'Oxigenoa Euskarari 6.000 metroan ere' dokumentala hilaren 20an Oñatin

Jone Olabarria 2019ko ira. 12a, 20:00

Euskararen erabilera sustatzeko asmotan, Euskal Herri guztiko hamabi gazte Nepalen izan ziren iaz, eta tartean ibili ziren lau oñatiar ere. Esperientzia hura Mikel Fernandezek grabatu eta dokumental batean jaso du. Gaur arratsaldean aurkeztu dute lan hori Tabakaleran eta hain zuzen, hilaren 20an iritsiko da Oñatiko Kultur etxera.

Hilabetez hamabi gazte euskaldun eta bederatzi sherpa elkarbizitzen egon ziren iaz, goi-mendietako gailurretan ere euskaraz hitz egitea posible dela erakusteko asmotan. Bada, 2016an sortu zen, Oxigenoa Euskarari 6.000 metroan ere egitasmoa izango zenaren ideia, Felipe Uriarteren eskutik, Nepalen espedizio batean zebilela. Proiektuaren oinarria baina, lehenagotik zetorren: Laudion 2010ean sortutako Oxigenoa Euskarari ekimenak mendiaren balioak eta euskararen sustapena bultzatu gura zituen.

Hala, 2017an, lagun nepaldarren bitartez, hamar gazte sherpa hautatu ziren. Euskal Herrira etorrita ere, 14 eta 18 urte bitarteko gazte taldetxo bat osatu zuten eta espedizioa finantzatzeko 70.000 euro lortu zituzten, "ate asko jota", kamisetak salduta edota enpresen laguntzarekin. Behin dena lotuta, Himalaiara abiatu eta abenturari ekin zioten,  3.000 eta 5.000 metro arteko mendiak eginez egunero, baita 6.000 metroko bi ere. 

Euskal Herri osoan zehar

Orduan bizitakoa ikus-entzunezko lan batean jaso du Mikel Fernandezek eta gaur aurkeztu dute Tabakaleran. Dokumentala orain Euskal Herrian zehar erakusteko asmoa dute, "abentura zoro hutsean soilik geratu ez dadin", ikastetxeen, udalen edota kultura-zentroen bitartez. Bada, irailaren 20an, egubakoitza, iritsiko da Oñatiko kultur etxera Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere dokumentala, 19:00etan, solasaldi eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak