Mariano Ferrer kazetari entzutetsua gogoan

Goiena 2019ko uzt. 15a, 11:34
Argazkia: Jon Urbe (Argazki Press).

Atzo hil zen Mariano Ferrer kazetari donostiarra 79 urte zituela. Erreferentziazko kazetaria izan da askorentzat eta prentsa askatasunaren erreferente bilakatu zen Frankismoan. Bere ibilbide profesionala politikari eta mugimendu sozialei lotuta egon da beti, iaz Euskaraldian parte hartu zuen besteak beste. Hedabideetan ez ezik irakasle ere ibili zen kazetaritzarekin lotuta. Irakurri jarraian Puntua aldizkarian egindako elkarrizketa.

2016-04-21 / 058. Puntua aldizkaria

Elkarrizketa Mariano Ferrer, kazetaria.

"Prentsa idatzian ikusten da nola ari diren profesioa hondatzen"

Kazetari entzutetsua. Jubilatu arren erretiratzen ez den horietakoa. Komunikazioan, bere sasoiko euskarri nagusietan jardundakoa; gusturen, irratian, aitortzen duenez. Ez alferrik hiru hamarkada pasa egin zituen Herri Irratian El quiosco de la Rosi saioarekin. Eguneroko albisteak aztertzen zituen bertan. Orain, aztertu beharrean, idatzizko prentsaren norabidea ikusten du, adibidez; telebistako albistegiena ere bai. Ondoen irratia dagoela dio.

Komunikaziorako tresna berrien loratzeak bere ibilbide profesionalaren amaieran harrapatu zuen Mariano Ferrer (Donostia, 1939). Hedabideetan ez ezik irakasle ere ibili baitzen kazetaritzarekin lotuta; kontatzen du Deustuko Unibertsitatean eskolak ematen zituelarik, irakaskuntza modua aldatu eta “ordenagailuaren oso menpeko” bihurtu zenean, uzteko “obligazioa” sentitu zuela, ikasleek behar zutenaren neurririk ezingo zuela eman pentsatuz. Kazetaritzan, gaur egungo informazio eta iturri oparotasunak gauzak erraztu ez dituela egiten uste du; dena den, oraingo kazetariek Twitter eta gisako tresnei ezin diezaieketela muzin egin dio, bakoitza bere gurasoen seme-alaba baino “askoz gehiago” ei delako bere garaiaren seme-alaba. Irratia utzi zuenean, denbora batez egon zen entzun ere askorik egin gabe; berriz entzuten hastean, Euskadi Irratirako joerarekin itzuli zela aitortzen du: “Ez dudalako hil nahi euskaraz erraztasunez jarduteko gai izan gabe”. Espainiako politikaren bilakaera “Euskadiko egoera politikoa baino askoz interesgarriago” bilakatu dela-eta, berriz, hura jarraitzeko Madrilgo kateak entzuten ditu; eta hango politikaz dio: “Lau urtez eduki dugun Gobernuak izan duen kalitatearekin, inor arduratzen al du beste zenbait hilabetez gobernu gabe jarraitu beharrak? Ni, behintzat, ez”.

Komunikabideetan Salvame-ren erako hainbat saio ditugu, denbora tarte zabalak hartzen dituztenak, non parte-hartzaileek eztabaidatzen duten, gainera, gai garrantzitsuez ariko balira bezala. Ezer eragiten dizu?

Esaten badizut ez dudala nire bizitzan programa horren minutu bat ikusi...

... pentsatzen nuen hori.

Entzun izan dut saio horri buruz, eta batzuetan zapping egiterakoan ikusi izan dut aurkezle ezin hobe hori... Ez, begira, munduan dena kabitzen da; eta profesio guztietan daude onak, txarrak, balio dutenak, balio ez dutenak, langileak, alferrak... Eta hedabideetan ere askotarikoak kabitzen dira. Jendea nahi duenarekin distraitu daiteke. Ni ez nau samintzen; samintzen nau halakoek gehiegizko lekua badute, denbora luzeegia hartzen badute, eragozten badute jendeak pentsatzea pentsatu behar duen beste gauza batzuetan ere. Baina existitzea... Nire bizitzaren puntu honetan, zahar samarra naiz dagoeneko, ia ezerk ez nau harritzen ez eta askorik kezkarazi ere. Eta, egia esan, askoz gehiago arduratzen nau, adibidez, albistegien degradazioak; bi minutuan denetik kabitzen den gatzik gabeko potpourri bilakatuak: sukaldaritza, zomorrotxoak, istripuak, tragediak... dena nahasian. Gauza horiei notizia maila ematea, ze gizartetan bizi garen jakin ahal izateko ezagutu beharreko horren maila ematea, horri askoz larriagoa deritzot.

Eta irratia salbu al dago halakoetatik? Arinkeria txikiagoa dago irratian?

Nik uste dut irratian, batzuetan, hitz gehiegi izaten dela, logikoa den moduan den hedabidea izateagatik; edukien errepikapen gehitxoere izaten da, eta apur bat neka dezake horrek. Baina nik onartu behar dut, hiru medioetan lan egin izanda –telebistan, prentsan eta irratian–, zalantza barik, gehien irratian gozatu dudala, eta egokiena dela informazioa ulertzeko nik dudan erarako: berehalakoa da; malgua; edukiekin, sentimenduekin, irudimenarekin batera jolasteko aukera ematen du; aukera ematen du une berean bi lekutan egoteko... Beste hedabideak askoz pisutsuagoak dira, egitura bat behar dute, gastu bat... eta ikusleak horretara bakarrik egon behar du, eta irratiak aukera ematen du entzuteko beste gauza batzuk egiten diren bitartean. Irratian ere badago bla-bla-bla asko, noski, baina nik uste dut duinen eusten ari zaion hedabidea dela. Ze, idatzizko prentsaren bilakaerari begiratzen badiogu, dardarka jartzekoa da. Hor bai ikusten dela profesioa nola ari diren hondatzen. Profesioaren zutabe izan beharko luke, kazetaria idatzizko kazetaritzarekin jaio zen-eta, eta bere DNAn behar luke kazetaritzaren zentzua babesteko obligazioa, baina uste dut bertan antzematen dela ondoen noraino galdu den... El País da adibidea: urte batzuetan eredu izan genuen askok, kazetaritza serioa, erantzulea, ondo antolatua, eta abar izateagatik; baina zer bihurtu da?
Azkenaldian, ikusten ari gara hauteskundeekin eta bipartidismoa amaitzeko aukerarekin Prisakoei sartu zaien izu-ikararekin –bipartidismotik bizi izan direlako eta harekin handitu dutelako negozioa–, nola aldendu diren herritik: kaleko panfleto bat ematen du.

Esandakoa aintzat hartuta, eta baita beste tresna batzuk ere badirela orain –Twitter...–, lehen baino errazagoa edo zailagoa da ondo informatuta egotea informazioaren gizarte deitzen dugun honetan?

Nondik begiratzen duzun. Nik irratian lan egiten nuenean, batez ere lehenengo hogei urteetan, izaten nuen sentsazioa irratiko saiora nindoala hitz egin behar nuen horretaz jakiteko modua nuen dena jakinda. Eta nola egiten nuen hori? Irratia entzunez, Donostiara iristen zen prentsa irakurriz, Ingalaterratik iristen zen aldizkariren bat, Frantziako egunkariren bat... Hori zen egunean egon nahi zuen pertsona batek eskura zuen materiala. Eta harekin izaten nuen sentsazioa izaten zen: “Gutxi jakingo dut, baina ez dira asko izango hau baino gehiago dakitenik, ez direlako asko izango horiek denak kontsultatu ahal izan dituztenik”.

Gaur egun, irratiko saioa egiten jarraituko banu, ezer ez dakidan sentsazioarekin joango nintzateke egunero: “Ez dakit ezer! Ordu laurden da ez dudala ordenagailuan begiratu! Ez naiz enteratu pasatzen ariko diren 17.000 gauzez!”. Baina uste dut nik egin nahi nuena hobeto egin nezakeela lehen orain baino; ze lehengo unibertso informatiboa askoz argiagoa zen, eta hor banekien ze irizpiderekin jokatu, munduan gertatzen zenari erantzun ordenatu, koherente eta arrazional bat emateko. Orain hainbeste dira ahots-kakofoniak, iritziak, akzioak, erreakzioak eta post-akzioak... hain azkar aldatzen da gauzekiko pertzepzioa... Nik uste dut nahikoa galduta sentituko nintzatekeela. Egingo nukeen nire lana, baina infinitua sinplifikatzen ariko nintzatekeen sentsazioarekin, eta lehen ez nuen halakorik, baliabide gutxiago izanda.

Zaila da, ezta, halako informazio emaria galbahetik pasatzea, balio duen edo ez jakiteko.

Lehen, erreferentzia mugatuko mundu horretan, bazenuen nolabaiteko bermea iristen zitzaizunak egiaztapen prozesu profesional ondo egindako bat pasea zuela; bazen iturriarekiko nolabaiteko konfiantza. Gaur egun, uste dut badela nahikoa motibo besteek saltzen dizuten merkantziarekiko konfiantza txikia edukitzeko, eta zentzu horretan galduago sentitzen gara orain.

Gaur egun, telefono batekin edonor izan daiteke informatzailea; gero, bakoitzaren esku dago jasotako informazioari sinesgarritasuna eman edo ez.

Baina ez ditugu izaten tresnak uneoro egiaztapenak egiteko. Azkenean, zure esku dago sinetsi edo ez, eta bihurtzen da, eta horretan sarearena sintomatikoa da, bihurtzen da gehiago Atsegin dut edo Ez dut atsegin, Egia da edo Ez da egia baino. Oraingo jolasa da: “Kontatzen didatena gustatzen zait, pentsatzen dudanaren edo gertatzea nahi dudanaren norabidean doalako”; edo, kontrako zentzuan badoa, kasurik ez. Lehen, irizpidea gehiago zen egiaren araberakoa, gustuaren araberakoa baino.

Esan dut edonor izan daitekeela informatzaile telefono batekin; bueno, eta edonor zigor dezakete, baita kazetari bat ere, Argia-koari gertatu zaion bezala. Halakorik imajinatuko zenukeen?

Ez, baina hainbeste gauza gertatzen ari dira! Eta zehazki, Espainiako Barne Ministerioari dagokionez hainbeste ikusi dut, ezerk ez nau harritzen; eta Barne ministro dugun pertsonaiarekin, are gutxiago. Nahiago dut ez hitz egin, ze astakeriaren bat esan beharko nukeen.

ETAk armak utzi eta ia bost urte pasa direnean, zer deritzozu gatazkan inplikatutako aldeek denbora honetan egindakoari? Oso argi esango dizut nire ustea, nahiz eta egon daitekeen jendea gustatuko ez zaiona. Noski, batetik, PPren Gobernuaren jarrera tristea iruditzen zait. Gauzak bere lekuan jarrita, baina ETAren bukaera prozesu hau argiagoa, ordenatuagoa, irmoagoa izan zedin laguntzeko aukera izanda... Eta, noski, aldatu behar zukeen ETAren kontrako borrokagatik salbuespenezko neurriekin kutsatu duten indarrean dagoen legedia guztia, batez ere espetxe politikari dagokiona. Hori aldatu ez izana tristea da, eta erakusten du eurak ez direla ETAren kontra borrokatu bakarrik egin, baizik eta jakin izan dutela ETA erabiltzen euren politikarako.

Baina, beste aldetik, beste muturrera joanda, ezker abertzaleari dagokionez, uste dut behin Alderdien Legea asumitzeko jauzia eginda, indarkeria argi eta irmo errefusatzen zuten estatutu batzuk eginda, ETArengandik era nabarmenagoan aldendu behar zutela, ez zezaten oraindik eduki, gaur-gaurkoz bezala, egin ahal izango luketen politika egitea asko zailtzen dien motxila hori.

Nolabait esatearren, alderdiaren estatutuetan, juridikoki, honi buruz esan daitekeen dena esan eta gero, politikoki falta da esatea halako gauza erraz bat: “Egin genuen egin genuena, pentsatzen genuen ondo ari ginela, baina iritsi da une bat non ikusten dugun gizarteak ez duela nahi guk egin beharrekotzat jotzen genuen hori”; besterik ez. Eta: “Estrategia politiko-militar horrek inora eramango ez gintuela garaiz ohartu ez ginen neurrian, edo, horretaz ohartuta gure ekintzetan kontsekuente izan ez ginenez, onartzen dugu huts egin genuela, eta sentitzen dugu izan dituen ondorioengatik”; halako zerbait. Baina argi, agudo eta behin; kito. Ez lau urte gaur adjektibo bat jarriz, bihar sustantibo bat eta etzi adberbio bat.

Aktore berriak agertu dira EAEn ere: EAJk gidatuko du berriro Jaurlaritza eta Urkullu izango dugu gero ere lehendakari?

Ez naiz profeta politikoa, baina nik esango nuke, gaur-gaurkoz, oso harritzekoa izango litzatekeela hauteskunde autonomiko batzuetan emaitza abenduaren 20koaren antzerakoa izatea. Nik uste dut abenduaren 20ko emaitza horiek gertatzeko zenbait gauza batu zirela, eta asko zigortu zutela ezker abertzalea eta asko goratu Podemos. Ez dut uste hauteskunde autonomikoetan eszenatokia gako horien araberakoa izango denik, eta esaten duten bezala orduko emaitzak errepikatuko direnik. Nik zalantza egiten dut.

"Ezker abertzaleak ETArengandik argiago aldendu behar zuen, egin ahalko lukeen politika egitea zailtzen dion motxila hori ez edukitzeko"

Baina, nahiz eta gero ados jarri beharko liratekeen, ez dakit EH Bilduren eta Podemosen arteko batuketak aldaketa gertatzeko adina eman ahalko lukeen.

Hori ikusteko dago. Podemosek lagundu du Espainiako politika garbitzen, nahiz eta orain zentzurik gabeko nahasmena bizi duela dirudien. Espainiako politika ez aurrera ez atzera dago, eta usain txarra du; oraindik ez da garbiketa burura eraman, erabat gauzatu, baina Podemosek lagundu du horretan. Baina ez dakigu Espainiako politikaren garai berezi hau pasatzean, Podemosen eragin horren behar bera izaten jarraituko duen. Ez dakigu. Podemosek lan handia egin behar du bere ideietan, bere egituran, bere estrategian, eta uste dut Podemosen etorkizunari buruz aurreikustea ez dela erraza, ezin dela ziurtasunez esan errotutako indarra denik eta baditugula etorkizunean izango denaren gakoak. Nik ikaragarri eskertzen diot Podemosi agertoki politikoan azaldu izana, ez diot inolako beldurrik, harritzen nau beste batzuek dioten beldurrak, baina ez nuke esango autonomikoetan bigarren indarra izan eta EAJrengandik gertu ibiliko denik ere. Gaur-gaurkoz, ezetz esango nuke.

"EAJ-k mantendu egiten du teorian apustua egiten ari den itxura. Baina, egiazki, ez dago apusturik; eta horren froga da 'Ibarretxe plana"

EAJk ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Zer erabakitzera eraman ditzake euskaldunak EAJk: aurrez Madrilekin adostutako zerbait? Gasteizen adostutako zerbait? Gizarteak eskatzen duena?

Begira... Hainbeste urte daramatzagu honekin, nik ez dudala aldaketarik espero. Sokatira jokoa da: indartsu nagoenean tira egiten dut apur bat, ahul nagoenean soka laxatu; tira eta laxa, tira eta laxa, eta mantendu egiten dut teorian apustua egiten ari naizen itxura. Baina, egiazki, ez dago apusturik; eta horren froga da Ibarretxe plana. Hor lehendakariak apustu bat egin nahi izan zuen, eta alderdia ez zen ausartu; ez dut esango huts egin zutenik, baina bai lehendakariak apustua egin zuela eta alderdia ez zela ausartu. Antza, EAJk hortik atera zuen irakaspena da hobe zela apusturik ez egitea, eta horretan dago.

Zer gertatuko da Katalunian?

Hura ez dut behar beste ezagutzen, nahiz eta asko irakurri dudan, interes politikoa duen edonork bezala, Katalunian esaten, pentsatzen, idazten denari buruz. Baina falta zait Katalunian bizi izana; badira gauza batzuk hemendik ez ditudanak ondo ulertzen. Asko pasa gara esatetik “ze ondo egiten dituzten gauzak kataluniarrek” esatera “ze desastrea diren kataluniar hauek”. Beraz, zalantza horretan nagoenez, nahiago dut nire ezjakintasuna aitortu, jakintsu plantak egitea baino. Ez dakit. Orain, iruditzen zaidanaren arabera berba egitekotan, nik uste dut bi errealitate daudela, eta, gainera, badu antza Euskadin lehen, ez orain, gertatutako zerbaitena, eta zera da: iruditzen zait oso kontzientzia sozial handia dagoela, eta klase politiko bat orain arte horren onuradun izan dela baina ez duela olatu horren gainean bizitzeko baino gehiago arriskatu nahi izan. Eta une honetan, tentsio urte batzuen ostean, jendea nekatu egin da, eta lider politikoak atzera egiten ari dira apur bat. Baina, esaten dizut, ez dakit asko.

"Espainiar eta euskal herritarrek publikotasunaren kontzientzia sakonago barneratzen ez dugun artean, ustelkeria saihestezina da"

Normala al da PP bezala ustelkeriak hain zulatua duen alderdi batek oraindik halako babesa jasotzea eta, gainera, alderdiak aukera izatea normaltasunez jarduten jarraitzeko?

Hor sakoneko soziologiaren esparruan sartzen gara. Zerbait gertatzen da Espainian boterean jarraitu ahal izan dezan hankapean halako lokatz pila duen jendeak. Beraz, goazen sustraira: herri honetan publikotasunaren kontzientzia falta da, erabat; publikoa dena babestu behar den kontzientzia, eta publikoa dena ordaindu egin behar den kontzientzia. Eta ez dugunez publikoa dena babestu egin behar den kontzientzia, ez digu inporta egiten den horren erabilpen txarrak, eta ez dugunez publikoa dena ordaindu egin behar den kontzientzia, behin eta berriz saiatzen gara tranpa txikiak edo handiak egiten hori saihesteko. Nahi dugun bizitza kalitatea ordaindu egin beharko dugula eta denoi dagokigun horretan kolektiboki egin behar dugula; herritarrok horren kontzientzia garbia ez dugun bitartean, espainiar eta euskal herritarrek hau orain arte baino sakonago barneratzen ez dugun bitartean, ustelkeria erabat saihestezina da.

Bukatzeko, nola daramazu euskararena?

Oso ondo irakurtzen dut; esango nuke ulertzen dudala ia oso ondo; eta hitz egiten dut trakets. Nire familia inguru gertukoan ez dago euskal hiztunik; beraz, falta dut egunero, gauza txikietarako, hitz egite hori. Eta gainerakoekin berba egiten dudanean, jarduten dut ez gauza arinez, baizik politikaz, eta abar, eta halakoetan jardutea zailagoa da ez baduzu hizkuntza dominatzen. Beraz, ez naiz soltatzen. Esango nuke euskara asko dakidala gramatikari-eta dagokionez, eta erraz ulertzen dudala –telebistan eta irratian jarraitzen dut, eleberriak irakurtzen ditut...–; gertukoa zait, baina espresatzerakoan muga handiak ditut eta trakets jarduten dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak