Abian da gripearen aurkako txertaketa-kanpaina

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 15a, 07:48

Txertoa jartzeko unea da eta badakizu leloarekin atzo, urriak 14, hasi zuen Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei –diabetesa edo bihotzeko, biriketako eta giltzurrunetako gaixotasunen bat– eta haurdun dauden emakumeei dago zuzendua bereziki.

Kanpainaren hasieran azpimarratu du Nekane Murga Osasun sailburuak txertoa "segurua eta eraginkorra" dela, eta gripearen aurrean dagoen "prebentzio-neurri onena". Hala, datozen sei asteetan, arriskutzat jotzen diren taldeek txertoa hartu ahal izango dute osasun etxeetan, gripearen ondorioz etor daitezkeen konplikazioak prebenitzeko.

Iaz 373.878 txerto

Gripeak urritik apirilera bitartean duela indarrik gehien azpimarratu du Osasun Sailak. Eta iazko datuak gogorarazi ditu: 1.662 pertsona izan ziren ospitaleratuak, eta, haietatik, 435 larri egon ziren; gainera, 79 pertsona hil egin ziren. Era berean adierazi du, 2018ko gripearen aurkako kanpainan, guztira 373.878 dosi eman zirela, aurreko urtean baino 1.935 txerto gehiago. Haietatik, guztira 285.335 txerto (%76), 65 urteko edo goragoko adin-taldean eman zen.

Maskara euskarriak eskura

Kanpaina honetarako, Osasun Sailak 400.000 dosi baino gehiago eskuratu dituela jakinarazi du: "Kopuru hori handitu daiteke, beharrezkoa bada. Horretarako, 1,4 milioi euro inbertituko dira, aurreko kanpainan baino % 16 gehiago". Berritasunen artean daude maskara euskarriak; ospitaleetako Larrialdien eta Etengabeko Arreta Guneen itxarongelatan jarriko dituzte horiek gaixotasunaren transmisioa eteteko –aurrerago osasun-zentroetako itxarongeletan ere jarriko dituztela adierazi dute–. Eta biztanleei gogoraraziko diete zein garrantzia duen maskara erabiltzeak eta eskuetako higieneak. 

Horrez gain, ESIek kontingentzia-plan berezia dute, gripeak ekar dezakeen asistentzia-eskariaren igoerari behin-behinean erantzuteko.

Arrasaten non hartu

Txertoa hartzeko lekuak eta orduak:

  • Anbulatorioan, astelehenetik egubakoitzera, aurretik txanda hartuta.
  • Zaharren egoitzatan (12:00etatik 13:00etara):
    • Urriak 17 (eguena): San Andres-Etxaluze eraikuntza
    • Urriak 18 (egubakoitza): Santamaina
    • Urriak 21 (astelehena): Musakola
    • Urriak 22 (martitzena): Uribarri
  • Etxean dauden ezinduak norberaren medikuarekin edo erizainarekin harremanetan jar daitezke txertoa etxean jartzeko.

Aramaion

Aramaion kontsultategira joan behar da astelehenetik egubakoitzera bitartean (09:00etatik 13:00etara). 65 urtetik gorakoak zuzenean joan daitezke, bolanterik gabe.

Etxean dauden ezinduak medikuarekin edo erizainarekin harremanetan jar daitezke txertoa etxean hartzeko.

Aretxabaletan eta Eskoriatzan

Txertoa hartzera deituta dauden taldeetako kideei –65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdun dauden emakumeak– osasun etxean jarriko diete; horretarako aurrez hartu behar da txanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak