Debagoienean ere hasi da ikasturte berria

Amaia Zabala 2019ko ira. 13a, 10:15
Guraso batzuk haien seme-alabekin eskola aurrean.

Udako oporren ondoren, hasi da ikasturte berria ikasle eta irakasleentzat. Izan ere, bailarako ikastetxe, unibertsitate eta lanbide heziketa eskolek proiektu berriekin heldu diote kurtso berriari. Aipatzekoa da EAEn inoizko ikasle gutxien hasi dela.

Irailaren 9an, astelehena, hasi zituzten eskolak bailarako herri guztietan, Oñatin salbu, Arantzazuko Amaren Eguna zela-eta martitzena izan baitzuten eskolako lehen eguna oñatiarrek.

Eskualdeko herrietako hezkuntza aukerari dagokionez, zabala da. Arrasateri dagokionez, Herri Eskola eta Arizmendi Ikastola daude aukeran; bakoitzak Haur Hezkuntzatik (HH) hasi eta batxilergorainoko zerbitzua eskaintzen du. Bergararen kasuan ere, Aranzadi Ikastolak eta publikoak –San Martin Agirre eta Ipintza Institutua– HHtik batxilergorainoko zerbitzua eskaintzen dute. Mariaren Lagundia kristau eskolak, berriz, HHtik DBHra.

Oñatin ere, hiru hezkuntza eredu daude aukeran, Urgain Herri Eskola, Txantxiku Ikas-tola eta Elkarhezi Ikastetxea, eta hirurek HHtik batxilergora arteko eskaintza dute.

Aretxabaletan, berriz, Kurtzebarri Eskola Publikoak HH, LH eta DBH eskaintzen ditu eta Arizmendi Ikastolak, HH. Eskoriatzaren kasuan, Luis Ezeiza Herri Eskolak HH eta LH eta Arizmendi Ikastolak, berriz, HHtik batxilergora artekoa.

Antzuolan, Elgetan eta Aramaion, berriz, herri eskolak dira aukera bakarra eta HH eta LH eskaintzen dituzte. Leintz Gatzagako kasua berezia da: asteko hiru egunetan herrian dituz-te eskolak (HH), baina beste bietan Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolara doaz. Ikasle gutxiago EAEn Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak jakinarazi duenez, aurten, lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ikasturtea hasi duten ikasleen kopurua jaitsi egin da. 374.470 ikasle dira, guztira, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasketak egingo dituztenak, iazko datuekin alderatuta 487 gutxiago (-%0,13). Sare publiko nahiz pribatu-itunpeko datuak dira horiek.

Aipatzekoa da Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu zutela iaz lehen aldiz Eskoriatzan, eskola publikoan duten matrikulazio kopurua "baxua" dela-eta beraien lana "balioan jartzeko eta ezagutzera emateko" asmotan. Antonio Regaño Eskoriatzako guraso elkarteko kidearen esanetan, "aurten ez dute jai hori egingo; izan ere, bi urtez behin egitea da asmoa".

Bailarako unibertsitateak Mondragon Unibertsitatean ere astelehenean hasi zuten ikasturtea; hasiera ekitaldi ofiziala, ordea, gaur, egubakoitza, 12:00etan, Oñatiko campusean egingo dute.

Aurten, gainera, Mondragon Unibertsitateak graduko eta graduondoko sei titulu berri eskainiko ditu irailean. Mondragon Unibertsitateko ordezkarien esanetan, eskaintza akademiko "berritzailea" jarri du abian unibertsitateak: "Gizartearen behar berriei erantzuten dieten profil berriekin". UNED Bergarari dagokionez, azaroaren 8an egingo dute ikasturte hasierako ekitaldi ofiziala Bergaran. Informazio hitzaldia, berriz, Donostiako Koldo Mitxelenan eskainiko dute irailaren 18an, 19:00etan. Ikasturte hone-tan, 28 gradu, 76 master eta 19 doktorego-programa eskainiko dituzte eta matrikulazioa zabalik dago urriaren 23ra arte. Estatu mailako urrutiko hezkuntzarako unibertsitatea da UNED, eta jakinarazi dute gero eta gazte gehiagok "lehen aukera" bezala ikusten dutela.

Miguel Altuna Irailaren 9an hartu zituen lehen ikasleak Miguel Altuna Lanbide Heziketa Eskolaren egoitza be-rriak. 600 bat ikasle eta 76 irakasle izango dituzte. Josune Irazabal eskolako zuzendariaren esanetan, "egoitza berrian ere etorkizuna izango duen harrobia sortzen jarraitzea izango da helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak