Ekaina bitartean, aterpean –askotariko aretoetan– antolatzen dituzte kultur emanaldiak Debagoieneko udaletako kultura sailek eta tokian tokiko bestelako eragileek ere; uda sasoian, baina, "kulturari atea zabaltzen diote" eta herriko txoko ezberdinak aire libreko areto bihurtzen dituzte.
Hamaikagarren Udazabal egitaraua
Ohiturari jarraituz, Monterron parkean Arrasate Musikaleko Big Band-ek egubakoitzean, ekainaren 28an, eskaini zuen emanaldiarekin zabaldu zuten aurtengo aire libreko kultura egitaraua, eta Jon Maia bertsolariak eta askotariko saltsetako perrexilak gidatzen duen Hezurbeltzak taldeak borobilduko dute, uztailaren 28an, Aldai parkean.
Udaleko Kultura Saileko buru Jon Garairen esanetan, "46.300 euro da aurtengo Udazabal programak duen aurrekontua, eta, sei kokagune ezberdinetan, bost diziplina artistikorekin gozatzeko aukera izango da". Aurreko aldietan moduan, ikuskizun gehienak erdigunean badira ere –Zaldibar frontoian, Biteri plazan, Monterron parkean eta Herriko Plazan–, Kultura zinegotzi Juan Ramon Mendietak adierazi du aurten, bereziki, apustua egin dutela Udazabaleko eskaintza herriko beste auzo batzuetara ere gerturatzeko; hori horrela, Maiatzaren Bata plazan eta Aldai plazan ere izango da uztailean zerekin gozatu.
Guztientzako prestatutako ekintzak dira; 20:00etan hasita batzuk eta 22:30ean besteak, guztiak doan dira. Informazio gehiago, Arrasate.eus atarian.
'Arrasate Blues' eta gehiago
Herriko jai nagusiak bukatu bezain pronto hasten dira Udaleko Kultura Sailekoak herriko txokoetan kultura ekintzak programatzen. Kale antzerkiari eta dantzari egiten diete, bereziki, lekua Udazabalen, eta asteburu honetako eskaintza da horren adibide; baina musika emanaldirik ez da faltako, eta, horien artean, Kalakan taldeak eta Alexandre Arkhintcheev-ek egingo duten kontzertu "esklusiboa" nabarmendu dute.
Musika arloan, baina, aurtengo berrikuntza nagusia IbaiArte Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatu duen Arrasate Blues jaialdia da. Atzo, eguena, estreinatu zuten, nahiz eta uztailaren 19tik 21era bitartean izango diren kontzertu gehienak. Guztira, hamahiru taldek joko dute – herrikoak eta kanpokoak– herriko zortzi tabernatan, eta, horrez gainera, Udalaren eskutik, Gasteizko Allnighters taldeak Herriko Plazan eskainiko duena.
Bergaran, abuztuan ere bai
Udaleko Kultura Sailaren eskutik, zuzeneko hamaika emanaldi izango dira uztailean eta abuztuan; eskaintza aldetik eta baita publiko motari dagokionez ere, egitarauaren "aniztasuna" azpimarratu dute. 36.452 euroko aurrekontua du programak.
Uztaileko eguaztenak, bereziki, antzerkiaz gozatzeko egunak izango dira San Martin plazan; helduentzako zein haurrentzako aire libreko zinemaren txanda, berriz, martitzenetan Espoloian, eta, eguraldi txarra eginez gero, Seminarioko arkupeetan; eta, gaur hasita, Berumuga musika zikloko kontzertuak lau egubakoitzetan, 22:00etan.
Abuztuan ere izango da zer ikusi eta entzun: martitzenetan, zine emanaldiak eskainiko dituzte; eta horrez gain, magia ikuskizuna eta baita estilo askotariko hiru kontzertu ere.
Uztaileko egubakoitzetan, Berumuga
Bergarako Udalak Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin elkarlanean antolatzen duen Berumuga musika zikloa egonkortuta dago herrian, eta baita inguruko herrietako musikazaleen agendetan ere; hori horrela, musika beltza –blues, soul, funka, eta abar– oinarri duen baina bestelako estiloetara ere zabalik dagoen jaialdia aurten ere Espoloira ekartzeko apustua egin dutela azaldu du Kultura teknikari Maider Osak: "Urte asko daramagu antolatzen, eta, hain zuzen ere, publiko fidela du Berumugak. Taularen gainean dagoen taldea ezagutu edo ez, jende asko hurbiltzen da astero, badakielako kalitatezko emanaldiak izaten direla".
Horren harira, Espainiako Estatuko eta nazioarteko punta-puntako musikariak gonbidatu dituztela nabarmendu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Ubane Uzinek: "Joe Cocker ekarriko digu gogora gaurko emanaldiak; datorren astean, berriz, Cosmosoul taldeak nahasketa bitxia eskainiko du, soularen, funkaren, world music delakoaren eta fadoaren artekoa. Blues doinuak, baina rocketik lizentzia asko hartuta, hirugarrenean; eta jazz kontzertu dantzagarria, aldiz, azkeneko emanaldian".
Eskoriatzan, Errekan Gora jaialdia
Herriko jai nagusiak amaituta, uztailean eten egiten du Udaleko Kultura Sailak eskaintza, eta, hori ikusita, hutsunea betetzeko asmoarekin abiatu zuen Atxorrotx Kultura Elkarteak Errekan Gora egitaraua orain dela hamabi urte. Udalarekin elkarlanean antolatzen dute, eta aurtengoak 13.000 euroko aurrekontua du. "Hasierako helburuekin jarraitzen dugu; hau da, herriko txoko ezberdinetan, eta, bereziki, euskal artistei edo taldeei tokia eginda, publiko guztiarentzako emanaldiak eta doan eskaintzea", azaldu du Atxorrotx Kultura Elkarteko kide Edorta Barandiaranek.
Musika du Errekan Gora ekimenak ardatz nagusi, eta domekan estreinatuko duten sortan ere hala izango dela dio: "Orain dela urte batzuk gurean izan zen Nafarroako Travelling Brothers taldea gonbidatu dugu berriz ere, sekulakoak dira! Haatik dantza taldea, uztailaren 12an, Bizkaiko Eskean Kristo hurrengo egubakoitzean, eta irailaren 14an bukatuko dugu, Petti-rekin".
Aurrera begira, ekitaldi kopurua handitu egin gura dute: "Esfortzu handia eskatzen digu elkarteari eta baita Udalari ere; denbora bat hartuko dugu aztertzeko ea posible den".
Oñatin, Kalean eta 'Bridges'
Udako kultura eskaintzan herriko musikariei tokia egiten saiatzen da Udaleko Kultura Saila; aurten ere badira bertako musikariak eta baita nazioartekoak ere: kubatarrak eta Indiakoak, hain justu. Azken hori Residui Teatro Italiako taldearekin elkarlanean antolatu dutela kontatu du Kultura teknikari German Meabebazterretxeak: "Uztailaren 18tik 29ra bitartean, Bridges Nazioarteko Antzerki Egoitza egingo du Residui Teatrok Oñatin, eta herrialde askotako sortzaileak etorriko dira. Formakuntza saioak jasoko dituzte, batetik, baina herriko txoko ezberdinetan ikuskizunak eskainiko dituzte; Kalean egitarauan sartu dugun kontzertuaz gainera, herriko txoko ezberdinetan beste ikuskizun batzuk ere bai".
Bridges profesionalendako egoitza bada ere, ateak zabalik dituztela azaldu du Residui Teatroko kide Ilargi Zabaletak: "Herritarrekin egin gura dugu azken ikuskizuna; hortaz, parte hartu gura dutenek dei dezatela 648 66 51 94 telefonora".
Aretxabaleta, antzerki emanaldiak eguaztenetan
2010a ezkero antolatzen du Aretxabaletako Udalak uztailean kale-antzerki zikloa. "Eusko Jaurlaritzak kale-antzerkia bultzatzeko dirulaguntzak atera zituen eta horien bitartez Debagoieneko hainbat herritan hasi ginen egitarauetan kale antzerki gehiago sartzen. Gaur egun ere harrera ona izaten dute, jende asko biltzen da eguaztenero".
Estilo ezberdinetako antzerki lanak ekartzen saiatzen direla dio Aretxabaletako Kultura teknikari Inma Miguelek: "Eskaintza zabala dago, eta ezberdinak ekartzen saiatzen gara; haurrentzako eta publiko familiarrarentzako, bereziki".
Aste honetan eskaini dute lehena, Trapu Zaharrak taldearen Turistreando lana, eta beste hiru izango dira, hurrenez hurren: Dikothmia konpainiaren Spazi...o, Kresala euskal taldearen Ikono-grafiak eta Markeliñeren Cheef nature.
Herri txikietan, auzoko jaiak
Bestetik, auzoetako jai batzordeen eta bestelako elkarteen eskutik ere ekitaldi asko izango dira.