Lapurretek nabarmen egin dute gora etxeetan oraingo abuztuan

Jone Olabarria 2019ko ira. 6a, 10:25
Etxeak markatu eta hutsik dagoen egiaztatzeko erabilitako plastikozko pieza.

Iaz baino 15 lapurreta kasu gehiago zenbatu dira eta Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuola izan dira kaltetuenak.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat lapurreta kasu gertatu dira abuztuan Debagoieneko herrietan, eta, guztira, hamasei kasuren berri izan dute, etxebizitzetako lapurretei dagokienez. Iazko datuekin alderatuta, "nabarmen" egin dute gora lapurretek, 2018an kasu bakarra zenbatu baitzen bailara osoan.

Herriz herriko datuak aztertuz gero, Aretxabaletan lapurtu dute gehien; zazpi etxetan, guztira. Eskoriatzan lau lapurreta zenbatu dituzte eta Antzuolan, hiru. Arrasaten eta Oñatin kasu bana erregistratu dute, eta gainerako herrietan Ertzaintzak ez du salaketarik izan.

Gutxi, baina trebeak

Lapurrei dagokienez, bizpahiru pertsonak osatutako eta halako kasuetan espezializatutako taldea izan daitekeela uste du Ertzaintzak, sarrailak behartzen oso trebeak. Mugikortasun handiko taldea dela azaldu dute, eta, hirietan ibiltzen diren arren, AP-1 ondoan izateak eta Deskargako errepide berriak ere bailarara erakarri dituela uste dute, lapurreta egin eta ihesaldia erraz egin dezaketelako.

Sarraila manipulatuz

Orokorrean, sarrailak manipulatuz lortu dute etxebizitzetan sartzea lapurrek, gakorde bat erabilita, edota indarrez bortxatuta. Ertzaintzatik diote ostu aurretik guneak aztertu eta atearen eta markoaren artean silikona edo lekeda hariaren aztarnak jartzen dituztela. Hala, haria apurtu gabe baldin badago, etxe horretan mugimendurik ez dagoela ikusten dute. Azaldu dutenez, ateak markatzeko beste modu bat plastikozko pieza txiki batzuk sartzean datza, horrela, lapurrak lekura bueltatu eta plastikoa bere lekuan badago, etxebizitza hori hutsik dagoela egiaztatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak