Hainbat Liga, Superliga, Superkopa eta Erreginaren Kopa irabazi ditu; Espainiako selekzioarekin jokatu du –16 urte zituela deitu zuten lehen aldiz–, eta Txapeldunen Ligan ere aritu da. 2013an heldu zen Athleticera, azken urtea egitera, baina talde zurigorrian ezinbesteko jokalari bilakatu da eta zazpigarren denboraldiari ekin dio. Txapelketako beteranoena izanda ere, iaz, ligan, minutu gehien jokatu zuen jokalaria izan zen. Partidu guztiak jokatu zituen.
Datu ikusgarrien errepasoa eginda, futboletik haragoko Vanesa Gimbert ezagutu gurako bagenu?
Bada, ez da horren erraza, nire bizitza futbolari oso lotuta dago eta. Futbolerako bizi naiz, nire lagunak futbolaren bueltan ezagutu ditut, eta entrenamenduen eta partiduen arabera antolatzen dut bizitza pertsonala… Aste barruan Lezaman zortzi ordu egiten ditugu, eta arratsaldean etxera –Bergarara– etortzen naizenean lasai egotea gustatzen zait, errekaduren bat egin… Ez naiz kalean ibiltzekoa. Uste dut horregatik ez dudala erretiratu gura, bizitza futbolaren bueltan antolatuta daukadalako; kar, kar, kar.
Bergaran jaio, baina 13 urterekin Kordobara joan zinen aitarekin.
Bai; gurasoak gazte zirenean etorri ziren Bergarara, eta bertan ezagutu zuten elkar. Ama Extremadurakoa da eta aita Kordobakoa, eta lau ahizpak Bergaran jaio ginen. Bada, 13 urte nituela, ahizpa txikiena eta biok aitarekin Kordobara bueltatu ginen, lan kontuak tarteko, eta ahizpa nagusiak Bergaran geratu ziren, ordurako ikasketak-eta bizitza bera bideratuago zuten eta.
Ez zen erabaki erraza izango.
Ez, inondik inora. Kordoban, herri txiki batean bizi ginen, herrixka bat zen. Noski, udan joaten ginenean, ederto ibiltzen ginen han. Kataluniatik jendea etortzen zen, Euskal Herritik… Egun osoa kalean ematen genuen jolasten, baina neguan, han ez zen inor geratzen… Adin horrekin Bergarako oroitzapenak ere oso onak ditut, San Martingo jolaslekuan hasi nintzen futbolean, eguerdietan bazkaltzera joan aurreko tarteak aprobetxatzen nituen futbolean jokatzeko, eta arratsaldean beste horrenbeste. Kuriosoa da, etxean ez zegoen-eta futbolerako halako zaletasunik.
Futbola lagungarri izan zen Kordoban egoera berrira moldatzeko?
Ez pentsa, inguruan ez zegoen emakumezkoen futbol talderik, eta lehenengo urtean saskibaloian jardun nuen, La Carlotako taldean, nahiz eta ni oso konforme egon ez. Asteburuetan, berriz, herriko mutilekin jokatzen nuen futbolean.
Zelan hasi zinen, baina, Montilla futbol taldean?
Behin, herriko kirol dendara joan nintzen futboleko botak erostera, eta bertako dendariak esan zidan botak lasai eramateko etxera, anaiak proba zitzan. Niretako zirela esan nionean, harritu egin zen; kar, kar, kar. Eta esan zidan bere senarrak Montillan jokatzen zuela futbolean, hirugarren mailan, eta bertan bazutela emakumezkoen taldea. Bada, hor hasi zen nire futbol ibilbidea.
"EUSKAL HERRIA KOPAN IKUSI DUGU REALA ONDO LANDUTAKO TALDEA DELA"
Aitak ere zerikusi handia izan zuen zuk futbolean jokatu ahal izateko.
Bai; lehen aipatu moduan, hasieran, dendako langilearen senarrarekin joaten nintzen Montillara entrenatzera, baina hark futbola utzi zuenean aitak eramaten ninduen autoz; gizajoak laneko arropak kentzeko ere ez zuen izaten astirik; kar, kar, kar. Berrogeita hamar kilometro inguru egongo dira La Carlotatik Montillara. Eta Andaluziako selekzioarekin jokatzen hasi nintzenean, berdin. Batzuetan, federazioko ordezkariren bat etortzen zen ni jasotzera, baina beste batzuetan, aitak eramaten ninduen.
Oso gazte joan zinen Valentziara; ikasketak alde batera utzi eta futbolaren aldeko apustua egin zenuen.
Bai, eta asko damutzen naiz horretaz. Ez Valentziara joan izanagatik, oso bizipen ederrak izan nituelako han, baina bai ikasketak alboratzeagatik. Enpresen kudeaketaren gaineko modulua ikasten hasi nintzen, baina Valentzian ez nien ikasketei jarraipenik eman, eta gero, futbolak batera eta bestera eraman nau. Iaz, goi mailako ikasketak egiteko gradua atera nuen, eta aurten, soin hezkuntzako goi mailako ikasketak hasi gura nituen, baina entrenamenduak goizetan ditugu, eta horrek ez du laguntzen.
Oso gazte iritsi zinen Espainiako selekziora –absolutua–, 16 urterekin.
Bai; oso gazte hasi nintzen Andaluziako selekzioarekin jokatzen, eta jarraian joan nintzen Espainiakora. Adin horrekin ez zara konturatzen ze pauso ematen ari zaren, gustuko duzun hori baino ez duzu egiten.
Ondoren etorri zen batetik bestera ibiltze hori; neurri batean, nomada bizimodua.
Bai; lekuz aldatzeko motxila beti izaten nuen prest. Lehenengo pausoa Valentziara eman nuen, eta asko kostatu zitzaidan. Ilusio handia nuen, baina etxetik kanporako lehen esperientzia zen. Andaluziako selekzioko beste bi taldekiderekin joan nintzen, eta horrek asko erraztu zuen dena.
"ATHLETICEN HASIERATIK EGON NINTZEN EROSO, OSO ALDAGELA SANOA DUGU BERTAN"
Baina futbolak ematen zizuen bizi ahal izateko?
Bai, baina oso justu ibiltzen ginen. Egia da jokalari gehienak ikasten zebiltzala.
Handik Huelvara joan zinen.
Bai, baina hura nahiko egoera berezia izan zen. Madril inguruko hainbat jokalari fitxatu zituen Huelvak, eta horiek Madrilen entrenatzen ziren. Eta gero, Andaluziako beste zenbait jokalari geunden, eta nor bere kasa entrenatzen zen. Pentsa, ni La Carlotako kadete mailakoekin entrenatzen nintzen, eta asteburuetan baino ez ginen elkartzen, jokatzeko.
Eta Huelvatik Sevillara.
Klubaren 100. urteurrenaren bueltan, emakumezkoen taldea ateratzea erabaki zuten, eta, nahiz eta titulurik lortu ez, oso talde ona geneukan. Egia da klubaren partetik ez genuela uste genuen babesik jaso, baina, akaso, inoiz jokatu dudan talderik onena izan zen hura, besteak beste, gure artean geneukan giro onagatik. Gainera, Sevilla oso leku ona da bizi izateko; kar, kar, kar.
Eta jarraian Madrilera, Rayo Vallecano taldera.
Talde horretan uste dut bi liga eta kopa txapelketa irabazi nituela. Rayok beti izan du talde ona, eta Madrilek, hiri moduan, aukera handiak ematen ditu. Txapeldunen Liga ere birritan jokatu nuen Rayo Vallecanorekin.
Eta handik Bartzelonara, Espanyol taldera.
Bai; sasoi hartan, Rayo Vallecanon gorabeherak zituzten zuzendaritzan, eta Espanyolek talde indartsua egiteko apustua egin zuen. Errege Kopa irabazi genuen han, eta hainbat urtez liga irabazteko puntuan egon ginen. Ordurako, baina, Athleticeko Iñigo Juaristik urtero pare bat aldiz deitzen ninduen, Athleticera etorri behar nuela esanez, eta motibo batengatik edo bestearengatik beti esaten nion ezetz, baina geroago eta gehiago kostatzen zitzaidan ezezkoa ematea. Gustura nengoelako nengoen tokian, ez zelako momentu aproposa… Kontua da Lezaman jokatzea izugarri gustatzen zitzaidala, ikusten nuen klub moduan ze egitura zuten, zelako zaleak… Azkenean, baiezkoa eman nion, eta ez naiz inoiz damutu.
2013an fitxatu zintuen Athleticek.
Bai, eta lehenengo egunetik oso gustura egon naiz bertan, etxekoa izango banintz moduan.
Zuri egindako elkarrizketak errepasatzen, badaramatzazu hiruzpalau urte azken denboraldia izango dela esaten…
Gehiago dira! Kar, kar, kar. Nik uste dut Espanyolen jokatu nuen sasoitik nabilela erretiratzeko ordua dela esaten, eta esan izan badut halaxe sentitzen nuelako izan da. Gero, baina, denboraldi ona egiten nuen, eta erabakia atzeratzen joan naiz. Horregatik, urteko helburuak markatzen ditut, eta egunez egun joaten saiatzen naiz. Baina garbi dago geroago eta gertuago dagoela egun hori.
Iaz, baina, minutu gehien jokatu zenuen jokalaria izan zinen ligan.
Bai; zentzu horretan zorte handia izan dut. Bereziki, lesioekin. Baina partidu batetik bestera gehiago kostatzen zait errekuperatzea, adibidez.
"GEROAGO ETA LEHIAKORTASUN HANDIAGOA DUGU LIGAN, MAILA GORAKA DOA ETENGABE"
Non dago sekretua?
Bada, ez daukat ideiarik ere. Jakingo banu, beste urte mordoa egingo nituzke futbolean jokatzen. Suposatzen dut bizitza osasuntsua eramateak lagunduko duela, elikadura zaintzea, atseden egunak ondo errespetatzea, loa zaintzea…
Zer eskatzen diozu denboraldiari?
Talde moduan helburuak betetzea. Iaz, bosgarren izan ginen ligan, baina sentsazioak, orokorrean, ez ziren nahi moduko onak izan. Jendeak badaki bosgarren sailkatzeak geroago eta balio handiagoa duela, taldeak ondo indartzen dabiltzalako eta emakumezkoen futbola aurrerapausoak ematen dabilelako; geroago eta atzerritar gehiago dago taldeetan, konpetentzia geroago eta handiagoa da.
Ez duzue denboraldia ondo hasi.
Ez, lau partidutatik bakarra irabazi dugu, eta ez genuen halakorik espero. Domekako derbia aproposa izan daiteke joera aldatzeko.
Zer-nolako partidua espero duzue? (16:00, Reale Arena).
Euskal Herria Kopan ikusi dugu Reala ondo landutako taldea dela, eta, Erregina Kopa irabazi berri, moralki topera daude. Bestalde, estadio berrituan giro polita izango da. Gustura jokatzen dira halako partiduak.