Udal euskaltegietan eta AEKn izena emateko epea zabalik dago

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 13a, 11:41
Leintz Udal Euskaltegiko ikasleak, klase batean. Argazkia: Leintz Udal Euskaltegia.

Ikasturte berriari begira jarrita daude dagoeneko Arrasateko, Bergarako, Oñatiko eta Leintz udal euskaltegiak, baita Debagoieneko AEK ere. Hala, euskara ikasi edo hobetu gura duten horiek irailaren bukaerara arte izango dute matrikulatzeko.

Debagoieneko udal euskaltegiek eta AEK-k martxan dute 2019- 2020 ikasturterako matrikulazio kanpaina, eta, irailaren bukaera bitartean, epea zabalik izango dute euskara ikasi edo hobetu gura duten horiendako.

Udal euskaltegiei dagokienez, Euskararekin match! izan da aurtengo kanpainarako aukeratu duten leloa, eta maila guztietako eskaintzak dituzte.

Arrasateko Udal Euskaltegian irailaren 24ra arte izango da matrikulazio epea. Eskaintza guztiz irekia dute, eta eskaeraren arabera moldatuko dute, ordutegi moldagarriekin. Izena emateko hiru bide dituzte: 943 79 70 77 telefonora deituta, euskaltegi@arrasate.eus helbidera idatzita edo bertara gerturatuta.

Bergarako Udal Euskaltegian irailaren 27ra arte dago izena emateko aukera. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak, egokitutako taldeak, autoikaskuntza, etorkinendako harrera ikastaroak, eta abar eskaintzen ditu, erritmo eta ordutegi egokituekin. Bestalde, dirulaguntzak eta tarifa bereziak ere badituzte. Izena emateko, 943 76 44 53 telefonora deitu edo euskaltegia@bergara.eus helbidera idatzi.

Leintz Udal Euskaltegian, hilaren 25era arte egongo da matrikulatzeko aukera. Hemen ere maila guztiak eskaintzen ditu: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2. Horrez gain, txandakako taldeak eskaintzen dituzte, eta, beka sistemaren bitartez, ikasleek, langabetuek eta erretiratuek prezio erdia ordainduko dute. Izena emateko, 943 79 21 68 telefonora deitu edo idazkaritza@udaleuskaltegia.eus helbidera idatzi.

Oñatiko Bedita Larrakoetxea Udal Euskaltegian, azkenik, hilaren 20an bukatzen da matrikulazio epea, datorren egubakoitzean. Aurreko guztietan moduan, euskara maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu, baita ikastaro bereziak, Oñatiko euskararenak eta ekintza osagarriak ere. Eskaerari egokitutako erritmo eta ordutegiak eskainiko dituzte, eta iraupen luzeko langabeentzat, doan izango da izen-ematea. Bestalde, matrikulatzen direnen artean matrikula baten zozketa egingo dute. Izena emateko, 943 78 24 96 telefonora deitu edo euskaltegia@onati.eus-era idatzi.

AEKn, hilaren 27ra arte

AEK ere ikasturte berriari begira jarrita dago, Zu hemen zaude, AEK ere bai leloarekin, eta matrikulazio epea irailaren 27ra arte edukiko du zabalik. Urtero moduan, eskaintza zabala izango da: eskolak euskaltegian, online ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio-planak, itzulpen-zuzenketa zerbitzua, eta abar.

Ordutegiari dagokionez, asteko egun guztietan goizez zein arratsaldez klaseak jasotzeko aukera eskaintzen dute. Bestalde, izena ematen duten guztiek doan jasoko dute AIZU! aldizkaria. Izena emateko hiru bide dituzte: 943 77 03 69 telefonora deituta, arrasate@aek.eus helbidera idatzita, edota egoitzara gerturatuta – 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara–.

AEK-ko kideek azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arrasateko Udalak dirulaguntzak ematen dituztela euskara ikasi gura dutenendako.

Ate irekiak, martitzenean

AEK-k aurten ere ate irekiak egingo ditu bere euskaltegi guztietan, baita aste honetan inauguratu berri duten Debagoieneko euskaltegian ere, Arrasaten. Irailaren 17an izango da hori, martitzenean. Eskolak A1 eta A2 mailetakoak izango dira, zerotik abiatzen direnei eta A1 maila dutenei zuzenduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak