Gipuzkoan, beste hiru talde daude. Idurre Albizu (Eibar, 46 urte) da Arrasatekoaren zuzendaria. Durangoko eta Eibarko BNI taldeetako bultzagile izan zen eta, ostean, Arrasatekoa sortu zuen. Taldea 2017ko maiatzean hasi zen batzen, baina urte bereko irailaren 29an egin zuen aurkezpen ekitaldi ofiziala Arrasaten. Bi urte hauetako jardunaz dihardu taldeko zuzendariak.
Bi urte bete ditu Debagoieneko BNIk. Gustura zaudete egindako bidearekin?
Bai. Irailaren 29an bete ditugu ofizialki urte bi eta gustura gaude funtzionamenduarekin eta emaitzekin. Debagoieneko udalen –Garapen Agentziaren bidez– eta Garaia Berrikuntza Gunearen laguntzarekin sortu zen taldea. 30 kidetik gora hasi ginen. BNI talde batek, hasteko, gutxienez, 25 izan behar ditu.
Kideek heldu egin diote konpromisoari?
Oro har, bai. Eta baldintzak ez dira errazak. Ostiralero elkartu ohi gara ordubetez. Azkenaldian, ordubete geroago. Asistentzia kopuru gutxieneko bat eskatzen da eta betetzen ez baduzu taldetik kanpo geratzen zara. Hiru hutsegite egin zenitzake sei hilabeteko epean.
Ze emaitza izan du Debagoieneko taldeak?
Ia bi milioi euro fakturatu ditugu bi urtean. Hori asko edo gutxi den? Guk, sorreran ezarri genituen helburuen gainetik dago. Aise gainditu ditu gure aurreikuspenak. Eta fakturazioaz harago, lan sare bat sortu da oso emankorra izan dena eta izan daitekeena aurrera begira. Horretaz gain, lanpostuak ere sortu dira. Esaterako, taldeko kideek langile egokia lortu dute, taldeko harremanen bidez, bere enpresarendako. Edota, beste kasu batzuetan, taldeko kideek lan bat aurkitu dute.
Debagoieneko BNI taldeak fakturatu duenaz ari zarenean, zertaz ari zara?
Taldearen bidez, taldeko hartu-emanen bidez, kideek orotara lortu duten negozio bolumenari egiten dio erreferentzia datu horrek.
Taldeko guztiek irabazi dute?
Esan genezake taldeko kide bakoitzarendako nahikoa izan dela lortutakoa, bestela ez zuen taldean jarraituko. Badira taldea utzi dutenak gustura ez zeudelako, baina beste batzuek utzi dute aurreikuspenak aise gainditu eta gehiago ez zutelako nahi.
Nola funtzionatzen du BNI talde batek?
Astero egiten da batzar bat, goizen goiz, ohiko lan jardueran murgildu aurretik. Horretaz gain, badugu plataforma digital bat, hainbat eduki partekatzeko. Kide bakoitzak kuota bat ordaintzen du… BNIren jatorria Ameriketako Estatu Batuetan dago eta mundu osoan barreiatuta dago. Hemen, Bilbon du egoitza nagusia, frankizia baten bidez.
Enpresa txiki zein ertainak eta autonomoak dira Debagoieneko BNIkoak?
Bai. Ez da berdina horrelako talde bat hiriburu baten edo herri edo eskualde baten. Donostiakoan, esaterako, kide gehiago daude, parte hartzen duten enpresak handiagoak dira eta, ondorioz, emaitzak ere handiagoak dira.
Enpresa industrial handiendako, izan kooperatiba edo ez, horren egokia ez da BNI?
Enpresa handiendako ere balio du. Baina errealitateak erakusten digu enpresa handiak ez daudela edo gutxi daudela. Baina, esaterako, Galizian, enpresa handiak bakarrik daude. Taldean egoteak ematen dizu aukera nazioarteko sarea baliatzeko, negozioetarako harremanak egiteko. Esaterako, Arrasateko taldeko kide batek hartu emanak izan ditzake Shanghaiko BNI taldeko kide edo enpresa batekin.
Gipuzkoako eta inguruko –Durangaldea…– BNI taldeekin alderatuta, kideak eta negozio bolumena kontuan izanda, non dago Debagoienekoa?
Erdian, esango nuke nik. Ez da berdina taldea hiriburuan egon edo herri baten egon. Donostian, esaterako, taldean kide gehiago daude, parte hartzen duten enpresak handiagoak dira eta, ondorioz, emaitzak ere handiagoak dira. Gipuzkoan, lau taldeen artean, 17 milioi euroren bueltako negozio zifra mugitzen dugu.
Ze alor edo sektoretako enpresatako kideak daude Debagoieneko taldean?
Aholkularitza, komunikazioa, informatika, abokatuak, aseguruak, mekanizatuak, garbiketa, telefonia… Gehienak zerbitzuetakoak. BNI gehienetan hala da.