Bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxe-zigorrak bete beharko dituzte Kataluniako buruzagi independentistek: Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Horrek mota guztietako protesta eta mobilizazioak eragin ditu asteon Katalunian.
Debagoienean ere izan dira Auzitegi Gorenaren sententzia gaitzesteko mobilizazioak. Astelehenean bertan, adibidez, elkarretaratze zaratatsuak egin zituzten bailarako herri guztietan, Leintz Gatzagan izan ezik, Erreferenduma ez da delitua, lelopean, eta ehunka herritar gerturatu ziren agerraldietara.
Atzo, hainbat herritan egin zituzten protesta ekitaldiak. Ikastetxe ezberdinetako hainbat ikaslek, esaterako, geldialdiak egin zituzten egunean zehar.
Lan mundutik ere sententziarekiko desadostasuna agertu dute. Hala, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzeak antolatu dituzte gaurko. Antzuolako, Bergarako, Eskoriatzako eta Oñatiko udaletxe aurrealdeetan 12:00etan egingo dute eta Arrasatekoaren aurrean, 12:15ean. Horrez gain, Arrasateko ospitalean ere egingo dute, 10:30ean. Bestalde, Garay, Arcelor, Elay, Chichurreta eta Polmetasa enpresak protestara batu dira. Oñatiko Errekalde Herri Eskolako irakasle talde batek ere bat egin du deialdiarekin eta 16:30ean elkartuko dira ikastetxearen kanpoaldean.
Bihar Donostian manifestazioa
Gure Esku-k manifestazioa deitu du biharko. Donostian egingo dute, 17:30ean, Antiguako tuneletik abiatuta, Erreferenduma ez da delitua lelopean.
Dinamikak autobusak antolatu ditu hainbat herritatik: Aretxabaletan, 15:45ean irtengo da, Eroski berriko geltokitik –Urbaltz, Dagda eta Gurea tabernetan erosi daitezke txartelak–; Arrasaten, 15:30ean irtengo da, Garibaiko geltokitik –txartelak, Irati tabernan–; Bergaran ere 15:30ean irtengo da, geltokitik –txartelak Pol-pol tabernan eros daitezke–; Eskoriatzan ere ordu berean irtengo da, erdiko geltokitik –txartelak, Inkernun eta Goxo Txikin–; Oñatin, 16:00etan irtengo da autobusa, postetxe pareko geltokitik –txartelak Gure Eskuren lokalean erosi ahal izango dira gaur, 18.00etatik 20.00etara–.
Zer iruditu zaizu sententzia?
Eneida Iturbe, Katalunian bizi den antzuolarra:
"Oso esajeratua da sententzia, eta hemen, nire ingurukoek ere hala ikusten dute. Biolentziarik egon ez den prozesu bat izateko, zigorrak gehiegizkoak dira. Azken finean, gizarteak eskatu diena egiteagatik zigortu dituzte. Herritarrak mentalizatuta zeuden sententzia gogorra izango zela, eta kalera irten dira. Ni, orain, bajan nago, baina nire lankideek esan zidaten ezin izan zirela kontzentratu lanean, eta protesta egiteko antolatu behar zirela. Eta, azkenean, kalera irten ziren mobilizatzera. Horrez gain, gaurko deituta dagoen grebara ere batuko da nik lan egiten dudan kooperatiba".
Aitor Mugarza, Katalunian bizi den oñatiarra:
"Epaiketa hau eta, ondorioz, sententzia existitu ere ez lirateke egin beharko. Gainera, bi urte pasatu behar izan dira injustizia hau sufritzeko eta sententzia honen berri izateko. Estatuak abisua eman nahi izan dio Kataluniari, ohartaraziz modu horretan erantzungo diola mugimendu independentistari. Badirudi hori dela haien modua arazoak konpontzeko. Ezohiko egoera eduki dugu lanean ere, eta eguaztenera arte ezin izan ginen guztiok elkartu, lankide batzuk ez zirelako etorri. Gaurko, greba dago deituta, baina ikasleak ere, adibidez, eguaztenean hasi ziren mobilizatzen".
Jordi Farrerons, Bergaran bizi den kataluniarra:
"Gogorra izan da sententzia, eta gauza asko, ulertezinak. Desobedientziaren bat egongo zen, agian, baina horrenbeste urtetako zigorrak gehiegizkoak dira. Mendeku puntu bat ikusten dut, Estatuak ez duelako onartzen batzuek alde egin nahi izatea. Hala ere, asmo asko egon dira, baina ekintza gutxi, eta zigortzeagatik zigortu dituzte. Guztiz beharrezkoak izan dira mobilizazioak. Ildo horretatik jarraitu behar dugu, irudimena erabiliz eta biolentziarik gabe, baina eraginkorrak izaten, oihartzuna edukitzeko. Azken finean, autodeterminazioa eskubide bat da, eta lortu arte jarraitu egin behar dugu".
Susanna Caminals, Eskoriatzan bizi den kataluniarra:
"Bagenekien zigorra gogorra izango zela, eta kontzientziatuta geunden. Hala ere, espero genuena baino gogorragoa izan da sententzia. Beti daukagu esperantza ulertu gaitzaten, eta ez gaitzaten zigortu. Izan ere, politikariei ezarri zaizkien zigorrak gureak balira bezala hartzen ditugu. Zigor eredugarri bat jarri digute, bide honetatik jarrai ez dezagun. Jende nagusiak, adibidez, tentsio emozionala bizi du, ezin duelako mobilizazioetan parte hartu edo beldurra duelako. Hala ere, sentimendua partekatu egiten dute. Guk ere hemendik ezin dugu askorik egin; horrek kontsumitu egiten gaitu".