Dorletako Ama saria domekan, igotzaileendako aparta

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 19a, 06:00
Aurten ere Gatzagako iturri parean egongo da helmuga. Argazkian, Etxabe, iazko lasterketan.

Ibilbide berria izango du domekako lasterketak. "Araban lautadan egin beharreko kilometroak kendu egin ditugu. Horrela, Gatzagara bigarren igoeran ihes egiten duenak saria izan dezake. Lehen, ordea, ez", dio Joxerra Agirreurretak.

Ausartendako kirola da txirrindularitza, baina ausartek ez dute beti saria jasotzen. Gatzagan amaitu da hori. Orain artean, Dorletako Ama sarian Gatzagara egin beharreko lehenengo bi igoerek apenas izaten zuten saririk, ondoren Urbinarako bidea hartzen zutelako, eta Arabako lurretan ia AP-1eko sarrerara egiten zuten joan-etorriak ezerezean uzten zuen ahalegin hori: talde indartsuek euren legea ezartzen zuten, talde estrategiak inposatzen zituzten, ihesaldiak bertan behera utzita: "Domekan, baina, Gatzagako bigarren igoeraren ondoren txirrindulariek Arlaban jaitsiko dute Aingeru Guardaraino –Eskoriatzako sarrera– eta ostera zuzen joko dute Gatzagako hirugarren igoera erabakigarrira. Hala, bigarren igoeran erasoa jotzen duenak, akaso, saria izango du, taldeek ez dute-eta hori kontrolpean izateko tarterik izango", dio Joserra Agirreurretak.

Ohi baino kilometro gutxiago 

Domekako lasterketak –10:00, Leintz Gatzaga– 100 kilometro izango ditu, normalean baino gutxiago: "Federaziokoek gura izaten dute kilometro gehiagoko lasterketak egitea, baina aurten ezetz esan dugu, lasterketa leherkorra antolatu gura izan dugu. Azken batean, hau proba baino ez da, esperimentu bat; gero, errepideak erakutsiko du asmatu egin dugun ala ez, baina Vueltan ere ikusi dugu etapa motzetan lasterketa biziagoak izaten direla, nahiz eta azken hori ere ez den beti hala betetzen. Ziklisten gogoaren araberakoa izaten da dena. Baina ez genuen lautadan kilometro gehiago jarri gura, Gatzagako lasterketak menditsua izan behar du, gu ez gara-eta lautadan bizi, gu Gatzagan bizi gara".

Aramaio, beste nobedadea 

Araban egin beharreko kilometroak kentzea ez da ibilbideari dagokionez egongo den nobedade bakarra. Izan ere, Dorletako Ama saria hasi eta Arrasatera jaistearekin batera, ziklistek Aramaiorako bidea hartuko dute –30. kilometroa–: "Herri barrutik pasako da lasterketa, eta bertan egongo da, gainera, esprint berezia. Alde horretatik, eskerrak eman gura dizkiogu Aramaioko Udalari, eman digun babesagatik".

Aramaiotik Arrasaterako noranzkoa hartuko dute ziklistek, eta Olandixoko tuneletik Aretxabaletarantz –erditik– joango dira, gero Eskoriatzara –erditik– eta Gatzagako lehen igoerari ekingo diote –48. kilometroa–. Bigarren igoera egin aurretik, ziklistak Arrasateko Epeleko biribilguneraino etorriko dira –saihesbidetik– eta Aretxabaletan esprint berezia egin eta gero Eskoriatzatik –barrutik– pasa eta Gatzagara igoko dira bigarrenez –84.a–. Hirugarren igoerarako errekuperatzeko tarte txikia izango dute ziklistek, esan moduan, Arlaban jaitsi eta zuzen egingo dute-eta gora –100.a–. 

Abuztuan, Aretxabaletan

Uztailean bailaran izan diren lasterketa guztien ondoren, Dorletako Amaren sariaren ostean ziklistek lanean jarraituko dute, baina hemen ez da lasterketarik egongo abuztuaren 16ra arte. Hala, Aretxabaletako andramaixen barruan, UDAk Leintz Bailarari Itzuliaren 81. edizioa antolatuko du –10:00, irteera eta helmuga Durana kalean–. Eskoriatza eta Arrasate artean egingo dituzte kilometro gehienak, eta birritan igoko dute Gatzaga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak