Hilabeteetako negoziazioaren ostean, PSOEk eta Unidas Podemosek ezin izan dute Gobernua osatzeko akordiorik lortu, eta borondate falta egotzi diote elkarri. Oscar Garcia PSE-EEko ordezkariak dio "aulkiak eta boterea" besterik ez duela nahi izan koalizio moreak. "Seriotasun gehiago behar da Gobernu bati buruz hitz egiten ari garenean". Gainera, dio denbora galdu dutela. "Gobernu bat eratzen da herritarrekiko egin behar den lana aurrera ateratzeko, eta ia urtebete galdu dugu. Gobernurik ez daukagu eta dekretu bidez funtzionatzen dugu ez daukagulako gehiengorik legeak aurrera ateratzeko. Unidas Podemosek ez du borondaterik eduki akordioetara heltzeko, boterea besterik ez duelako nahi izan", azaldu du.
Juan Luis Merino Ezker Anitzako ordezkariaren esanetan, borondate falta hori alderdi sozialistak izan du. "Ezkerrera baino gehiago, zentrora begira egon dira, antzerki hutsa izan da". Era berean, uste du sozialistek beldurra dietela botere ekonomikoei, eta gehiago egoten dela patronalekin eta banku handiekin, "politika sozialak egin gura ditugun taldeekin eta klase behartsuarekin baino".
Equoko Aiert Lizarraldek ere uste du kanpoko presioek eragin dietela sozialistei negoziaketetan. "Elite baten kontrola dago horren atzean. Alderdi sozialista guztiz kontrolatuta dute", adierazi du.
Ahal Duguko ordezkari Igor Urizarrek ere bat egin du horrekin, baina gaineratu du barne presioak ere izan dituztela sozialistek. "Ezin dugu ahaztu Sanchez idazkari nagusi izendatu zutenean, Felipe Gonzalezen eta Susana Diazen eskutik izan zela, eta Katalunian 155. artikulua ezartzearen aldekoa dela. Beraz, ezin dugu pentsatu Sanchez ezkerreko lider bat denik bat-batean. Bestalde, PSOEren bozkatzaileen artean, ezkerreko jende asko dago, baina badago baroien, eta abarren sektore bat ere, eta horiek ez dira oso ezkerrekoak".
Iritzi ezberdinak alderdietan
Urizarrek aitortu du Unidas Podemosen estrategia ez dela zuzena izan, "ikusi delako PSOE ez dela gai izan ezkerreko agenda bat asumitzeko", bere esanetan. "Posible zen akordio bat lortzea kanpoan geldituta eta gero kanpotik akordio programatiko bat betetzera behartzea, oposizio gogor bat eginez. Ate asko itxi dira negoziazioan".
Merinok dio Izquierda Unidaren posizio nagusia zela Sanchezen inbestidura ahalbidetzea, gobernatzera sartu gabe, nahiz eta bazeuden gobernatzea nahi zuten batzuk. "Hala ere, koalizioaren barruan ez genuen traba bat izan nahi, zati txiki bat garelako. Beraz, koalizioaren erabakia errespetatu genuen".
Mas Pais eta Errejon, agertokira
Garciak azaldu du Mas Paisen sorrera "albiste ona" dela demokraziarentzat. "Aukera ona da beste alderdi batzuek planteatzen dituzten ideiak entzuteko, behintzat. Unidas Podemosekin alderatuta, koherentzia gehiago dauka Errejonek, berak nahi duena delako botoak gehitzea, eta Unidas Podemosek, aldiz, alderdi sozialista deuseztatzea".
Urizarrek dio Errejonen agerpena zilegi dela. "Politikoki ez nago batere ados mugimenduarekin, baina ez dut uste borrokan hasi behar garenik ezkerrekoon artean. Guztiz zilegi da".
Ezker Anitzako ordezkariak onartu du Errejon eta Mas Pais hauteskundeetara aurkeztea ez dela ona ezkerrarentzat. "Ezkerrekooi beti egotzi izan zaigu batasun falta, eta Errejonen agerpen honek are gehiago zatituko du ezkerra. Hauteskunde legea dela eta, ez digu mesederik egiten, ez guri eta ez haiei".
Lizarraldek uste du Unidas Podemosekin gustura ez dauden edo huts egin diela sentitu duten horien botoak hartzeko sortu dutela alderdia, eta baita PSOEk galdu ditzakeen botoak eskuratzeko ere. "Baina ez dut uste indar askorik edukiko duenik".
Lau hauteskunde, lau urtean
Laugarren hauteskundeak izango dira lau urteren buruan, eta guztiak ados daude horren arrazoia aipatzerakoan: alderdi-bitasuna ez da gainditu oraindik. "Euskadi mailan eta Europa mailan ohitura handia dago alderdi ezberdinen arteko akordioak lortzeko, baina Espainia mailan, alderdi-bitasunarekin, gehiengo absolutuak ohikoak izan dira, eta ohitura falta hori dago. Beraz, guri ere heldu zaigu ordua alderdien artean hitz egiteko eta akordioak lortzeko", azaldu du Garciak.
Urizarrek dio PPk eta PSOEk "zailtasun handiak" dituztela egoera berri honetara egokitzeko. "Horren ondorio da bizi dugun krisi politikoa, gobernuak eratu eta jausi egiten dira erraztasun handiz. Ez dakigu oraingoan bukatuko den krisi hau, edo jarraituko duen oraindik".
Merinoren esanetan, berriz, trantsizio garaitik datorren kultura politikoa dago Espainian. "Demokrazia faltsu batean bizi garen honetan, PPren eta PSOEren botere aldaketa izan da ohikoena. Badirudi kultura hori dela balio duen bakarra, baina Europara begiratu ezkero, guztiz kontrakoak diren koalizioak daude gobernatzen. Formula asko daude gobernatu ahal izateko. Dagoeneko bukatu da alderdi-bitasun hori eta akordioak behar direla gobernatzeko".
Equoko ordezkariak uste du trantsizio politikoa egiteke dagoela oraindik. "Diktadura baten ostean urte asko behar dira horri buelta emateko eta politika guztiz pozoituta dagoen herrialde batean bizi gara, eta elite batzuek kontrol guztia daukate. Geroz eta bazterkeria sozial handiagoa daukagu, ingurumena guztiz abandonatuta dago, kapitalarengatik, eta aldaketa handi bat behar da".
Panorama errepikatuko ote da?
Azaroaren 10ean egingo dituzte bozak. Garciak dio garrantzitsua izango dela bozkatzea, eta kontziente izatea jokoan dagoenaz. "Abstentzioak gora egiten duenean eskuinak sekulako indarra hartzen du". Urizarrek ere ikusten du aukera hori. "Arriskua da abstentzioa handitzea, eta eskuinak irabaztea". Ezkerreko eta eskuineko ardatzak nahiko orekatuta egongo direla uste du Merinok, eta emaitzak antzekoak izango direla. "Azaroaren 10aren ostean, orain artekoaren antzeko arazo batekin topo egingo dugulakoan nago", bukatu du Lizarraldek.