Okupazio-maila handia abuztuan gure ostatuetan

Eneko Azurmendi 2019ko uzt. 31a, 09:29

Bisita gidatu bat, Oñatiko unibertsitatean.

Debagoiendar askok abuztuko oporrak bailaratik kanpo pasatzen badituzte ere, beste hainbat dira kanpotik ibarrera etortzen direnak; horren erakusgarri da zenbait landetxe eta hotel "ia beteta" daudela eta okupazio-maila handia izango dutela datorren hilean.

Elgetako Maialde landetxean, esaterako, ia %100eko okupazioa daukate abuzturako, Jesus Kalboetxeaga jabearen esanetan. Horrez gain, aurten uztaila ematen ari denarekin ere oso gustura daude. "Normalean, abuztuan beteta edukitzen dugu urtero, eta aurten, uztaila ere oso ona izaten ari da, mugimendu handia daukagu", azaldu du.

Bisitari gehienak Estatukoak dira. "Andaluzia, Katalunia, Madril eta Valentziakoak. Nik esango nuke berotik ihesi etortzen direla asko, klima freskoagoaren bila".

Kalboetxeagaren esanetan, familiak ere etortzen dira, baina, normalean, bikoteak izaten dira gehienak. Gainera, geroz eta egonaldi luzeagoak egiten dituztela aitortu du. "Batez beste, hiruzpalau egun egiten dituztela esango nuke, eta lasaitasun bila etortzen dira, hemengo, tradizioa, kultura, paisaia eta jendea ezagutzera, eta baita gastronomiaz gozatzera ere".

Hotel "multikulturala"

Arantzazuko Santutegia hotelak %70eko okupazioa du une hauetan, baina %90era ere gerturatuko da abuztuan, Carlos Odriozola zuzendariaren esanetan.

Bisitarien profila definitzeko orduan, "multikulturala" dela dio Odriozolak, aniztasun handiko bisitariak dituztelako. "Estatu mailakoak, Europako herrialde ezberdinetakoak eta munduko hainbat txokotakoak etortzen dira; Txinatik ere bai".

Oro har, bikoteak izaten dira, 50 urteren bueltakoak. "Erretiratuak ere dezente gerturatzen dira, 65-75 adin tartekoak, baina horiek astegunetan etortzen dira nagusiki, taldeka. Domekatik ostiralera bitarteko egonaldiak egiten dituzte".

Abuztuari begira, baikor

Bergarako Lamaño-Etxeberri landetxeko jabe Maite Aristegi ere oso baikor azaldu da abuztuari begira; izan ere, %90eko okupazio-maila daukate.

Aristegik dio Kataluniatik urtero etortzen zaiela jendea, eta aurten, horiez gain, madrildarrak ere izango dituztela. Bestalde, frantses talde bat eta AEBetako turistak ere izango dituzte. Oro har, astebete inguruko egonaldiak egingo dituzte, gutxienez, eta frantsesek, adibidez, bi aste egingo dituzte hemen. Badira, azkenik, egun pare bateko egonaldiak egiten dituzten turistak ere.

Uztaila, ona; abuztua, ere bai

Arrasate Hoteleko jabe Rosa Sarraoak dio uztaila "oso ona" izaten ari dela, eta abuzturako ere "oso aurreikuspen onak" dituztela. Izan ere, %80ko okupazioa dute datorren hilerako.

Hotel horretako bisitari gehienak Europa aldetik etorritakoak dira, Sarraoaren arabera. "Belgikatik, Frantziatik eta Portugaldik etortzen zaizkigu. Bidaiatzen ari direnak izaten dira, normalean, erdibidean Arrasaten geldialdia egitea erabakitzen dutenak, eta egun bat edo bi igarotzen dituzte hemen", nabarmendu du.

Guztiek ere, plan bertsuak

Salbuespenak salbuespen, bailarako hotel eta landetxeetara datozen turista gehienek plan antzekoak izaten dituzte, ostalari guztiek nabarmendu dutenez. Debagoiena Euskal Herriko erdigunean kokatuta egonik, oinarri moduan hartzen dute, gaua pasatzeko, eta hiriburu ezberdinak eta kostaldea ezagutzera ateratzen dira. Alabaina, badira hemengo inguruak ezagutzen geratzen direnak ere.

Debagoienean ere bada eskaintza

Bailaran bertan ere bada eskaintza, inguruak ezagutzeko aukera egiten duten kanpotarrentzat zein hemen geratzen diren debagoiendarrentzat.

Oñatiko Turismo Bulegoak, adibidez, eskaintza zabala edukiko du abuztuan. Egunero bi bisita eskainiko dituzte, 13:00etan eta 17:00etan. "Bisita gidatuak gaztelaniaz izango dira, bisitari gehienak Estatu mailakoak izaten direlako. Edozeinek beste hizkuntza batean gura izanez gero, beste ordutegi batean jaso dezake bisita, euskaraz, ingelesez edo frantsesez. Honetarako, baina, aurrez deitu beharko da izena emateko", azpimarratu du Jaione Elorzak, Turismo Bulegoko langileak.

Bestalde, Arrikrutz Kobak egunero irekita egongo dira, baina erreserba egitea eskatzen dute galeriak ikusteko. Horrez gain, bisita bereziak eskainiko dituzte. Batetik, EspeleoTxiki, abuztuaren 4an eta 17an, 15:30ean, 6 urtetik gorako haurrentzat –arduradun batekin joan beharko dute–. Bestetik, EspeleoArrikrutz, abuztuaren 10ean, 18 urtetik gorakoentzako, 09:30ean. Bi hauetan izena eman beharko da aurrez, 943 08 20 00 telefonora deituta edo arrikrutz@onati.eus helbidera idatzita.

Egunero irekita egongo dira Turismo Bulegoa eta Arrikrutz Kobak, 09:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara.

Azkenik, Txokolateixiak ere bisita gidatuak eskainiko ditu egunero, 12:00etan, doan.

Bergarari dagokionez, Laboratorium museoa egunero egongo da irekita. Astelehenetik zapatura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Domeketan, 10:00etatik 13:00etara. Horrez gain, bisita gidatuak eskainiko dituzte egunero, 11:00etan eta 12:30ean. Erreserba egitea ez da beharrezkoa; hala ere, erreserba eginez gero, hizkuntza aukeratzea posible izango da –943 76 90 03–.

Leintz Gatzagako Gatz Museoan, azkenik, eguenetan, egubakoitzetan, zapatuetan eta domeketan, 11:30ean euskarazko bisita gidatua eskainiko dute eta 13:00etan, gaztelaniazkoa. Ordutegi horretatik kanpo norbaitek bisita jaso gura badu, eskaintzen dute aukera hori ere, hamarretik gorako taldeentzako. Izena emateko, 943 71 47 92 telefonora deituta edo info@gatzmuseoa.com helbidera idatzita.

Beste zenbait ekitaldi

Badira beste zenbait ekintza ere. Hilaren 3an, esaterako, emakumezkoen futbolaz gozatzeko aukera izango da Bergarako Agorrosin futbol zelaian. Realak eta Osasunak jokatuko dute partidua, 11:00etan hasita.

Abuztuaren 16an, Donostiako Orfeoiak Arantzazun emanaldia egingo du, 19:00etan –sarrerak Donostiako Musika Hamabostaldiaren webgunean erosi daitezke–. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak