"Ilusioz" bizi izango du Enrike Txurrukak uztailaren 20ko Bergarako bandaren kontzertua –zapatua da–. Izan ere, Antzuolan arituko da lehenengo aldiz "zuzendari ofizial", Alfredo Gonzalez Chirlaquek erretiroa hartu ostean, eta "ardura puntu bat" ere nabari duela kontatu du.
Bandako kide guztientzat "berezia" izan ohi da Antzuolako kontzertua. "Izan ere, gure eguna bezala hartzen dugu. Kontzertuaren ostean bazkaria egiten dugu eta jai giroan ibiltzen gara", azaldu du zuzendari berriak.
Banda eta Antzuola "estuki lotuta" daude Enrike Txurrukaren bizitzari: "Nire birramona Ondarreko tabernaria zen, eta, ordurako, bazkaltzen ematen zion Bergarako bandari Antzuolako jaietako kontzertuaren ostean". Bandan daramatzan urte guztietan, "Antzuolako kontzertuetan, amaren ahizpak gogoratzen ditut, leihoan, kalejira noiz igaroko zain", aitortu du Txurrukak.
Antzuolarren doinuak
Patxi Olabarria antzuolarra ere bandako kide da. Jaietan murgilduta egoteagatik "kontzertu gogorra" izaten dela azaldu du, baina "gogotsu" egon ohi da; batez ere, kalejiran aritzeko.
Izan ere, "pozgarria da kalean goazenean jendeak txalo egitea; hori ez da herri guztietan gertatzen". Antzuolan "oso ondo" hartzen dituztela dio, eta bertan, ohiko doinuez gain, herriarentzat bereziki sortutakoak jotzen dituztela azaldu du: "Antzuolako doinuak izeneko martxa sortu zuen Gonzalez Chirlaquek duela hamar bat urte. Alardeko doinuak dira, baina beste erritmo batekin. Antzuolako herriari opari bezala eskaini ziren". Doinuok kontzertu ostean jotzen dituzte eta jendeak "izugarri" maite dituela kontatu du Olabarriak.