Udaletako emakume langileen dirua, herriari

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 4a, 12:11

Eskoriatzan, Emakumeen plazan, Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeak 'Txoko feminista' inauguratu zuen unea.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako udaletan lan egiten duten emakumeek greba egin zuten Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta kobratu ez zuten diru horrekin emakumeen gaineko ekintza bat egiteko konpromisoa hartu zuten udalek.

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da, emakumeen eskubideen aldarrikapenerako eguna. Historian zehar mugimendu feministak lortutakoa ospatu, eta egin denaren eta egiteko dagoenaren inguruan hausnartzeko eguna. Horrekin batera, Martxoaren 8a borrokatzeko eguna ere bada, eta, horregatik, 2019ko greban parte hartzeko hamaika modu egon ziren: lantoki eta ikasgeletan greba egin, tokian tokiko mobilizazioetara joan, zaintza lanak utzi eta amantalak balkoian eskegi, eta ez kontsumitu, besteak beste. Mugimendu feministak adierazi zuen bezala, konpromiso politikoa gogoan izanda, betiere.

Hala, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udaletako emakume langileek greba egin zuten, eta kobratu ez zuten diru hori herrira bueltatzea nahi dute orain. "Alde batetik, herriarekin ospatu eta guztiok batera hausnarketa prozesua jarrai dezagun. Eta bestetik, gure egunerokotasunean ikuspegi feminista inplementatu eta sustatzen jarraitu nahi dugulako martxan jartzen ditugun proiektu guztietan", adierazi dute udaletako emakume langileek. Hori horrela, urriaren 11rako Eskoriatzan eta 12rako Aretxabaletan zenbait ekintza antolatu dituzte.

Bertso-saio musikatua

Urriaren 11n, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatuaz gozatu ahal izango dute Zaldibar antzokira gerturatzen direnek. 19:00etan hasiko da saioa, eta oholtzan hiru bertsolari izango dira, Malen Amenabar Larrañaga, Nerea Ibarzabal Salegi eta Oihana Bartra Arenas, eta haiekin batera bi musikari, Gari Otamendi Arrieta gitarran eta Araitz Bizkai Villanueva biolinean. Aurkezle lanetan, berriz, Maite Berriozabal izango da.

"Ez da kasualitatea-ko saioetan bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira eta hortik abiatuta jarri diogu izenburua egitasmoari, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten".

Aretxabaletako ekintzak

Urriaren 12an, berriz, bi ekitaldi izango dira Aretxabaletan. 09:00etan, Arkupetik abiatuta, mendi buelta egin, eta sendabelarrak ezagutzeko aukera izango da, ostean, Ekoudalatx-en eskutik. Izen-ematea urriaren 9ra arte izango da zabalik, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbide elektronikora idatziz. 19:00etan, berriz, Nomofobikak: Sarean kateatuta antzezlana izango da, Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak