Aitor Aspe: "Errepidetik hasi zitzaigun ura sartzen, ez errekatik"

Eneko Azurmendi 2019ko uzt. 12a, 11:05

30 zentimetro ere hartu zituen urak Tafallako plantan.

Astelehenean izandako euri-jasen ondorioz, Zidakos eta Sansoain ibaiek gainezka egin zuten, eta kalte handiak eragin zituzten Tafallan eta inguruko herrietan. Fagor Ederlan Tafalla kooperatiban ere ura sartu zen, nahiz eta kalte handirik eragin ez.

Fagor Ederlaneko lehendakari Aitor Aspe martitzen goizean iritsi zen Tafallara, eta, adierazi duenez, urak eramandako autoak zeuden lantegi inguruan. "Horrek esan nahi du hona ere indar handiarekin heldu zela ura". Ezustean harrapatu zituen ur erauntsiak. "Astelehenean, Fagor Ederlanen nengoela, Eskoriatzan, jakin nuen Tafallako eta inguruetako uholdeen berri. Momentu hartan, Tafallan daukagun plantara ura sartzen hasi zen, baina ez errekatik, errepidetik baizik. Gure lantegiaren paralelo errepide bat dago, nazionala. Ura errekatik atera eta errepide horretatik sartu zitzaigun. Prentsara segidan bidali zizkiguten hango irudi batzuk, eta berehala ikusi genuen egoera nahiko arriskutsua eta larria zela", azaldu du.

Hori dela eta, instalakuntzak geratu egin zituzten lehenbailehen. 250 langile inguru zeuden momentu hartan lanean. Asperen esanetan, gehienak etxera bidali zituzten, eta batzuk geratu egin ziren, hartu zitezkeen neurri guztiak hartzeko eta zaintza lanak egiteko, kalteak "ahalik eta txikienak" izan zitezen. "Fundizioen prozesuetan, batez ere labeekin-eta, egoera arriskutsuak sortu daitezke horrelako kasuetan, neurri zehatz batzuk hartu ezean. Ura sartzen bada, segurtasuna bermatu behar da lehenengo, eta, horretarako, ezinbestekoa da instalakuntzak gelditzea, elektrizitatea dela-eta pertsonak arriskuan egon daitezkeelako. Beraz, neurri txikiak baina praktikoak hartu zituzten han geratu ziren langileek", dio.

Leku batzuetan 30 zentimetro ere hartu zituen urak: "Agian, apur bat gehiago ere bai". Goiko solairuetan, halere, ez zuten kalterik eragin uholdeek, beheko solairuan bakarrik. "Inguru guztia lokaztuta dago, eta motor batzuk eta instalakuntza batzuk oso maila baxuan aritu dira funtzionatzen astean. Hala ere, zorionez, kalte handirik ez digu eragin. Egia esan, zortea eduki dugu, eta, alde horretatik, pozik gaude", azpimarratu du.

Kubilotearekin arazoak

Martitzen arratsalderako, instalakuntza gehienak martxan zituzten, baina zalantza batzuk bazituzten burdina funditzen duen kubilote labearekin. "Gelditzeko orduan ez bada prozesu konkretu bat egiten, zorte apur bat behar izaten da ondo arrankatzeko. Arrankatzea lortu genuen, baina arazoak sortu zitzaizkigun, eta gelditu egin behar izan genuen berriz", dio Aspek. Gero, beste saiakera bat egin zuten, eta eguazten gauerako lortu zuten ondo funtzionatzea. "Eguazten gauetik, instalakuntza guztiak %100 daude martxan. Makina hori gakoa da gure produkzioan, eta, eguaztenera bitartean, erdi eginda zegoen guztia prozesatzeko aprobetxatu genuen, eta mantentze-lanak egiteko ere bai".

Istripu txiki bat bakarrik

Aspek onartu du "istripu txiki" bat baino ez dutela izan ezbehar honetan guztian. "Astelehenean, estoldak eta tapak jaso zituzten langileek, uraren bidea errazteko, eta martitzenean langileetako batek hanka sartu zuen zuloetako batean; orkatila bihurritu zuen. Istripu arina izan da, baina apuntatu egin dugu, badaezpada. Hurrengo batean halako zerbait gertatzen bada, gogoratzeko eta estoldak modu egokian ixteko berriro".

765 langile inguru

Gaur egun, 765 langile daude Fagor Ederlan Tafallan, hiru txandak kontuan hartuta –uholdea gertatu zen momentuan, 250 inguru zauden, arratsaldeko txandan–. Langile gehienak han ingurukoak dira. "Askok euren etxeetan eta inguruetan nahiko egoera gogorrak zituzten, Tafallan eta Erriberrin, batez ere, eta ez ziren etorri lanera egun haietan", azaldu du presidenteak. Autoentzako eta ibilgailu industrialentzako motorren blokeak egiten dituzte, galdaketa bitartez.

Non da erreka?

Tafallakoa ez, baina Erriberriko egoera gertutik bizi izateko aukera izan zuen Aspek, eta errealitate "benetan gordinarekin" egin zuen topo. "Ura nondik nora ibili zen ikusten aritu nintzen herriko leku batzuetan, eta erreka ez nuen aurkitu. Imajinatu erreka ze distantziatara zegoen eta ze uholde etorri zen momentu batean", azpimarratu du, harrituta.

Herritarrak auzolanean ari dira kaltetutako gauzak konpontzen. "Halako uneetan jendea elkartu egiten da eta hori izaten da ohiko erreakzioa. Etsipen puntu bat ikusi dut, baina, oro har, egoerari buelta emateko prest ikusi ditut herritarrak", dio Aspek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak