17:40 aldera abiatu da Donostian, Antiguako tuneletik, Gure Eskuk deituta Kataluniako Procés-aren aurkako epaiaren kontrako manifestazioa. “Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea” izan da manifestazioaren buruan joan den pankartaren leloa, Fermí Rubiraltak, Fermin Muguruzak, Anari Alberdik, Bel Pozuetak, Jule Goikoetxeak, Josu Etxaburuk, Lluis Llachek, Amalur Alvarezek, Carlos Garaikoetxeak, Gema Zabaletak, Xabier Euzkitzek eta Irantzu Perellok eroan dutena. Alderdi politikoei dagokienez EAJko, EH Bilduko eta Ahal Duguko hainbat ordezkari ere izan dira manifestazioan.
Milaka herritarrek egin dute bat mobilizazioarekin, eta Debagoieneko herrietatik ere hainbat autobus irten dira Donostiara. Han izan dira baita ere eskualdean bizi diren hainbat kataluniar. Ikurrinez eta esteladez zipriztindutako manifestazioa izan da, baita askok eta askok soinean eraman dituzten txilibitu horien soinuz ere.
Ekitaldia, Bulebarrean
Bulebarrean izan da manifestazioaren osteko ekitaldi nagusia. Bertan, besteak beste, buruzagi kataluniarrek epaiketan epaiketan egindako testigantzen zati bana irakurri dute. Gure Esku-ko bozeramaile Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk ere hartu dute hitza. "Injustizia erraldoi baten aurrean gaude, benetako justiziarekin zerikusirik ez duen, eta ereduzko izan nahi duen zigor baten aurrean”, esan dute, baita Euskal Herrian eta Katalunian konponbide demokratiko baten beharra dagoela nabarmendu ere. Herritarrei ere zuzendu zaizkie: “Herritarrok sortzeko eta amesteko dugun gaitasuna ere gakoa da garai konplexu hauetan. Jendearen ahalmenean sinisten dugu. Herritarron garaia da. Ahalduntzeko garaia”.
Lluis Llach musikariak, bere aldetik, esan du arazoa ez dela Kataluniako herriarena, ezta independentismoarena ere: "Askatasunen eta demokraziaren arazo bat da". "Sententzia genituen askatasun apurren suntsipena da. Borrokatu egingo dugu" gaineratu du kataluniarrak.
Bertaratutakoek L'estaca abesti ezaguna kantatuz bukatu da ekitaldia.