Maddi Azpiazu: "Sorosleen lanpostua egonkortzea lortu genuen iaz"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko uzt. 19a, 21:00

Gipuzkoako hondartzetako sorosleen greba, hedabideetako lerroburu izan zen iaz. Maddi Azpiazu ELA sindikatuko kide bergararra aritu zen haien baldintzak negoziatzen.

Iaz, sasoi honetan, sorosleak protagonista bihurtu ziren, lan kontuengatik.

Turismoak geroago eta indar handiagoa hartzen duen honetan, turismoarekin zerikusia duten edozerk hartzen du beste dimentsio bat. Iaz horixe gertatu zen hondartzetako sorosleen grebarekin ere.

Zer eskatzen zuten sorosleek?

Lana profesionalizatzea. Bainu lekuetan norbaitek portaera desegokia badauka, soroslea da autoritatea, baina hainbat gertaera direla-medio jende askok ez die autoritate hori aitortzen eta ez die kasurik egiten. Sorosleek egiten duten lana erdigunean jarri eta sorosleak ahaldundu eta lan baldintzak duintzea zen helbidea. Izan ere, sorosle askok udako lau hilabetez jarduten du lanean eta haien soldatak 1.000 eurotik beherakoak dira. Lanpostuak egonkortzea ere bazen helburua.

Lortu zuten?

Baietz esango nuke. Batez ere, lortu zuten jendeak beste modu batera ikustea sorosleen lana. Askok uste zuen adinez nagusi den gazte batek udan sosa batzuk biltzeko modua zela sorosle izatea. Eta pertzepzio hori aldatu dela uste dut. Azken finean, hondartzak edo igerileku zein errekak seguruagoak izatea ere bada helburua.

Ze enpresaren menpeko dira Gipuzkoako sorosleak?

Zerbitzua azpikontratatu egiten dute erakunde publikoek. Iaz Gurutze Goriak ematen zuen zerbitzua Gipuzkoako hondartza guztietan. Aurten, argazki hori aldatu egin da. Mutrikun eta Deban Jaso izeneko enpresa eibartarrak kudeatzen du zerbitzu hori;  Zumaian, Zarautzen, Orion eta Donostian, BPXPort enpresa hernaniarraren ardura da hor; gainerakoetan, Gurutze Gorriak egiten du.

Badago lan hitzarmenik sektore honetan?

Iaz, greba amaieran sinatu zen hitzarmena dago indarrean. Akordio horren baldintzetako bat zen aurreko urtean hondartzetan lanean ziharduten langileek, izaera finko-etena edukitzea, antzinatasun bat aitortu ahal izateko.

Gaur egun zenbat sorosle daude lurraldean?

Ehunetik gertu egon daiteke zifra. Abuztuan gehiago izango dira. Gizonezkoak gehiago dira, baina geroago eta emakumezko sorosle gehiago dago.

Profesionalizatzeko eta egonkortzeko bidean da sorosleen lana?

Bai, baina egoera askotarikoa da. Badago erizain edo mediku ikasketak egiten dabilena… Denek dute sorosle ikastaroa egina. Gero, badaude zeregin zehatzagoak dituztenak, uretako motorrekin ibili behar direnak eta abar; horiek, formakuntza gehigarria behar dute. Azpimarratuko nuke, formakuntza etengabekoa dela eta esperientzia oso inportantea dela. Horregatik dira inportanteak beteranoak edo esperientzia gehien dutenak. Hondartza batetik bestera aldea dago: ez dira berdinak Kontxa eta Zurriola, bakoitzak beste berezitasuna dauka.

Zenbateraino dira ezberdinak udako eta neguko edo beste sasoi bateko sorosleen lan baldintzak?

Gaur gaurkoz, ez dago horrenbesteko alderik. Apur bat azpitik egon badaitezke ere udakoenak. Iaz lortutako akordioaren helburuetako bat zen neguko sorosleen lan baldintzak berdintzea. Egia da, dena den, neguko sorosleen lan hitzarmena 2012tik berritu barik dagoela. Kasu batzuetan, tokian-tokian lortu dira hitzarmen batzuk, baina orokorra ez da berritu urteetan.

Debagoieneko bainu tokietan zein da egoera?

Zerbitzua azpikontratatuta dago enpresa ezberdinen eskuetan eta kasu gehienetan Gipuzkoako ikuskizun eta kirol lokaletako lan hitzarmena aplikatzen zaie. hau ere 2012tik berritu barik dago. Bada zer hobetu alor horretan ere. Azkeneko urteotan, kiroldegietan-eta, asko aurreratu da, baina sorosleen lan baldintzetan bada zer hobetu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak