Arrate Bergara: "Lakuako finalak izan zezakeen ordainean ez pentsatzen saiatu nintzen"

Xabier Urtzelai 2019ko uzt. 19a, 11:14

Arrate Bergara –ezkerrean– eta Agorreta bikotekidea txapelarekin.

Gasteizko eta Sanferminetako torneoak irabazi ditu asteburuan Arrate Bergarak: "Labriteko finala sekulakoa izan zen; urduri hasi genuen norgehiagoka baina buelta eman genion. Gainera, gutxigatik ez ginen finaletik kanpo geratu".

Joan den egubakoitzean Lakuan irabazitako txapelak ez zion Arrate Bergarari (Bergara, 2001) domekako sanferminetako torneoko final handirako indarrik xahutu: "Banuen ardura hori, egubakoitzeko finala buruz burukoa izan zelako, eta, normalean, partidu horiek fisikoki oso gogorrak izaten dira. Horretan larregi ez pentsatzen saiatu nintzen". 

Hitzordu handia, baina, domekakoa zen: "Zalantza barik, sanferminetako torneoa da oihartzun mediatiko handiena duena, eta oso pozik nago txapelketa irabazi izanagatik, asteburu borobila izan da". Txapelketan, Bergarak Agorretarekin batera osatu du bikotea, eta 18 urtez azpiko finalean 15-22 nagusitu ziren Salbideren eta Ruiz de Larramendiren aurka. Partida 7-0 galtzen joan arren, markagailua irauli eta txapela jantzi zuen jatorri tuterarra duen Arrate Bergarak: "Ez zen norgehiagoka batere erraza izan, urduri hasi ginelako eta markagailuan aurrera egin zutelako. Baina, zorionez, egoerari buelta emateko gauza izan ginen. Egia esan, pentsatzen hasita, finalera ere txiripaz iritsi ginen, finalerdietako norgehiagoka ere justu-justu irabazi genuelako. Zaila izan da torneoa, bai". 

Debagoienekoak protagonista 

Emakumezkoen pilotaren iraultza, neurri handian, Emakume Master Cup txapelketaren eskutik etorri da. Bergarak promozio txapelketa irabazi ostean azken urteak lehenengo mailakoekin jokatu du: "Eta hor zailagoa da nabarmentzea, pilotari onenak daudelako". Hala, aurten Oñatiko bi gazte izan dira protagonista, promozio mailan txapelketa irabazi duten Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai: "Eta oso harro gaude oñatiarrek egin dutenarekin, sekulakoa izan da". Datozen bi asteetan bergararrak atseden hartuko du: "Eta ondoren, Garfeko txapelketan hartuko dut esku". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak