Oroimen egunean Besaide ingurua zaintzeko beharrean jarri dute fokua

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 15a, 16:36
Besaide Mendizale Elkarteko presidente Eñaut Iturbe, Besaiden batutako lagunen aurrean hitz egiten. (Argazkiak: Besaide Mendizale Elkartea).

Mendian hildako lagunak omendu dituzte, beste behin, Besaiden. Horrez gain, Besaiden ibilgailuek egindako kalteen inguruko hausnarketa egin, eta esparru hori errespetuz tratatzeko dagoen beharra azpimarratu dute Orixol, Besaide eta Elorrioko mendizale elkarteko kideek. 

Ehunka mendizale batu dira gaur Besaiden, Oroimen Eguna ospatu, eta mendian hildakoak gogoratzeko. Orixol elkartekoek antolatu dute gaurkoa, eta Aramaioko txalaparte-joleak, dantzariak eta txistulariak aritu dira ekitaldia girotzen. "Arazo pare bat izan ditugu. Besaidera igotzen gintuen autoak matxura izan du, eta ostean, argindar generadoreak ere. Hori dela eta hitzaldiak eta bertsoak a capela egin behar izan ditugu" azaldu du Orixol Elkarteko Peru Abarrategik.

Aramaioko txalaparta-joleak, jo eta su.

Euskal Mendizale Federaziokoek, azken urtean mendian hildako hiru euskaldunak ekarri dituzte gogora: Javier Alberdi, Rafael Castaños eta Juan Jose Goñi.

Besaide zaintzeko beharra

Azkenaldian agerian geratu dira Besaide inguruarekiko errespetu faltak. Horren adierazle garbiena 2018ko otsailean erreta agertu zen autoa izan da. Ikusitakoak ikusita, horri buruzko hausnarketa egin du Besaide Mendizale Elkarteko presidente Eñaut Iturbek:

"Urteak dira oroimen egun hau ospatzen dugula Besaiden eta denborak hobetu beharreko gauzak dakartza. Azken urteetan, motordun ibilgailuekin jolastera etorri ohi da jendea Besaideko oroimen eremu honetara, kalte nabarmenak eraginez. Zelaian errubera markak, monumentuetan apurketak… eta abar. Kasu esanguratsu bezala iazko otsailean kotxe bati sua eman eta bertan utzi zuten. Hortaz gain, eremu honek hildakoak omentzeko daukan sinbolismoak bultzatuta familia askok beraien hildako senideak oroitzeko harrizko plakak zein zuhaitz landaketak egin dituzte. Oroigarri hauek erregulaziorik izan ez dutenez, ez dute oroimen leku batek izan beharko lituzkeen oreka ezaugarriak betetzen.  Monumentuetan ere denboraren arrastoa nabaria da, eta orain dela 25 urte landatu zen sailak ere kudeaketa baten beharra du.  Mendian hildakoak oroitzeko gunea izanik, errespetatzea eta zaintzea dagokigu. Horregatik hiru mendi elkarteok Besaideko oroimen eremu hau duintzeko konpromisoa hartu dugu".

Konpromiso hori berresteko, eta sustraitzeko, gorosti bat landatu dute hiru mendizale elkarteetako ordezkariek. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak