Bai. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu eta Victoriano Gallastegi alkate zirela sinatu zen eraikin trukea. Gorabehera asko izan dira ordutik: legealdi eta agintari aldaketak, krisia… Azkeneko hilabeteak ere gogorrak izan dira, trasladoarekin eta. Onena da hemen gaudela, hasteko gertu.
Hasieran amestu zenuen eraikina da?
2001ean amestu genuena zen gauza bat; daukaguna da beste bat. Egoera berrietara egokitu gara. Egia da orain proiektua hutsetik hasi beharko bagenu elementu asko aldatuko genituzkeela, baina beste asko daudenetan lagako genituzke. Egitura eta funtzionamenduaren aldetik gustura gaude.
Hasierako proiektuan, lur azpiko aparkalekua zegoen aurreikusita.
Bai. 50 autorendako tokia aurreikusten zen lur azpian. Hori ez daukagu, baina eraikinaren aurrealdeetan badaude aparkalekuak eta lehen Candy-rena izan zen aparkalekua ere atondu du Udalak. Hortaz, tokia badago. Dena den, ikasturtea hasi arte ez dugu jakingo aparkatzeko leku gutxi dagoen ala ez. Hau berria da denondako. Lehen, herriko edozein tokitan aparkatzen zuen eskolara zetorrenak, herriaren erdian geunden eta.
Kaletik oinez joateko bideak ere egokitzen edo egiten ari dira.
Bai, eta ondoetorria da hori, ze eroso egiten da herriaren erdigunetik eskolara arteko joan-etorria. Dena den, hezkuntza duala eskaintzen dugunez, zaila da eskolatik zuzenean lanera doan ikasle bat auto barik hurbiltzea eskolara.
Zailtasunak zailtasun, astelehenean normal hasiko duzue ikasturtea.
Bai. Trasladoak lan handia eman digu. Hasierako asmoa zen aurreko ikasturtean hastea, baina arrazoi desberdinak tarteko, obrak atzeratu egin ziren. Antolaketarako asti gehiago izan dugun arren, gauzak egoitza zaharretik berrira ekartzeko, tailerretako makinak mugitzeko eta antzekoetarako, udako hilabeteak izan ditugu. Ikasturtea hasiko dugu orain, baina erabateko normaltasuna helduko da hilabete batzuetan, guztiok ohitu behar baikara.
Zenbat ikaslerekin hasiko duzue kurtsoa?
600 inguru. Irakasleak, ostera, 76 izango dira.
Askotariko ikasleak?
Bai; gaur egun, formakuntza etengabea da eta, honenbestez, 16 edo 18 urtetik hasi eta 50 urtera artekoak dira gure ikasleak; gizonezkoak eta emakumezkoak, nahiz eta oraindik ere estereotipoei eusten zaien: ziklo teknikoetan, gizonezkoak dira nagusi eta zerbitzuetan, emakumezkoak. Ziklo teknikoetan dabiltzan emakume gehienak adin batekoak dira, ez dira batxilergotik datozenak; hau da, beste lan batzuk dituztenak edo izan dituztenak, kooperatiben ingurunean daudenak eta ziklo tekniko batekin frogatu nahi dutenak.
Zelako eraikina da, ze tamainakoa…?
Bi eraikin dira. Bati teknikoa deitzen diogu, tailerra eta gela teknikoak daude hor eta 6.300 metro koadro ditu. Bestean, eraikin nagusian, daude administrazio zikloarekin batera zuzendaritza, irakasleak, zerbitzu zentralak eta aretoa. 3.300 metro koadroko erakina da. Guztira, bi eraikinekin, ia 10.000 metro koadro dira. Zaharrak 5.000 zituen. Tailerrarekin oso gustura gaude. Dena solairu bakarrean, dena zabalik… 3.000 metro koadrotan.
Zerk egiten du berezi Miguel Altuna, beste lanbide heziketa eskola batzuekiko?
Urte askoko eta, ondorioz, esperientzia handiko ikastetxea da, inguruneari eta bertako industriari oso lotua. Gertukoa da. Eta izaera horri eutsiko dio. Zure zubia da gure azken urteotako leloa. Izan ere, eskolak izan nahi du ikaslearen, beste ikastetxe batzuen, beste lantoki batzuen… zubi. Miguel Altunak nahi du ikasleak behar duenari erantzun, haren premiei egokitu… Debagoienean punta-puntako lanbide heziketa eskola bat edukitzea inportantea dela uste dugu.
Zein da Miguel Altunaren ospe onaren arrazoia?
Ikasleen eta enpresen beharrei erantzuten jakitea. Horretaz gain, atzerriko beste eskola eta erakunde batzuekin harremanak estutu ditugu eta horiekin ikasitakoak eskolan txertatu ditugu. Metodologia aldetik ere aitzindari izan gara; azken urteetan garatu ditugu 40 berrikuntza proiektutik gora; sailburuordetzak bultzatutako ekimen guztietan parte hartu dugu; SPRI edo Foru Aldundiarekin batera lan egin dugu hainbat proiektutan…
Mundu mailako kongresua antolatu duzue datorren asterako. Zeren gainekoa?
Hotzeko
Gune berriari etekina ateratzea, betiere, teknologia edo joera berriekin, eta gizarteari, ikasleei eta enpresei, zerbitzu ona ematea. Inguruneak behar duen hezkuntza eskaintza bermatzea.