Markel Irizar: "Mendiko bizikletak, pistak eta ziklokrosak eman ditu Tourreko eta denboraldiko txirrindulari onenak"

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 16a, 18:19

Markel Irizar txirrindulari oñatiarra Jakan da entrenatzen, abuztuaren 3an izango den Donostiako Klasikoa lasterketarako, baina Frantziako Tourra jarraitzen dihardu eta atsedenaldi egunen inguruan hitz egin digu. 

"2019ko Tourreko aurreneko atseden egunera iritsi da lasterketa. Txirrindulari eta taldeko masaialari eta mekanikarientzako estres gabeko eguna izan ohi da atseden eguna, zuzendari eta managerrek aldiz, nahiko egun "mugitua" eta lan askokoa izaten dute. 

Managerrek, atseden egunak aprobetxatzen dituzte datorren urteko txirrindularien fitxaketak eta taldean dituzten txirrindularien kontratuak berritzeko, eta zuzendariek aldiz, analisi eguna izan, helburuak egokitu, eta kirol managerrei kontuak emateko uneak izaten dira. Eta horrela, dagoeneko hasi ez badira, datorren urteko taldeak egituratzeari eta fitxaketa merkatuari hasiera ematen dio Tourreko atseden egunak. 
 
Aurten, Tourrean zein aurreko lasterketetan ikusitakoaren arabera, uste dut talde gehienek bide antzekoari helduko dietela. Bazen garai bat, non gaztetan beste txirrindularitzako disziplina batzuk egitea txarra zela ziotena, eta bakarrik errepideko txirrindularitzan buru belarri aritzeko esaten zigutena. Baina 2019ak emaitzekin erakusten digu, mendiko bizikletak (Bernal, Sagan eta Fulgsang kasu) pistak (Viviani eta Thomas) eta ziklokrosak  (Van Aert, Van Der Poel,  Alaphiliphe, Teunisen) eman dituela Tour hontako zein denboraldi hontako txirrindulari onenak. Horrez gain Evenepoel futboletik eta Roglic eski mundutik datoz eta horrek datuekin erakusten du zein ona den beste kirol eta disziplina batzuk probatzea. 
 
Horrek "moda" bat ezartzen du, eta ziur naiz, talde gehienek analisi hau egin eta garai batean Kolonbiarrak fitxatzeko "boom"-a egon zen moduan, laster manager denak ziklokros eta biker onenen bila egiteari ekingo diotela. Denborak esango du moda honek zenbat irauten duen,baina nere uste apalean, kirol profesional zein amateur erako izan daitekeen altxorrik ederrena, kirol guztiak probatu, saiatu eta gozatzea da. 
 
Horretxegatik eta oraintxe " jubilatzera" noala, norbaitek berriz hasierara bueltatu eta zerbait aldatzeko aukera emango balit, ziklokrosa, eskia eta korrika berriro sartuko nituzke nere nerabezaroan.  
 
Horrela ba, bizikletaren artista hauek, berriz Tour honetan emango duten ikuskizunaz gozatzeaz gain, kirol ezberdinak probatu eta gozatzeko gomendioa eginez agurtzen naiz.
 
Gora multikirola!!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak