Mendeurrenaren harira egindako ekintza guztiak biltzen dituen bideoa ikusi ostean, hitza hartu dute hainbat protagonistek. Urrutiak, ehun urtetan lortutakoak azpimarratu ditu: "Euskararen batasuna lortzeko aitzindaritza hartu zuen, hainbat euskal eragilerekin batera. Euskararentzako erakunde aholku-emaile ofiziala da euskararen lurralde guztietan". Era berean, etorkizunari begira, akademiak dituen erronkak azaldu ditu: digitalizazioa, nazioartekotzea, profesionalizazioa eta gizarteratzea, hain justu ere. "Akademiak Mendeurrena baliatu nahi izan duen euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko", gaineratu du.
Diputatu nagusi Markel Olanok duela 100 urte Euskaltzaindiak ipinitako haziak emandako uztaren gainean egin du berba. "Uzta ezin oparoagoa izan da. Euskaltzaindia gu guztiok osatzen dugu, euskal hiztun-elkartea osatzen dugun guztiok. Bultzada berri bat emateko unea da, gizartearen eta herri erakundeon kemena arrasto beretik bideratzeko garaia da".
"Bidegurutzean dago"
Urrutiak eta Olanok ere azpimarratu dute euskararen biziberritze prozesua "bidegurutzea" dagoela. Horren harira zera azpimarratu dute: "Guztion lankidetzaren beharra daukagu euskara biziberritzeko eginkizunetan, orain dela mende bat egin zen moduan. Euskaltzaindiak zeregin garrantzizko bat bete dezake lan horretan".