Sorosleen lana, bainu guneak kontrolpean izateko ezinbestekoa

Jone Olabarria 2019ko uzt. 27a, 10:52
Atarratz Etxebarria, Beñat Agirreurreta, Itxaso Martin eta Inazio Dulanto.

Uda denboraldiarekin batera ireki zituzten Debagoieneko bainu guneek ateak, ekain erdialdean. Azken asteetako tenperatura altuekin, erabiltzaile ugari gerturatu dira bailarak eskaintzen dituen askotariko ur-instalazioetara eta gertuko hondartzetara. Hala, denek gozatzeko asmotan eta segurtasuna bermatzeko, ezinbestekoa da sorosleen lana. GOIENAk bailarako lau soros-leren lana ezagutu du; sarritan, "gutxi baloratutako" sektorea.

ATARRATZ ETXEBARRIA Musakolako igerilekuko soroslea

"Prebentzioak funtziona dezan, beharrezkoa da erakunde, erabiltzaile eta langileok norabide berean jokatzea"

"Nire kasuan, 2011z geroztik dihardut Arrasateko igerilekuan lanean, urte osoan zehar. Gehienbat, istripuak ekiditeko prebentzio lana egitea tokatzen zaigu Musakolako kiroldegian. Horretarako, aurretik zehaztuta dagoen arautegia jarraitzen dugu eta erabiltzaileek hori bete dezaten saiatzen gara.

Norbaitek arau bat hautsi eta neurri zigortzaile bat ezartzen denean, ez dira neurriok ulertzen. Prebentzio lanak funtziona dezan, erakunde, erabiltzaile eta langileok norabide berean jokatzea ezinbestekoa da. Horren adibide da, esaterako, azken urteetan izan den aldaketa; jendearen jarrerari esker, artatze arinen kopurua nabarmen jaitsi da. Hori erabiltzaileen aldaketagatik gertatu da, baina baita erakundeen eta langileon lanagatik. Egunerokotasunean, batez ere, halako istripu edo zauri arinak artatu behar izaten ditugu, nahiz eta tarteka ezbehar larriren bat izaten den, baina ez da ohikoena izaten.

Arauetako baten arabera, esaterako, 8 urtetik beherako haurren erantzukizuna gurasoena da. Horrekin lotuta, aurrekoan, umeen itoaldiak ekiditeko hiru pausoko gomendio bat iritsi zitzaidan, gurasoei zuzendua: ADI! Haurra uretan. Kasu horretan, erantzukizuna gurasoena bada, haien ardura da araua bete eta haurrak kontrolatuta izatea.

Lan baldintzei dagokienez, izaten ari diren protestek erakusten dute oraindik ere egoera prekarioak izaten direla sektore honetan. Nire kasuan, udal langilea naiz, eta, hortaz, gainontzeko udal langileen lan baldintza berberak dauzkagu. Urte osoan egiten dut sorosle lana. Noizbehinka, igeriketa klaseak ematea suertatzen zait, egoerak eskatuta. Orokorrean, jendeak gure lana zein den ulertzen duela iruditzen zait, eta baloratu egiten duela esango nuke".

BEÑAT AGIRREURRETA Usakoko Soroslea

"Erabiltzaileek, orokorrean, ez dute soroslea autoritate bezala ikusten"

"Sorosleon ardura uretako segurtasun osoa ziurtatzea da. Bai pertsonarena, baita pertsona horrek sortu ahal dituen arazoak ekiditea. Usakon erantzukizuna handiagoa dela esango nuke; izan ere, igerileku batekin alderatuz gero, hau ez da espazio itxi eta mugatu bat. Ingurune natural bat izanda, ez daude erosotasun guztiak, lurra ez da erregularra, belarra egon daiteke, asko kubritzen du. Elementu natural hauek guztiek oso adi egon beharra eskatzen dute.

Dena den, Usakon egon naizen guztietan, umeek nahiko zentzudun jokatzen dutela iruditu zait, eta, arazoak izatekotan, nagusiekin izan ditugu. Azken asteetan, esaterako, edanda zeuden hainbat lagunekin tirabirak izan ditugu; hasiera batean, guk esandakoa errespetatu zuten eta guri ere ondo erantzun ziguten salto ez egiteko esan genienean. Egunak aurrera egin ahala, baina, garagardoak eskuetan uretan sartzen hasi ziren, baita elkarri botilak botatzen. Hori ez egiteko esandakoan, gaizki erantzun zuten, eta tentsio uneak izan ziren. Halako kasuetan, udaltzainengana jotzen dugu.

Aurten, bigarren kasu bat ere izan dugu, igerian ez zekien pertsona batekin; salto egin eta uretatik irteteko denbora asko tardatzen zuela ikusita, bera ateratzera sartu behar izan ginen. Usakon zailtasuna dute halako erreskateek, ura hotza dago, tentsio handiko egoera da, asko kubritzen du...

Dena den, jendeak arauak errespetatu ohi ditu, eta, beste-la, sorosleok ere abisua ematen diegu. Gure lana da, mugatuta dauden gauzekin oso zorrotzak izaten gara. Egun dugun arazoetako bat zigorrak jartzeko eskumenik ez izatea da. Hortaz, jendeak ez gaitu autoritate moduan ikusten, baina askok uste dute eurak salbatzeko zaudela, besterik gabe. Kexa ugari musikarengatik ere etortzen dira; jendea egun-pasa etortzen da eta uretatik kanpo zer egiten duten ezin dugu %100 kontrolatu. Ez gara denera iristen.

Gure kasuan, Oñatiko Udalak kontratatzen duen enpresa ba-teko langileak gara, eta, orokorrean, nahiko baldintza onak ditugu; urte osoan zehar kiroldegiko langileak gara, baita monitore ere. Udan errefortzuren bat kontratatzen duten arren, 6-7 sorosle izaten gara".

ITXASO MARTIN Agorrosingo Soroslea

"Gure lana gutxietsi egiten dute askok, zaintzaileak garela uste dute "

"Udan udaltzain lana egiten dugula sentitzen dugu, askotan. Ez erre, ez egin salto, ez joan korrika... Teorian, analisiak egin, kanpoko eta barruko igerilekua kontrolatu edota monitoreei lagundu beharko genieke, baina udako hilabeteetan denetarik egin behar izaten dugu... Arauak gutxi eta oso errazak dira, baina era-biltzaile askok ez dituzte errespetatzen.

Gure lana gutxietsi egiten dute askok, zaintzaileak garela uste dute, eta ez da hala. Hemen gauza serioak gertatu dira eta sorosleok atera ditugu aurrera. Gurasoek lan handia ematen dute, haurrak haur dira eta ulertzen dugu korrika egitea, esaterako, nahiz eta ezin den. Arauetako bat 8 urtetik beherakoak bakarrik egon ezin direla da, eta guraso askok seme-alabei gezurra esan eta 8 urte dituztela esateko agintzen diete, esaterako.

Jende askok konparaketa egi-ten du; guk saltorik ez egiteko esan, eta beste igerileku batean lagatzen diotela esaten digu, gure araua zalantzaz jarriz. Denetik dagoen arren, erabiltzaile batzuk oso atseginak dira sorosleokin ere. Animoak ematen dizkigute eta gure lana baloratzen dute. Zenbait kasutan, kaferen bat edo izozkiren bat nahi dugun galdetzen digute. Segurtasun neurriei dagokienez, goizetan bi sorosle egoten gara, bat kanpoan eta bestea barruan. Arratsaldeetan hiruk egiten dugu lan, kanpoan eta barruan 30 minutuko txandak eginda. Abuztutik aurrera, baina, hirugarren sorosle hori ez da egoten eta oso larri ibiltzen gara. Neurri hauek ez dira nahikoak, pertsonal gehiago beharko genuke. Pertsona bat jausi eta sorosleak sendatu behar badu, bi igerilekuetako bat zaintza gabe geratzen da.

Orokorrean, udan, lana gogorra da. Aurten, esaterako, iraindu eta uretara bota nau erabiltzaile batek. Ohikoak dira meha-txuak eta irainak urtero. Horren aurrean, erabiltzailea Agorrosindik bota dezakezu, egun batez. Kasu larrietan, espedientea zabaldu daiteke, baina hiru hilabeteko prozesua da. Haurrek badakite eta abuztutik aurrera denetik egiten dute, igerilekutik bota arte hilabeteak igaroko baitira".

INAZIO DULANTO Debako hondartzako soroslea

"Iazko grebaren ostean lortu genuen, esaterako, asteburuetan orduak gehiago kobratzea"

"Gure lana, hondartzan, prebentziozko lana egitea da, eta horrek funtzionatzen ez duenean salbamenduzko lanera pasatzen gara. Hiru uda daramatzat hondartzetan lanean, aurten Deban, baina Mutrikun ere ibili izan naiz. Egia esanda, eremu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baita hondartzak bakoitzak ere; Mutrikukoa, esaterako, askoz lasaiagoa da.

Egunerokotasunean, gehienbat, lehen mailako arreta egiten dugu; zauriak, ziztadak eta halakoak. Noizbehinka, baina, erreskateak egitea tokatzen zaigu. Iaz, esaterako, bi egunean hiru pertsona atera behar izan genituen uretatik; lehen egunean, lankide batekin batera, gizon bat ikusi genuen uretan, eta ezin irtenda zegoela zirudien. Halakoetan, sorosle bakarra sartzen da uretara eta beste bi kanpoan geratzen dira dena ondo doala ziurtatzeko. Beste behin, neska bat etorri zitzaigun abisua ematera, bere aitaita uretatik irten ezin zela esanez. Lehen urtean, 100 kiloko gizon bat atera behar izan nuen, arroketan zebilela marea igo eta ez atzera ez aurrera geratu baitzen.

Astean 39 ordu egiten ditugu lan, 15 eguneko 9 lan, 6 jai. Nahiko ondo errespetatzen da, ekaina eta iraila 8 orduko lanaldia da eta uztaila eta abuztua 9 ordu eta erdikoa. Bazkaltzeko 45 minutu izaten ditugu, baina beti erne egon behar dugu eta hondartza kontrolatuta izan. Normalean, sei pertsona egoten gara txanda bakoitzean hondartza osorako. Iazko grebaren ostean, asteburuetan lan egiten dugunean gehiago ordaintzen digute, baina aurtengo nobedadea da eta ez da sorosle guztiekin gertatzen den zerbait. Orain ere bagabiltza erdi borrokan; lan hitzarmenean jartzen duena eta guk irabazten duguna ez dator bat, hori zergatik gertatzen den jakin guran gabiltza.

Sorosle izateko, 290 orduko ikastaro bat egin nuen, Getxon. Ikastaroak salbamendua, lehen arreta eta desfibriladorearen erabilera lantzen zituen. Horretaz gain, hondartzetan lan egiteko eremu naturaletako titulua beharrezkoa da. Niri, lana asko gustatzen zait, lan kalitatea ona da. Ez nuke bulego baten egiten den lanarekin aldatuko, natura ingurune batean egotea itzela iruditzen zait".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak