"Aurtengo Tourra alderdi psikologiko batetik aztertuko bagenu, argi dago, beste behin, handitasuna duen lasterketa bat izanik, aspektu mentala eta emozionalak inpaktu handia izaten dutela eta horiek kudeatzen eta gestionatzen jakin beharra dagoela. Aurtengo ekitaldiak, beste urte batzuekin alderatuta, lehia zabal bat ikusteko parada eman digu eta era berean, txirrindulari askoren gorabeherak begi bistan gelditu dira. Horiei helduko diet
gaurkoan, hain zuzen ere, kontuan izan behar baititugu, ezbeharrak existitzen direla, jokoaren parte direla eta aurrerapenaren isla ere badirela.
Faboritoen artean, lehengo egunean jada Jacob Fuglsang-ek erorikoa izan eta garaipenerako aukerak murriztu zituen. Astanakoari jarraituz, beste hainbat izan dira garaipena urruti ikusi dutenak ere: Adam Yates, Richie Porte, Nairo Quintana, Mikel Landa (erorikoa), Thibaut Pinot (lesionatuta lasterketa utzi), Romain Bardet, Rigoberto Uran eta Enric Mas, besteak beste. Izen hauek hartuta eta psikologiatik honelako egoera bat nola ebaluatzen den ulertu dezazuen, jarraian, ebaluaketa hori nola egiten den azalduko dizuet.
Lehenik eta behin, ondorengo galdera egingo nieke: Nolako portaera izaten duzu zure buruarekin huts egiten duzunean? Lotura honelakoa bada, kirolaria ez dabil zuzen: Akatsa edo porrota = sufrimendua = ikaskuntza. Izan ere, ezin baita bere buruarekin gaizki sentitu, horrek ez baitio konponbide batera eramango. Gaizki sentitze hutsak ez dio iñorri aldaketara bultzatzen. Bestalde, askoz ikaskuntza handiagoa ateratzen zaizkie akatsei, frustraziotik baino, jakin minetik kudeatzeko joera izango bagenu.
Hori guztia kontuan izanda, Tourra bukatutakoan, oso garrantzitsua da honelako galderak egitea: Zer ikasi dut esperientzia honetatik? Ezbeharretatik? Nola bizi izan dut nik? Eta talde mailan besteek? Lanketa hau, kontsultan burutzen dudanean edozein diziplinako kirolariekin, erantzunak eskatzen dizkiet konponbidera zuzentzen diren terminotan ematea.
Horretarako, bai edo bai positiboki formulatuak egon beharra daukate. Beste dinamika mota bat, idatziz barruan bizi izan dutena kanporatzea izango litzateke. Ondorengoa idaztea lagungarria izaten zaie orokorrean: “idatzi hurrengo lerroetan zer ez zaizun Tour honetan gustatu eta/edo zer ez litzaizukeen etorkizun batean gertatzea gustatuko”. Honekin, barne esplorazioaz gain, testuinguruarekiko duten lotura horretan zer gertatu den ikusteko parada izaten dugu. Idatziz egitearen arrazoia, ondorengoa da: barruan bizi den intentsitate eta inpaktu emozionala murrizten laguntzen du, eta egoerak perspektiba eta foku ezberdin batetik ikusteko aukera ere ematen du. Emandako erantzun horien aurrean, bi galdera hauek ere gehitu behar dira. “Idatzi duzun gauza guzti horien artean zer dago zure esku? Zer egin dezakezu zuk etorkizun batean horrelakorik ez emateko?”. Helburua ez da akatsa, erorikoa edota gurpil zulatua ez ematea (zure esku ez dauden gauza baitira askotan), baizik eta, psikologikoki, gertaera horien aurrean zein interpretazio ematen diozun, zein jokaera hartzen duzun eta nola egiten diozun aurre izaten da gakoa.
Nire aburuz, ezbeharren aurrean modu zuzen eta egoki batean berrantolatu diren txirrindulariak hauek izan dira: Mikel Landa, denbora galdu eta dolu egoera bat pasa eta gero, lasterketara berreldu eta lehian jarraitzeko izan duen jokaera sendotzeko estrategia horiek nola finkatu dituen jakin ez arren, eredugarria izan dela iruditu zait, are gehiago kontuan izanda Giroa egitetik datorrela; Romain Bardeten kasuan, Tourmaleteko 14.etapan 20 minutuko galera izan eta gero, mendiko maillotaren borrokan sartzeko motibazioa bilatzea ere lortu du; Nairok etapa bat irabazteko motibazioa eskuratu zuen; eta azkenik, Enric Mas-ek aurtengo protagonista handienetakoa izan den bere Julian Alaphilippe taldekidearengatik dena emateko borondatea azaldu zuen bere errendimendua gutxitzen joan zen lehen unetik.
Bukatzeko, ahoz zein idatziz ondorengoa idatzi beharko lukete: “2019ko Tour hau, egoera eta baldintza berdinetan lehiatzeko aukera izango bazenu (tenperatura, gorabeherak, taldekideak, eguraldia, etapak..) dena berdina mantendurik, zer egingo zenuke zehazki berdin? Eta, zer egingo zenuke ezberdin?”. Lehenengoaren kasuan, horren funtsezkoak, baina gehienetan existituko ez balira bezala baloratzen ez diren ondo eginiko ekintzak azpimarratuko ditu kirolariak, eta bestetik, hobetzeko zer falta duen zerrendatuko du. Helburua, finean, Tourrak, banakoari eman dion ikaskuntza zabal bat identifikatzea izango litzateke, bai alderdi positibo/zuzenak bai hobetu beharrekoak kontuan izanik, eta ez soilik negatiboak".