Ekain Zubizarreta: "Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa"

Amaia Zabala 2019ko ira. 21a, 09:00

47 auzipetuek akordioa sinatu dute Espainiako Auzitegiarekin, eta leporatzen zaizkien delituak onartu dituzte; bik izan ezik, beste guztiek kartzela saihestuko dute.

Herrira-ko kideak, Etxerat-ekoak, presoen osasunaz arduratzen den Jaiki-Hadi elkartekoak, abo-katuak eta bitartekariak dira 11/13 sumarioko 47 auzipetuak. Horien artean, Ekain Zubizarreta arrasatearra, "presoen eskubideen alde" lan egitearren epaitua. Fiskalak 601 urteko espetxe zigorra eskatua zuen, guztira, eta "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen zien auzipetu guztiei, baita ETA finantzatzea ere horietako askori. Akordioarengatik, baina, aldatu egin ditu leporatzen zaizkien delituak –ETAko kide izatea eta terrorismoa goratzea–, eta, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak izan ezik, beste guztiek kartzela saihestu dute.

Akusazioak onartzeko akordio kolektiboaren aukera mahai gainean jarri zaizue eta onartu egin duzue. Zein balorazio egiten duzue?

Estrategia politiko bezala, argi geneukan etorkizunera begira jarri nahi genuela, ez genuela iraganeko egoeretan eta estrategietan katramilatuta jarraitu nahi. Gainera, uste dugu une honetan kartzelak husteko garaia dela, eta ez betetzekoa. 45 pertsonak kartzela ekiditearekin, herri hau, atzera beharrean, aurrera begira jartzea lortu dugu, nahastu nahi gaituzten estrategien aurrean etorkizunari ateak irekitzea, hain zuzen. Hala ere, horrelako akordio bat beti da gazi-gozoa. Izan ere, oso akusazio gogorrak gure gain egitea ekarri du eta, gainera, bi kidek kartzelara joan behar izana ekarri du; beraz, kontraesan batzuk sortu dizkigu.

Erabakia kolektiboa izan da, orduan?

Bai, guztion artean adostua. Akordioaren aukera itxita egin da hilabete luzez, eta, ondoren, prozesua baten ostean aukera hori irekitzen joan da; fiskalarekin harremanak izan ziren eta hor bide bat ireki zen. Azken orduan, guk fiskalarekin adostua genuenaren inguruko adostasuna jaso dugu parte guztien aldetik, eta, azkenean, astelehenean gauzatu zen akordio hori. Baina esan behar da azken ordura arte ez dugula eduki ezer lotuta eta hiru hilabeteko epaiketa luze baterako prestatuta geundela.

Kartzela-zigorra saihestu duzue, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak izan ezik, baina, edozelan ere, ondorio batzuk izango dituzue; hiru urterako inhabilitazioa, esate baterako. Zure kasuan, zertan eragingo dizu?

Nire kasuan, urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri didate, baina bi urte baino gutxiago izanik ez naiz kartzelaratua izango. Hori bai, datozen hiru urteetan beste delitu bat egiteaz akusatu eta zigortuko banindute, pena guztiak gehituko lirateke eta kartzelara joango nintzateke. Horretaz gain, hiru urteko inhabilitazio osoa, horrek esan nahi du kargu publikoetarako ez nukeela aukerarik edukiko. Beraz, nire kasuan ondorioak ez dira hain larriak, baina epaiketa honetan gurekin dauden hainbat kidek, lanpostu publikoa dutenek, hain zuzen, galdu egingo dute. Orduan, ondorio larriak ekarriko ditu, nahiz eta espetxea ekidin ahal izan dugun, esan duzun bezala, Jonek eta Arantzak izan ezik.

Uda osoan babesa adierazteko ekitaldiak egin dituzue Euskal Herri osoan; azkena, larunbatean Bilbon egindako manifestazio jendetsua. Milaka lagunek egin zuten bat Giza eskubideak. Askatasuna. Etorkizuna. Herrian lelopean. Herritarrengandik babestuta sentitu zarete?

Hitzik gabe gaude, sekulako babesa izan da, orokorrean; he-rrietan, bai guk eta baita gure senitartekoek ere jaso duten babesa izugarria izan da. Elkartasun hori horrelako prozesu batean txanponaren alde polita dela esan dezakegu. Balorazio oso-oso positiboa egiten dugu eta oso eskertuta gaude.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, aldiz, "katastrofikotzat" jo du akordioa eta herritarrekin "zintzoak ez izana" eta "iruzur" egin izana egotzi dizue. Ze iritzi duzu honen inguruan?

Ez nago batere ados irakurketa horrekin. Azken batean, onartu duguna ETAren estrategiaren mesedetan ibili izana da, baina momentu honetan ETArik ez dago, Herrira suspendituta geratzen da, baina ondoren etorri diren eragileek jarraitzen dute presoen eskubideen aldeko lana egiten. Gure auzian dauden Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideek, abokatuek, medikuek, lan bera aurrera eramaten jarraitzen dute. Beraz, guk onartu dugunak ez du ekiditen erabat zilegia zen eta den lan hori. Esaten dutenak ez du zentzurik. Gu lasai gaude egin dugun akordioarekin, eta edozein lekutan defendatuko dugu. Bestalde, inongo momentutan ez dugu ukatu akordioaren aukera aztertuko genuenik, eta argitu behar da ez genuela ziurtasunik, eta akusazio partikularren onespena epaiketa hasi baino egun gutxi batzuk lehenago jaso genuela. Azken egunetako kontua izan da.

Behin auzi hau amaituta eta kapitulu hau itxita, zer egitea tokatzen da orain?

Auzi honetara ekarri gaituena presoen eta iheslarien eskubideen zein gatazkaren konponbideren aldeko lana izan da, eta arreta hor jarri nahi genuke; izan ere, eskubide urraketa eta sufrimendu handia dago eremu horretan oraindik ere. Auzipetuok, modu batera edo bestera, eskubideen aldeko lanean jarraituko dugu, xume-xume, beste milaka herritarrekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak