Bailarako azoken osasun "kaskarra"

Amaia Zabala 2019ko urr. 5a, 09:00
Maria Arana 80 urte daramatza Arrasateko azokara joaten.

Azoken gainbehera jakina da, eta ez da kontu berria; herri batzuetan biziberritze ekimenak ere egin dira. Arrasateko merkatariek "azokaren egoera jasanezina" dela salatzeko egindako elkarretaratzearekin, ordea, pil-pilean jarri da berriro gaia.

Postuetako lana alde batera utzi, eta elkarretaratzea egin zuten egubakoitzean Arrasateko azokako merkatariek. Bertan, erabiltzaile ugari batu zitzaizkien, eta, Azoka bizirik lelopean, gaur egun azokak bizi duen "egoera kaskarra" salatu zuten.

Arrasateko Udalari zuzendu zitzaizkion merkatariak, eta euren jarduera errespetatzea eta ordutegi murrizketarik ez egitea eskatu zuten, baita beren jarduera beste ekintzen gainetik hobestea ere. Gainera, erretiratutako udaltzainaren lekua betetzea eskatu zuten, eta azokan lan egiteko eskaerak "zaborrontzira" ez botatzea ere bai. Amaitzeko, bertako eraikin eta instalazioak era "egoki eta garbian" jartzea eskatu zuten.Tomas Larrañaga Antzuolako Lapatza baserriko nekazaria da eta ia 30 urte daramatza Arrasateko merkatura joaten; egun, ordea, merkatuaren egoera tamalgarria dela salatu zuen. "Arrasateko azoka erreferente izan da, baina, egun, badirudi gurekin ez dutela ezer gehiago-tarako kontatu nahi. Egun, Arrasateko Udalak gazteei etorkizun bat eskaini edo bultzada bat eman beharrean, oztopoak jartzen dizkie. Azokak behar ditugu, herritarrekin harreman zuzena nahi dugulako."

Maria Arana Elkorobarrutia baserritar arrasatearrak, berriz, 80 urte daramatza merkatuan etxeko barazkiak saltzen; eguazten eta egubakoitzetan hurbiltzen da merkatura eta 07:00etatik 13:00etara arte egoten da. "7 urterekin hasi nintzen amarekin merkatura etortzen, hirugarren belaunaldia naiz, eta, zazpi seme-alaba ditudan arren, inork ez du ofizioa jarraitu nahi. Urtez urte gero eta gutxiago saltzen da, egubakoitzetan oraindik jende pixka bat ibiltzen da, baina eguaztenetakoa erabat galduta dago; jeneroa daukadalako etortzen naiz, saltzen dudanagatik ez baitu merezi".

Erosleen artean ere iritzia bera da, guztiak bat datoz: merkatuaren gainbehera da. "Udalak mila plan aipatu ditu, baina, azkenean, ez da ezer egin; gainera, postua ezarri nahi duten saltzaile berriei hainbeste exijitzen zaie, ez du merezi", dio erosle batek. "Fruta, barazkiak eta landatzeko landarea erosten ditut, batez ere, baina argi ikusten da beherantz doala", dio beste batek. Garaiko produktuak bilatzera datorrela dio beste erosle batek, astero hurbiltzen da eta saltzaileekin hartu-eman zuzen hori izatea atsegin duela dio; aipatzen du lehen arrandegia ere bazutela, baina ordutik "beherakada handia" egin duela.

19 baserritarrek dute postua Arrasateko merkatuan, nahiz eta beti ez diren guztiak egoten. Egubakoitzetan 11 bat postu izaten dira eta eguaztenetan, 4 edo 5. Gehienak arrasatearrak dira, baina badira Arabatik datozenak ere. Eguneroko postuei dagokienez, txarkuteria, janari izoztu eta fruta postuak dira finkoak. Jantzi eta oinetakoen postuei dagokienez, berriz, egubakoitzetan datoz saltzaileak, baina hauek beste gune batean ezartzen dute postua, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan.

Bezero gazte gutxi Bergaran

Bergaran, azokaren eraikina Oxirondo plazan dago, eta, azo-ka egun nagusia zapatua izaten bada ere, badira egunero bertan dauden hiru postu, harategia, garbitegia eta janari izoztuen postua, hain zuzen. Azken honetako saltzailea Asier Latorre da eta bederatzi urte daramatza ofizio horretan. "Gero eta jende gutxiago ibiltzen da, ez baitago ez saltzaileen eta ez erosleen erreleborik. Oso bezero gazte gutxi daude, jakin batzuk soilik, eta postuetako asko ere erretiratu egin dira. Nik beti diot zenbat eta postu gehiago eta eskaintza zabalagoa eskaini orduan eta jende gehiago ibiltzen dela. Duela urte batzuk, eraikineko azken solairuan haurrentzako aisialdi-gunea ezarri zuten eta uste genuen horrek erosle kopurua igoko zuela, baina ez du askorik eragin. Herriko tabernekin elkarlanean pintxo-potea ere antolatu dute eguaztenetarako, eta talde jakin batzuk beti etortzen dira, baina ez du aparteko eraginik izan".

Oñatin, mugimendu polita

Oñatiren kasuan, zapatu goizetan egiten den berdura azoka biziberritzeko asmoz izen eta logo berria asmatu zituen udalak iaz, saltzaileek hala eskatuta. Horretaz gain, kultur ekintza puntual batzuk ere antolatu zituzten: bezeroen artean zozketatzeko orga bat eta opari ezberdinak, esaterako.

Oñatiko azokak zapatuetan Berdura plazan 18 postu eta arropen azokan 14 postu ditu, orotara. Aipatzekoa da arropa postuak ezartzen dituztenen artean batzuek 40-50 urte daramatzatela astero-astero Oñatira joaten. Aipatzekoa da azokako arrandegiak domeka eta astelehenetan izan ezik beste egun guztietan irekitzen duela. "Jende asko gerturatzen da azokara eta zapatu goizetan bizitza handia egoten da. Nik esango nuke jendea gero eta kontzienteagoa dela bertako, sasoiko eta gertuko produktuak erostearekiko. Nire kasuan, barazkiak bilatzen ditut eta bertako ogia ere gustura erosten dut, arrakasta handia du. Loreetan ere aukera handia egoten da, eta gustatzen zait tarteka erostea. Olibak saltzera ere goierritar bat hurbiltzen da eta erosi ohi ditut. Gainera, lekua estalia da eta haizetetik babesten du, atsegina da erosketak egiteko", dio erosle oñatiar batek.

Txikietan, denetariko egoerak

Arrasaten, Bergaran eta Oñatin azokek eraikin propioa dute, baina eskualdeko gainontzeko herrien kasuan puntu jakin ba-tean egiten dute. Aretxabaletan, esaterako, astelehenetan egiten dute, Gernika plazan. 08:30erako postuak prest izaten dituzte saltzaileek eta 14:00ak arte geratzen dira. Hamar bat postu daude, denera, gehienak jatekoekin eta bakar batzuk arroparekin eta oinetakoekin. Saltzaileen artean ez dago aretxabaletarrik; izan ere, herriz herri ibiltzen direnak dira gehiengoak. Eskoriatzan, egubakoitzetan izaten da azoka, herriko plazan. Goizetik eguerdira bitarte irauten du eta, batez ere, janaria saltzen dute: oliba postua, fruta eta berdura postua, pastelen postua, txarkuteria furgoneta bat eta, tarteka, arropa posturen bat elkartzen dira. Ohiko lekua Fernando Eskoriatza plaza den arren, bertan ekitaldiren bat izanez gero, Santa Marina plazan egiten dute. Erabiltzaileen esanetan, ez dute ez beherakada ez gorakadarik nabaritu azken urteetan. Aipatzekoa da bigarren eskuko azoka egingo dutela urriaren 25ean herriko plazan, 18:00etatik 23:00etara bitarte, hain zuzen. Antzuolan egubakoitzetan izaten da azoka, herriko plazan, goizetik eguerdira bitarte. "Fruta kamioi bat, pasta saltzaile bat, Lapatza baserriko baserritarren postua bertako produktuekin eta herriko gazte baten gazta postua egoten dira, besteak beste. 4-5 postu finko daude astero eta egun berezietan arropa eta zapatila saltzaileak etortzen dira. Herri txikia da eta ez da mugimendu handirik izaten, askok lan egin behar baitute; dena den, betiko erosleak finak dira eta batez ere, bertako produktuak erostea bilatzen dute, bertako barazkiak, hain zuzen" dio antzuolar batek.

Elgetaren kasuan, astelehen goizetan izaten da merkatua eta urteak daramatzate saltzaile berak etortzen. "Fruta postu bat eta helduentzako arropa postu bat dira betikoak eta urte sa-soiaren arabera urdaiazpiko eta gazta saltzaileak ere gerturatzen dira. Jende asko ibiltzen da", dio elgetar batek.

Aramaioren eta Leintz Gatzagaren kasuan, ez dute azokarik egiten. Aramaion, ordea, ekonomatua dute; hau da, bertako baserritarren produktuen salmenta puntua, herritarrak erosteko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak