Berriro sintonizatu beharko da telebista

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 20a, 11:28

Espainiako Gobernuak ekainean onartu zuen espektro erradioelektrikoko 700 MHz banda liberatzeko errege dekretua; banda horren zati handi bat lurralde telebista digitalak okupatzen du seinalea hedatzeko, eta 5Ga garatzeko libratu beharko dute.

Bigarren Dibidendu Digitala edo 700 MHz banda libre uztea onartu zuen ekainean Espainiako Gobernuak, "5G teknologiari espazioa uzteko eta banden eta frekuentzian erabilera eraginkorragoa izateko" helburuarekin.

Europar Batasunak onartutako proiektu bat da, eta, era berean, "ezinbesteko prozesu bat 5G teknologia garatzeko". Europar Batzordeak 700 MHz banda libre uztearen garrantzia azpimarratu du, "landa-eremuetan konektagarritasuna bermatzeko eta banda zabalaren zerbitzuen prestazioa izateko".

Errege dekretuak zehazten duenez, Bigarren Dibidendu Digitala libre geratu beharko da 2020ko ekainaren 30a baino lehen. Hori dela eta, zenbait telebista katek frekuentziak aldatu beharko dituzte ordurako. Egun horretatik aurrera, beraz, 700 MHz banda libre geratuko da 5G teknologia erabiltzen duten gailuendako.

Egokitzapenak antenetan

Modu horretan, hainbat telebista ikusten jarraitu ahal izateko, aldaketa edo egokitzapen batzuk egin beharko dira. Etxebizitza indibidualetan eragina txikia izango da, eta, telebista berriz sintonizatuta, nahiko izango da.

Antena kolektiboak, berriz, frekuentzia berrietara egokitu beharko dira. Frekuentziak jasotzeko bloke osoko hartze-sistema edukiz gero, frekuentzia berriak konfiguratu beharko dira. Frekuentziak banan-banan jasotzeko hartze-sistema edukiz gero, berriz, frekuentzia berriak jasoko dituzten moduluak jarri beharko dira. Egokitzapen horiek instalatzaile batek egin beharko ditu, eta haren zerbitzua ordainpekoa izango da. Dena den, gaurtik aurrera dirulaguntzak eskatu ahal izango dira –www. televisiondigital.gob.es webgunean dago horri buruzko informazioa–. Gero, telebista berriz sintonizatu beharko da.

Goienari ere eragingo dio

Aldaketa honek telebista batzuei eragingo ez dien arren, beste batzuek frekuentziaz aldatu beharko dute, eta Goiena telebista da horietako bat –52 kanaletik 25 kanalera pasatuko da–.

Frekuentzia aldaketa apurka-apurka gertatzen ari da, eta telebista kate batzuk aldi berean igortzen ari dira bi frekuentzietan, zaharrean eta berrian, 2020ko ekainaren 30era arte. Orduan, frekuentzia zaharrak funtzionatzeari utziko dio. Beraz, tarte horretan egin beharko dute egokitzapena herritarrek. Goiena telebistak soilik frekuentzia zaharrean igorriko du, aldaketa egin arte. Hala ere, lehenago abisatuko ditu ikus-entzuleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak