Txirrindulariek diote "eguneroko arazoa" dela. "Kamioi, auto, motor eta bizikleta asko ibiltzen dira gora eta behera, eta behin pasatzea besterik ez dago ikusteko errepidearen egoera negargarria dela. Alderik aldeko zuloak eta maldak, partxeak, pitzadurak errepidearen erdi-erdian, eta abar", dio Jon Zuloagak. Markel Familiarrek gaineratu du leku askotan ezin dela zuloa saihestu, ez ezkerretik, ez eskuinetik. "Zuloaren gainetik pasatu behar duzu. Entrenatzeko leku aproposa da, berez, baina, errepidearen egoera ikusita, nahi baino gutxiago pasatu behar izaten dugu hemendik".
Dorletako Ama Txirrindularien Elkarteko kide Joserra Agirreurretak ere bat egin du horrekin. "Aspaldi honetan utzita dago errepidea, eta, negargarri egoteaz gain, arriskutsu ere badago bizikletan zein motorrean doazenentzako. Txirrindularitzaren ikuspuntutik, pena da hainbeste txirrindulari dabilen errepide bat horrela ikustea, zuloz beteta, eta erabat utzita", dio.
Hainbat istripu
Txirrindulariek azaldu dutenez, errepidearen egoera txarrak hainbat istripu eragin ditu. "Markel Familiarrena da azkena, baina badakigu beste hainbat txirrindulari ere erori izan direla behin baino gehiagotan, baita motor gidariak ere", adierazi du Zuloagak.
Horrekin lotuta, Agirreurretak kezka azaldu du uztailaren 23an egitekoak diren afizionatu mailako lasterketa dela eta. "Guk Arlabandik egiten dugu jaitsiera. 80 kilometro orduko inguru ere hartu ditzakete txirrindulariek. Beraz, imajinatu ze arrisku dagoen istripuren bat gertatzeko eta istripu hori arriskutsua izateko", dio.
"Trafikoa ez da arindu"
Autobidea egin zutenean, bazirudien Arlabango trafikoa murriztu egingo zela eta bizikletan ibiltzeko aproposa izango zela. Hala ere, txirrindularien esanetan, trafikoa ez da arindu, "lehengo bera" da, eta oso urte gutxitan "zeharo" hondatu da errepidea. "Ibilgailu pisutsuei autobidea garesti ateratzen zaie, eta, Arrasatetik Gasteizera joateko, adibidez, nahiago izaten dute Arlabandik joan, nahiz eta denbora gehiago behar izan".
Hori dela eta, Diputazioari errepidea konpontzeko eskaera egin diote. "Oso egingarria da hau konpontzea, obrek irauten duten bitartean badagoelako alternatiba, Gatzagatik edo autobidetik joanda, eta hori ulertuko genuke. Baina ez duguna ulertzen da hiru errepide egon, eta trafiko gehien daukan errepidean ezer ez egitea".
Azterketa geologikoa
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, mendiko lerradura handi batek eragiten du errepidearen egoera okertzea, eta, horri konponbidea eman nahian, azterketa geologiko bat egiten ari direla dio. "Nahiko aurreratuta daukagu azterketa hori, eta bukatzean ikusi beharko dugu ze plangintza egin eta ze neurri hartu daitezkeen. Agian, konponketa partzial bat egin genezake, edo osoa. Baina azterketa bukatzean ikusiko dugu nola egin genezakeen eta zenbat denboran. Badakit lerradura hori goitik behera konpontzea oso garestia izango dela, milioiak izango direla, baina, beharbada, plangintza bat egin genezake".
Udal gobernuetan hizpide
Eskoriatzako EH Bilduk, azken osoko bilkuran, errepidea konpontzeko Foru Aldundiari bideratzeko eskaera egin zuen mozio bidez. EAJko ordezkariek, honen aurrean, adierazi zuten mozioa "harriduraz" jaso zutela, oraindik batzordeak eratu barik egonda. Azaldu zuten aurrez adostu barik egonda ez zutela onartuko, eta mozioak ez zuen aurrera egin. Hala ere, gaia lehenengo batzorde bileran landuko zutela adierazi zuten.
Juanito Bengoa Leintz Gatzagako alkateak, bestalde, azaldu du badutela Diputazioarekin hitz egiteko asmoa. "Eskoriatzako Udal Gobernuarekin egongo gara, eta ea eskaera bateratua egiteko aukerarik daukagun".
Markel Familiarren istripua
Duela gutxi, Markel Familiar gazte arrasatearrak istripua izan zuen Arlaban mendateko bihurgune batean. Hala ere, bera ez da ezertaz gogoratzen, ez istripuaren aurretik, ezta ondoren ere. "Gogoratzen dudan bakarra da etxetik atera nintzela, eta ospitalean esnatu nintzela. Ertzaintzaren atestatuagatik bakarrik dakit istripua nola gertatu zen", dio.
Aurpegiko hiru hezur apurtu zituen istripuaren ondorioz –betzuloa eta masailalbo-hezurra bi aldetik–, eta askotariko traumatismoak izan zituen gorputz guztian: sorbaldan, belaunean, eta abar.
Orain bizikleta hartzen duenean beldurrarekin joaten dela azaldu du, eta ez dela lehengo lasaitasunarekin joaten. "Gertatutakoa hor dago oraindik, nire buruan. Hau gainditzeko, ez dakit zenbat, baina denbora bat beharko dut", adierazi du.