Bertsotan gozatzeko eta gozarazteko asmotan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ira. 13a, 13:28

48 bertsolari abiatuko dira Gipuzkoako txapelaren bila, eta, oraingoan, emakumezkoak izango dira Debagoiena ordezkatuko duten hirurak: Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra, Ane Zuazubiskar arrasatearra eta Maider Arregi oñatiarra.

Pozik daude eskualdea ordezkatzeagatik, nahiz eta dioten parte hartzaile kopuru osoa hartuta parekidetasuna ez dela horrenbestekoa. Bertsosarrerak.eus atarian daude saio guztietarako sarrerak eskuragarri.

Arregik, bihar estreinakoa

Elkarren lagun eta bertso-kideak dira askotariko ekimenetan. "Euren artean konplizitatea" dutela diote. Lan ona egiteko indarrez eta gogoz datozela diote, baina euren buruari presiorik jarri gura barik. Hirurak bat datoz gauza batean: "Ahalik eta ondoen kantatu eta saioan gozatzera goaz".

Arregi izango da taularen gainera igotzen lehena, bihar, zapatua, txapelketa zabalduko duen saioan. Alboan izango ditu: Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Haritz Mujika, Andoni Mujika eta Amaia Iturriotz; oñatiarraren esanetan, aspaldiko lagun eta bertso-kideak horiek ere. Zuazubiskar eta Agirreazaldegi, berriz, hurrengo zapatuan, Ordizian, izango dira elkarrekin.

Hamasei saio, guztira

Bihar, zapatua, Oñatiko Santa Ana antzokian, 17:00etan, izango da estreinakoa eta azkena, finala, berriz, Donostian Illunben, abenduaren 14an; Arrasateraino ere helduko da txapelketa, azaroaren 17an, finalaurrekoetako bat jokatzeko.

Bertsosarrerak.eus atarian daude saio guztietarako sarrerak eskuragarri.

Debagoieneko bertsolarien ahotik

Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketaren bezperan, bertsolaritzaren eta bestelako gairen inguruan galdetuta, honakoak adierazi dituzte Ainhoa Agirreazaldegi, Ane Zuazubiskar eta Maider Arregi bertsolariek:

  • Bertsogintzaren egoera Debagoienean:
    • Ainhoa Agirreazaldegi: Egia esan, urte asko dira bailaratik kanpo bizi naizela eta ez dut bertako bertso-giroa hurbiletik jarraitzen. Isilpeko lan handia egin zuten garai batean batzuek eta hala egiten jarraitzen dute gaur egun belaunaldi berriek. Bertso eskolak aurrera eramaten eta herrietan zaleak elikatzen ikusten ditut gazteak. Lan hori da fruituak ematen dituena, eta lanean ari den jende hori zaindu behar dugu". 
    • Ane Zuazubiskar: Ez dakit gai naizen iritzi objektiboa emateko bailarako bertsogintzaren osasunaren gainean. Gertutik, Arrasateko, Bergarako eta Aretxabaletako bertso eskolak ezagutzen ditut, eta, horiei begiratuta, esango nuke bertsoaren bueltan haurra nintzenean baino jende gehiago ari dela. Heldu gehiago, haur gehiago, emakume gehiago... Arrasatek sekulako poza ematen dit, eskolan hasi nintzenean baino talde gehiago daude egun".
    • Maider Arregi: Kanpotik begiratuta, badirudi Debagoiena ez dela eskualde bereziki bertsozalea; dena dela, nik uste dut hemen ere bertsolaritza indartsu dagoela: bertso eskolak daude ia herri guztietan, hezkuntza arautuan bertsolaritza irakasten da, saioak antolatzen dira han eta hemen… Nik Oñatiko kasua ezagutzen dut gehien, eta harrigarria da zenbat saio antolatzen diren herrian bertso eskolaren bidez".
  • Bertsolarien eta bertsozaleen profila gaur egun:
    • Ainhoa Agirreazaldegi: "Bertsolaritza ez da lehen bezain homogeneoa. Egun, hainbat dira jendea bertsolaritzara hurbiltzen duten ateak. Hizkuntzaz, jatorriz, lagun giroz, kultur ikuspegiz, ideologiaz… abiapuntu askotariko zaleak daude eta bertso saioak ere gero eta dibertsifikatuagoak dira. Bertsolaritzaz buruan dugun irudia askoz klasikoagoa da errealitatea bera baino. Etorkizuna aberastasun horretan egongo da". 
    • Ane Zuazubiskar: "Gero eta leku, giro eta jende gehiagorengana iristen da bertsoa; irudipen hori dut, behintzat. Bailaran gutxiago igarriko dugu hori, agian, baina beste leku batzuetara joaten garenean konturatzen gara. Leku ezberdinetan aritu nahi izaten dut nik. Herrian aritzea polita da beti, baina gehiagotan egokitzen zait kanpoan abestea. Hala ere, egia da gazteok gazteoi kantatzeko espazioen hutsunea sumatzen dudala".
    • Maider Arregi: "Nik uste dut gaur egun profil ezberdinak kabitzen direla bertso-munduaren barruan. Badago betiko profil tradizionala, baserriarekin, herrigintzarekin, abertzaletasunarekin… lotua, eta badaude profil berrigoak ere; borroka feministarekin lotuak, adibidez. Batzuetan, bertsomodu horiek elkarren aurka jartzera tematzen gara, dikotomia bat sortuz, baina, berez, elkar elika dezaketela uste dut". 
  • Sare sozialak, lagungarri ala kalteko?
    • Ainhoa Agirreazaldegi: "Uste dut gainzamatuta gauzkatela. Gaztetxoen eta sare sozialen erabileraz hitz egiten da sarri, baina helduok ere ez gaude salbu. Nik ez ditut asko jarraitzen, baina bai denbora pixka bat galtzeko adina. Informatzeko erabiltzen ditut, baina ez nago oso gustura informatzeko modu berri honekin: esklabotasun handia da. Sanoagoak ziren egunkaria bakarrik irakurtzen genitueneko garaiak!". 
    • Ane Zuazubiskar: "Batzuetan, paranoiak jota aritzen naiz ni ere, eta sare sozialetako kontuak ezabatzeko gogoa izaten dut... Bertsotarako eta lanerako, hala ere, batzuetan, eskertzen dut sare sozialetan jasotzen dudan informazioa, baina bertsotara eramateko, gero, nahiago izaten dut gaiak eta albisteak patxadaz hartu. Sare sozialetako kontuen beste kezka da, pertsona moduan zenbateraino eragiten digun, hori ere plaza publikoa delako". 
    • Maider Arregi: "Hainbat eztabaida interesgarri sarean gertatzen dira eta horri ez diot baliorik kendu nahi. Hala ere, sare sozialak informazioa etengabe trukatzeko espazioak dira, eta ez dute denborarik uzten gaiei buruz lasai eta kolektiboan pentsatzeko. Aparte, Gustuko dut moduko mekanismoekin elkar epaitzen dugula iruditzen zait, eta bakoitzak bere irudi onena erakutsi beharrak pereza handia ematen dit" . 
  • Oroimenean gordeta duzun bertso mina:
    • Ainhoa Agirreazaldegi: "Lazkao Txikik ispiluari jarritakoak –Mutiloan, 1989an, Hitzetik Hortzera-ko bazkarian–. Samurtasuna, egiazkotasuna, umorea, ingenioa… denetik daukate bertsoek. Hauxe: Aizak, nik hiri bota behar dit bertso koxkor bat edo bi behingoan jarri geran ezkero biok aurpegiz aurpegi neri begira hortxe daduzkak alferrikako bi begi hik noski ez nauk ni ikusiko baina nik ikusten haut hi".
    • Ane Zuazubiskar: "Ume-umea nintzelako edo, baina 2005eko Txapelketa Nagusiko finaleko arratsaldeko Kartzela gogoratzen dut. Gogoan dut nekatuta nengoela, zuzenean entzuten nuen lehen finala zen, eta ordu asko neramatzan geldirik eta eserita, baina badakit Amets Arzallusen bakarkakoa hasi zenean adi-adi jarraitu nuela. Finaleko gazteena bera zelako edo harrapatu egin ninduelako hasieratik, baina adi-adi jarraitu nituen bertsoak". 
    • Maider Arregi: "Ez daukat bertsorik beti gogoan izaten dudanik. Boladaka batzuk ala beste batzuk izaten ditut buruan. Azkenaldian, Maialen Lujanbioren 2013ko BECeko goizeko kartzela-koarekin nabil. Uste dut momentuan ez zela eta, gero ere, ez dela bertsoaldi hori bereziki baloratu; baina hiru bertsoak oso konplexuak eta ederrak iruditzen zaizkit, bertso sorta hori entzuten dudan bakoitzean emozionatu egiten naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak