Antonio Aiz, Azpiegitura eta Garraio sailburuordea: "Garraio publikoa erakargarriago egin nahi dugu"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ira. 20a, 18:00

Arrasaten izan da asteon Azpiegitura eta Garraio sailburuordea, Mugipuzkoa ekimena dela-eta. Garraio publikoaz eta tren azpiegiturez dihardu.

Arrasate eta Gipuzkoako beste hainbat herri batu dira Mugipuzkoa ekimenera. Zer da?
Europako Mugikortasunaren Astearen barruan bultzatutako ekimena da. Garraio publikoa erakargarriago egitea eta berau erabiltzeko erraztasunak ematea da helburua. Betiere, erabiltzaileak onurak atera ditzan garraio publikoa erabiltzearren. Arrasaten, esaterako, 10.000 Mugi txartel baino gehiago daude eta aurten, lehen sei hilabeteetan, 400 txartel berri egin dira. Bestalde, Mugi txartela eskuratzeko aukera izango da aurrerantzean Mondragoeko Gazte Zerbitzuan ere.

Lurralde historiko bakoitzak bere txartela du. Bakarra noizko?
Errealitatea da hiru txartel ditugula: Mugi, Bat eta Barik. Baina esan behar da Euskal Autonomia Erkidegoan euskal erakunde publikoen mendeko edozein garraio publikotan erabil daitezkeela hiru txartelak. Esaterako, Mugi asko erabiltzen da Gasteizko eta Bilboko tranbietan. Helburua da izaera publikoko edozein erakunderen mendeko garraioak erabili ahal izatea txartel horiekin. Era berean, hiru txartelak bakarrean batzea. 

Renfe batu zen apirilean Mugi txartelera. Ze balorazio egiten duzue?
Positiboa. Onarpen handia dauka eta handitzen doa, egunetik egunera, Mugiren erabilera Renfen, hasierako arazo tekniko batzuk gainditu ostean. 

Bilbon eta Gasteizen tranbiak, Donostian topoa… Debagoieneko tranbia erabat baztertuta dago?
Trenbide sarea Euskadiko garraio publikoaren ardatza izan dadila nahi dugu. Abiadura Handiko Trena, hurbileko tren zerbitzua, tranbia, topoa... Eta hori beste zerbitzu batzuekin, autobusekin, eta abarrekin osatzea. Debagoieneko tranbiari dagokionez, ahalegina egin zen, baina ez zen aurrera atera, ikerketa eta proiektua, azkenean, bertan behera geratu zirelako. 

Bus elektrikoa zenbateraino da alternatiba?
Garraio publikoaren elektrifikazioa bultzatzen du Jaurlaritzak, nahiz eta ez izan eskumenik hiri barruko garraio publikoan. Hala, Gasteizko eta Donostiako bus elektriko adimenduen proiektuaren finantzaketan parte hartzen dugu. Gasolioaren ordez, ibilgailu hibrido edo elektrikoak bultzatzen segituko dugu gure finantzaketa ahalmenaren arabera. 

Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako zati guzti-guztia amaituta dago?
Bergara eta Astigarraga artekoa eginda dago. Astigarraga eta Irun artekoa falta da, Donostiako geltoki berria barne, eta, gero, Bergarako lotunea. Jaurlaritzaren ardurapeko lan guztiak 2023an Espainiako Sustapen Ministerioaren eskura egotea da asmoa. Egia da atzerapenak daudela, bereziki, hiriburuetarako sarbideetan. Horrek asko arduratzen gaitu. Gainerako lanak amaituta edo abian daude. Espainiako Sustapen Ministerioak konpromisoa hartu zuen 2023an dena amaituta egongo zela. Baina zalantzak ditugu hitza beteko duten. 

Lehentasunezkoa da Abiadura Handiko Trena Eusko Jaurlaritzarendako, baina ez dirudi hala denik Espainiarendako, Frantziarendako, Europar Batasunarendako… 
Europako Korridore Atlantikoa duela 25 bultzatu zuen Europar Batasunak berak. Zati bat egina dago, baina beste zati garrantzitsu bat –Euskal Y-a barne– amaitzeke dago. Inork ez du ulertzen nola egon daitekeen gaur egun, XXI. mendean, trenbide muga bat Irun eta Hendaia artean. Atzerapen handiarekin gabiltza. 

Errentagarria izango da Abiadura Handiko Trena?
Lehiakortasunaren ikuspegitik, bizi kalitatearen aldetik… ezinbestekoa da. Ez dezagun ahaztu bidaiariendako ez ezik merkantziendako ere izango dela Euskal Y-a. Eta gaur egun, esaterako, 1 Nazionaletik egunero dabilen kamioien joan-etorria arindu egingo da, trena izango delako merkantziendako alternatiba. Egin diren ikerketen arabera, Gasteiz eta Lille arteko zatian, egunero 800 eta 1.000 kamioi hartzeko gauza izango litzateke trena, hasierako urteetan, eta datu hori handitzen joango litzateke urteek aurrera egin ahala. Europa erdialdean interes handiena duen tren autobidea da hori. Gure lurraldeko errepideak zeharbidekoak dira eta horrek hainbat arazo sortzen ditu: ekonomikoak, ingurumenekoak… eta, gainera, ez du balio erantsirik uzten. Gasteiz-Lille ardatzean, trena da alternatiba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak