'Ttap' familiaren urtebetetzea

Eneko Azurmendi 2019ko ira. 9a, 10:19

Erabiltzaile bat, bere mugikorreanTtap aldizkaria irekita duela.

2018ko irailaren 21ean lehen zenbakia kaleratu zenetik, urtebeteko ibilbidea egin du jada egungo kontsumo eredura egokitzen den euskarazko Ttap aldizkari digital multimediak, eta urtebete honetan, "proiektua fintzen, sendotzen eta hazten joan da".

43 zenbaki kaleratu ditu orain arte Ttap aldizkari digital multimediak, eta, guztira, 85 bat elkarrizketa. Azken hauez gain, orotariko edukiak eskaintzen ditu aldizkari Ttap-ek, eta 65 bat lagunen kolaborazioarekin osatzen dute asteroko zenbakia: elkarrizketatzaileak, zutabegileak, moda adituak, zinema adituak, argazkilariak, ilustratzaileak, eta abar. "Kolaboratzaileek pisu handia dute Ttap-en, aldizkariaren zati handiena kolaborazio bidez egiten dugu. Kolaboratzaile sorta zabal eta plurala daukagu. Esparru eta arlo oso desberdinetako kolaboratzaileak dira, eskarmentu handikoa bakoitza bere arloan, eta oso pozik gaude", azaldu du Monika Belastegik, Ttap aldizkariko zuzendariak.

Elkarrizketak dira aldizkariaren zutabe nagusia. "Elkarrizketatuak aukeratzeko orduan profil oso ezberdineko pertsonaia ezagunak ekarri ditugu Ttap-era: kultura arlokoak, kirolariak, ekonomialariak, zientzialariak, osasun arlokoak, telebista aurkezleak, bertsolariak...".

Belastegik nabarmendu duenez, aldizkari "erabat multimedia" da, eta edukiak hainbat formatu eta euskarritan lantzen ditu, erabiltzaileari "esperientzia atsegin eta interesgarria" eskaintzeko. "Testuekin batera, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak jasotzen ditu eta horregatik esaten dugu beti Ttap irakurri ez ezik, ukitu, ikusi eta entzun ere egin daitekeela".

43 zenbaki kaleratu ditu orain arte Ttap aldizkariak, eta guztira 85 elkarrizketa. 65 bat lagunen kolaborazioarekin osatzen dute asteroko zenbakia

Edukiari dagokionez, gertuko gaiak lantzen ditu aldizkari digital multimediak, "gaurkotasunezkoak, baina ez ezinbestean egunerokoari lotuak, modu erraz eta azkarrean kontsumitzeko moduan". Zuzendariaren esanetan, batez ere, inguru urbanoan edota garraio publikoan kontsumitzeko pentsatutako aldizkaria da, telefonoa aldean hemendik hara dabiltzan horientzat. "Horregatik, ordu laurden batean irakurtzeko moduko aldizkaria da. Hala ere, edukietan sakondu nahi duenak beti izango ditu mimo handiz landutako audio eta bideo elkarrizketa luzeagoak eskura, azken produktua kalitate handikoa izan dadin".

Berritzailea eta freskoa

Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.

Sorrerako helburuetako bat euskarazko edukien kontsumoan beste euskarri batzuk probatzea zen. "Kasu honetan, mugikorrean edo tabletan irakurle-ikusle-entzuleek erraz kontsumitu ahal izateko kalitatezko edukiak eskaintzea. Hau da, autobusean, etxean, trenean edo beste edozein lekutan euskaraz kontsumitzea", adierazi du Jone Guenetxeak, Aldizkari Digital Multimediak enpresako presidenteak. Goienako zuzendari Iban Arantzabalek ere argi du euskarri horren aldeko apustua egin beharrekoa zela. "Goienako lantaldeak zerbait badu da aurrera egiteko grina. Hor kokatzen dut Ttap. Abuztu honetan bertan Goiena.eus webgunera sartu direnen %70,7 eskuko telefonotik sartu dira. Ttapekin kontsumo-molde hori esperimentatu dugu, ikus-entzunezko askorekin, testuekin eta audioekin lagunduta. Urtebetean asko ikasi dugu eta aldizkari digital multimediarekin merkatuan kokatu gara, euskaraz eta berritzaile, Arrasate Press-ek orain dela 31 urte egin zuen moduan", dio.

Gazteengana heldu guran

Arantzabalen esanetan, "kezka mundiala" zen eta da zelan heldu gazteengana. "Gazte eta helduagoek eskuko telefonoan 3 ordu eta 50 minutu pasatzen ditugu egunero, gutxi-asko. Nomofobiko ere bihurtu gara eta ezin gara etxetik atera telefono barik. Gure kezkak, beraz, batzen ditu gazteak eta telefono kontsumoa". Belastegik ere aitortu du kontsumo ereduak aldatu egin direla, eta horietara egokitzeko helburuarekin sortu dutela aldizkari digitala. "Orain arte ez geneukan Ttap bezalako aldizkaririk euskaraz, eta euskarak behar du egon eskuko telefonoetan eta tabletetan. Kontuan izanda, gainera, gazteak bai ala bai gailu hauetan daudela. Bereziki, gazteak ditugu aintzat produktu honekin, baina gaztearen definizio malguarekin".

Helburuak betetzen

Guenetxea pozik azaldu da urtebete honetan eman dituzten aurrerapausoekin. "Ttap-en sorreran aitortu genuen esperimentaziorako espazio bat zela, eta horrela izan da. Esperientzia horretatik abiatuta, proiektua fintzen, sendotzen eta hazten joan da. Kalitateari eustea lortu dugu, eta baita kolaboratzaile sarea zabaltzea ere. Hala ere, gure lanarekin zorrotzak izan behar dugu, eta geroago eta ikusentzule gehiago izateak erronka izaten jarraitzen du. Mugikorraren erabilera hazten doan heinean, geroago eta kontsumitzaile potentzial gehiagorengana heldu behar dugu. Euskarria geroz eta gehiago ezagutzen ari gara eta aukera berriak sortzen ari dira. Formatu honek joko gehiago eman dezake oraindik".

Arantzabalen ustez ere, helburuak betetzen ari dira. "Komunikabide berri bat, egiteko modu berri bat, sakontasuna eta arintasuna batera ematen dituen aldizkari bat, moda orriak eta elkarrizketa luze bat batera, autobus bidaia baterako edo metrorako hedabide erosoa... Produktu freskoa da, euskara hutsean, doakoa, modernoa, berritzailea... Bai, helburuak betetzen ari gara".

Esperimentatzen jarraitu

Aurrera begira, esperimentatzen jarraitzea ezinbestekoa izango da, Guenetxearen esanetan. "Deskubritzea zer egin dezakegun. Eduki mota berriak asmatu gura ditugu, formatu honek aukera hori ematen du eta. Bestalde, oraindik ere askoz ere jende gehiagorengana heltzeko aukera dugula jakinda, zabalkundean lan egitea da beste erronketako bat".

Esperimentatzen eta euskarriak eskaintzen dituen aukera berriak aztertzearen aldeko apustua egiten jarraituko du aldizkariak

Aldizkariko zuzendariak ere aukera berriak aztertzearen aldeko apustua nabarmendu du. "Euskarri berritzailea den aldetik, gu ere ikasten ari gara eta esku artean dugun erronka handienetako bat da euskarriak ematen dizkigun aukera berriak esploratzea eta haiei zukua ateratzen ikastea".

Arantzabalek dio seme-alaba bat izateko beste esperientzia metatu duela Ttap-eko lantaldeak. "Jende profesionala eta prestatua dugu eduki sorkuntzan, diseinuan eta kudeaketan. Agian, gerturatzen ari da ordua segmentu konkretuagora jotzeko".

Zenbaki berezia gaur

Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbakiak egubakoitzero argitaratzen dira, eta Nafarroakoa, bi egubakoitzetik behin. Ohiko edizio horiez gain, zenbaki bereziak ere atera izan ditu aldizkari digitalak, Durangoko Azokaren, Martxoaren 8aren edota Korrikaren gainekoak, esaterako, eta gaur, egubakoitza, beste zenbaki berezi bat kaleratuko du, Humanity at Music sinfonia kooperatiboaren gainekoa. Izan ere, irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan ekitaldi nagusia egingo du sinfonia kooperatiboak, eta, iragartzeaz gain, ezagutarazi eta hara joateko gonbita egiten zaio ikus-entzuleari. Bestalde, Paul Caballeroren iritzi ilustratua, argazki albuma, ekitaldi nagusiko egitaraua, dantza koreografikoak eta beste hainbat eduki ere jasoko ditu gaurko zenbaki bereziak, baita Humanity at Music liburuaren aurkezpena eta online erosteko aukera ere.

Zenbait kolaboratzaile eta elkarrizketaturen iritziak:

Ttap nola deskargatu:

Aldizkaria eskuratzeko aplikazioa deskargatu behar da, doan, Apple Store edo Google Play bidez. Barikuro, zenbaki berriak, automatikoki, eskuragarri izango dituzu aplikazioan. Facebook, Twitter eta Instagram bidez ere deskarga daiteke, baita webgunetik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak