Kilometroak, jai "parte hartzaile" izateko bidean

Amaia Zabala 2019ko uzt. 12a, 09:45
Kilometroak 2017, Oñatin.

Lau urteko gogoetaren ondoren, 2020ean jarriko dute martxan kilometroak jaiaren eredu berria. Urte osoko jaialdi txikiek osatzea, ikastolen arteko elkarlana bultzatzea eta ikastolen kulturaren harrobi izatea dira markatu dituzten premisetako batzuk.

42 urte igaro dira 1977an lehen Kilometroak jaia Beasainen eta Lazkaon ospatu zenetik, eta geroztik moldaketa txikiak egin badira ere, oraingo honetan, erabateko aldaketa proposatu du Kilometroak Kultur Elkarteak. Izan ere, Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu dute, zeina 2020tik aurrera martxan jarriko den."2020ean, Villabona eta Zizurkil herrietan Zubimusu Ikastolaren eskutik urriaren lehen igandean ospatuko den Kilometroak festarekin estreinatuko dugu eredu berri hau", dio Kilometroak Kultur Elkarteko Igor Elorzak.

Hausnarketa prozesua

2015ean hasi zuten eraldaketa honen hausnarketa prozesua, eta, ikastolez gain, talde tekniko eta aditu baten laguntza ere izan dute. "Urte hauetako guztietako hausnarketa prozesua parte hartzailea izan da eta Gipuzkoako 29 ikastolek hartu dute par-te bertan. Prozesu honetatik hainbat ondorio atera ditugu eta hamar premisa edo ezaugarritan batu ditugu".

Kilometroak: urte osoko bidea

Eredu berri honek hainbat aldaketa izango ditu; besteak beste, Kilometroak urte osoko jarduerek osatuko dutela eta ez dela urteko jarduera jakin erraldoi batera mugatuko. "Egunik garrantzitsuena mantendu egingo da eta urriaren lehen igandean izaten jarraituko du, baina egun txikiagoa izango da, eta, gainera, egun honek bezainbesteko garrantzia izango dute urtean zehar egingo diren ikuskizun eta jarduerek. Jaialdi hauek, gainera, ikastola ezberdinen inplikazioa izango dute", dio Elorzak.

Urte osoan antolatutako jarduerei dagokienez, oraindik finkatzeko badituzte ere, ezaugarri hauek izango dituztela aurreratu du Elorzak: "Antolatuko ditugun jarduerek guk finkatutako hamar premisei eutsiko diete eta gure komunitatea indartzea izango dute helburu. Esan bezala, ikastola guztiek parte hartzea bilatuko da".

Elorzak gaineratu du gizartearen inplikazioa eta parte hartzea bultzatzea dutela helburu: "Egungo gizarte ereduan, aisialdia ekintzetan parte hartzen igarotzea ohikoa ez bada ere, guk lehengora bueltatu nahi dugu. Honen bitartez, besteekin jarduera ezberdinetan parte hartzeak dakarren gozamena bilatu nahi dugu".

Urriko egun handia

Urriko lehen igandeko festa nagusiari dagokionez, berriz, mantendu egingo da, eta, orain arte bezala, dagokion ikastola arduratuko da antolaketaz, baina beste hainbat aldaketa izango dituela dio Elorzak: "Egun nagusiari dagokionez, konturatu ginen kontsumoan oinarritutako jaia zela, ekonomiari begirakoa, hain zuzen, eta guk partehartzaileagoa izatea nahi genuela; ikastolak erdigunean izango dituen jai bat behar genuela".

Elorzak dio kontzertuak mantendu egingo direla, baina ez orain bezala, hogei, baizik eta "gutxiago, eta ez hain jendetsuak". Amaitzeko,"bidea eginez" ikasiko dutela dio Elorzak: "Iparra markatzen duten premisei erantzunez joango gara eta denborarekin ikusiko dugu asmatu dugun edo ez".

Ikasleen parte-hartzea

Bestalde, ikasleak ahalduntzeko eta haien parte hartzea bultzatzeko bidean emanak dira aurrerapausoak; horren adibide da Erronka ekimena, zeinak ikastoletako ikasleen harremanak sendotzea duen helburu. Eredu berri honek Erronka bezalako ikasleen ekimen parte-hartzaile gehiago izatea ere izango du helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak