Kolore askotariko saioek argituko dute udazkena

Aitor Agiriano Arrese 2019ko urr. 12a, 10:30

Ohiko saioak, berriak, atal berritzaileak, herritarrak protagonista izango dituzten eduki freskoak, albiste direnak, gertakariak... guztiak, gertutik eta barrutik landutako ikus-entzunezkoez osatutako programazioarekin dator Goiena udazkena epeltzera.

Bertakoa, berritua, freskoa, zurea, debagoiendarrak protagonista izango dituen saio berritu eta berriekin prest da Goiena telebista udazkenerako. Kolore askotariko edukiek osatuko dute datorren programazioa: kirola, gizartea, kultura, ekonomia, euskara, ingurumena, osasuna... guztiek edukiko dute lekua albiste, elkarrizketa, eztabaida, erreportaje edota saio berezietan.

Ohiko informazio tartea eskaintzen segituko du: eguneroko gertaerak jasoz Albisteak saioak eta kirolak emandakoaren errepasoa eskainiko du Harmailatik-ek astelehenero. Herri ordezkariekin elkarrizketak eta eztabaidak ere eskura izango dira, hamabostean behin, herritarren ahotan pil-pilean dauden gaien gainean, Harira elkarrizketa eta Harira eztabaida saioetan.

Bestetik, herritarren interesekoak diren kontuen gaineko informazio zabala ere eskaintzen segituko du egunero Goienak ekoizten duen ordubeteko magazinak: Hemen Debagoiena-k. Azken honek, gainera, berrikuntza ugari estreinatuko ditu, asteroko maiztasuna izango duten tarte berriekin: eraikinen dekorazioaren gaineko erreportajeak; tribial moduan hainbat gairen inguruan jokoan jarriko ditu herritarrak; eta Euskal Herritik kanpo bizi diren debagoiendarrekin ere Skype konexioak egingo dira; hala, beraien ahotik lekuan lekuko hainbat bizipen entzun eta ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Horiez gain, beti izaten gara zeru aldera begira, ea zer eguraldi egingo ote duen begira, eta, askotan, hainbat klik ezberdinetan jasotzen ditugu eguraldiak dakartzan paisaia ederrak. Horiek guztiak jaso nahi ditu saioak, herritarren eskutik, eta argazkiak bidaltzen dituzten guztien artean sariak zozkatuko dira hilero. Hasteko, Errigora saskiak; eta, asteburura begirako eguraldi iragarpena ere berreskuratuko du saioak.

Debagoienean kokatutako erreportaje bereziak ere prest ditu telebistak. Gertuko gaiak sakon landuta, protagonisten ahotik. Denboraldi berrian, honako hauek ikusi ahal izango dira: Debagoiena eskualde batua eta Ndank Ndank Senegalera, besteak beste.

Entretenimendu formatuekin gozarazteko aukera ere badakar denboraldiak: Elkarrizkettap, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019, Huhezinema eta Jaiak. Horiez guztiez gain, oroitzapen kutxa irekita, 90eko hamarkadako irudiak gogora ekarriko dizkigun Hala bazan saioa estreinatuko da aurki. Arrasate Telebistako artxiboan arakatzen hasi, eta astero gai konkretu baten inguruan orain dela urte batzuetako irudiak, kirola, kultura, jaiak eta debagoiendarrak nola aldatu diren ezagutzera emango ditu, besteak beste. Nor daki, agian, zeu ere agertuko zara orain urte batzuetako kontuetan barrena.

Goiena, 25. kanalera

Bestetik, 5G teknologiari espazioa uzteko eta banden eta frekuentzian erabilera eraginkorragoa izateko, toki hedabideek eta kate nazionaleko hainbat telebistak katez aldatu behar izango dute 2020 hasieran. Hala, hainbat telebista ikusten jarraitu ahal izateko, aldaketa edo egokitzapen batzuk egin beharko dira: etxebizitza indibidualetan, telebista berriz sintonizatuta nahiko izango da; antena kolektiboak dauden eraikinetan, berriz, komeni da antenistarekin harremanetan jartzea, antena egokitu beharko da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak