Hiru debagoiendar, gazte musikari onenen artean

Jone Olabarria 2019ko uzt. 8a, 15:08
Uxue Garitano, Maitane Suinaga eta Maialen Txintxurreta, eguaztenean, nor bere instrumentuarekin.

Euskadiko ikasleen orkestra (EIO) gazteko kide dira Uxue Garitano biolontxelo jolea eta Maitane Suinaga eta Maialen Txintxurreta biolin joleak. Urte ugari daramate EIOn jotzen, eta, "zalantza barik, edozein musikariri gomendatzeko esperientzia" dela diote.

Hain zuzen ere, bosgarren urtea izan dute aurtengoa Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) Uxue Garitano (2005) eta Maitane Suinaga (2004) bergararrek. Maialen Txintxurreta (2004) oñatiarrari dagokionez, berriz, laugarren aldiz lortu du Euskadiko musikari gazte onenen artean egotea.

Eskarmentu handia dute hirurek; izan ere, dagoeneko bi urte daramate, Garitanok biolontxeloarekin eta Suinagak eta Txintxurretak biolinarekin, Euskadiko Ikasleen Orkestra gazteko kide izaten. Gazte mailara pasa aurretik, baina, lau eta hiru urte eman zituzten orkestraren txikitxoenen bertsioan, urtebetez gazteena eta txikiena konbinatuz. Esperientziaz galdetuta, denak bat etorri dira eta "zalantza barik" edozein musikariri gomendatuko lioketela azaldu dute.

Uxue Garitanoren kasuan, "kasualitatez" hasi zela kontatu du: "Musika eskolan probetara aurkeztea proposatu zidaten, eta gehiegi prestatu gabe aurkeztu nintzen. Handik gutxira, deitu eta barruan nengoela jakinarazi zidaten". Maitane Suinagak ere antzeko prozesua bizi izan zuen: "Probatzera joan nintzen, eta, momentuz, bertan jarraitzen dut. Lagun oso onak eman dizkit eta musikalki asko ikasi dut Euskadiko Ikasleen Orkestran". Maialen Txintxurretak anaia ikusita erabaki zuen EIOn sartzeko saiakera egitea. "Oso gustura ikusten nuen anaia, eta nik ere probatu nahi nuen; partitura batzuk ikasi, eta kontserbatorioan egin nituen probak".

Hautaprobak, urtero

Abenduan egin ohi dituzte onartze probak, urtero. Izan ere, urtez urte aldatzen dira orkestrako kideak, eta beste urtebetez bertan egoteko probak gainditu beharra dago. "Normalean, partitura jakin batzuk prestatu behar ditugu, eta gero, pieza aske bat jo. Hiru bat pertsonako epaimahaia egoten da, eta handik egun batzuetara jakinarazten dute onartuen zerrenda", azaldu du Garitanok.

Behin barruan, kontzertuak prestatzen aritzen dira. "Aurreko bi asteetan batzen gara, eta orduan entseatzen dugu aurreikusitako kontzerturako. Egonaldiak ere egiten ditugu, eta bost bat egun igarotzera joaten gara, denok batera", kontatu du Suinagak.

Halako egunetan entsegu luzeak egiten dituzte, batez beste sei ordukoak egunero, baina, hala ere, "gustura" aritzen direla azaldu du Txintxurretak: "Ordu asko diren arren, ez zaigu luzea egiten, oso giro ona egoten da eta azkar pasatzen zaigu. Gure artean oso ondo konpontzen gara, eta entseguak ere dibertigarriak dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak