, EAren krisia "luzea" da. "Zatiketak egon dira aurretik, eta orain ikusten da beste zatiketa baterako arriskua. Eusko Alkartasunaren sorrera oso esanguratsua izan zen, eta faktore garrantzitsu batzuk izan ziren alderdiaren sorrera eragin zutenak: esaterako, EAJren krisi handi hura, lurralde historikoen eta Arzalluzen eta Garaikoetxearen lidergoen baitan. Gerora, EH Bilduren eta polo soberanistaren baitan, ekarpen garrantzitsua egin zuen Pello Urizarren gidaritzapean, hain zuzen ere, ezker abertzaleak bazituelako berezko muga batzuk esparru naturaletik harago iristeko. Rol hori inportantea izan da, baina egun ez dakit zehazki EAren funtzioa zein den".

EH Bildun jokatu beharreko rolean beti egon da eztabaida, Irizarren esanetan. Hamaikabat sortu zenean ere eman zen eztabaida hori, ezker abertzalera gehiegi hurbiltzen ari zirela argudiatuz. Gero, Hamaikabat gehiegi hurbildu zen EAJra, eta hor urtu zen. Orain niri sortzen zaidan galdera da: ez da urtu behar Eusko Alkartasuna? Zein da gaur egun egin dezakeen ekarpen espezifikoa eta berak bakarrik egin dezakeena? Horrendako erantzunik ez daukat. Alderdi baten desagerpena gogorra egiten da, baina EAk galdera hori planteatu beharko luke. Badauka zentzurik guk segitzeak? Hala uste badute, zilegi da, eta jarraitu dezatela. Baina espazio politikoa kontuan hartuta, ez diot proiektu propiorik ikusten", gaineratu du.

Xabier Letona kazetari arrasatearrak ere, hein batean, hala uste du. Geroz eta zalantza handiagokoa da hor EAk ze funtzio betetzen duen EH Bildun. Ikusten da barruan ere oraindik eztabaidatu behar dutela alderdiaren misioa zein den koalizioan. Ez da erraza alderdiaren etorkizuna zein izango den jakitea".

Halaber, uste du EA indarra galduz doala. "Sorreran indar handia eduki bazuen ere, etengabe indarra galtzen joan dela esango nuke, nahiz eta lehenengo hamarkadan eutsi zion txukun. Azken hamarkadetan indarra galtzen doa apurka-apurka, eta argi dago batzuek alderdi moduan berpiztea gura dutela. EAk ikuspegi sozialdemokrata ordezkatu gura du, eta gaur egun sozialdemokrazia hainbat alderditan banatu daiteke Euskal Herrian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak