"Harridura", "tristura" eta, batez ere, "haserrea" eragin ditu Horazio Argarateren lekualdatzeak. Arrasateko lau fededunekin hitz egin du GOIENAk, eta horiek dira euren erreakzioetan gehien errepikatzen diren hitzak.
Oñatiko parroko Joxan Larrañaga parkinson gaixotasunak jota dago, eta ez du bere zereginetan jarraituko. Hala, Munilla gotzain nagusiak Horazio Argarate aukeratu du irailetik aurrera bere postua betetzeko, eta honek baiezko batekin erantzun dio "inongo azalpenik eskatu gabe". Aitortu du "oso gustura" aritu dela 10 urtez Arrasaten, baina apaiz ofizioan lekualdaketak eguneroko ogi direla, eta "gerta daitekeen zerbait" dela.
Bere ordezkoa nor izango den galdetuta, Argaratek adierazi du bihar batzartuko dela Munilla bera ordezkatuko duen apaizarekin, erabakiaren berri emateko. Izenik, momentuz, ez.
Fededunen erreakzioak
Argaratek gutun bat bidali die eliza komunitateko kideei erabakiaren berri emateko, eta haserrea eta tristura eragin ditu euren artean. Jose Maria Astigarragaren ostean Arrasaten urte gehien egin dituen apaiza izan da Argarate; Astigarragak 16 egin zituen, eta Argaratek zortzi apaiz, eta bi aurreko apaiz Molinaren laguntzaile. "Ez dute gure iritzia kontuan hartu. Elizaren alde lanean gabiltzanoi ez digute galdetu ere egin. Arrasatera apaiz berri bat etorri beharko da, eta gure ustez zentzuzkoagoa zen hura zuzenean Oñatira bidaltzea, eta Horazio Arrasaten mantentzea" adierazi du Fernando Laspiurrek. Datorren martitzenean batzarra egingo dute parrokiako komunitateko kideek, gaia aztertzeko eta euren "haserre eta tristura" nola kanalizatu dezaketen erabakitzeko.
Caritaseko Bidean elkartean lan egiten duen Agurne Juldainek kezka adierazi du, batez ere, Argaratek "lan handia egiten duelako Arrasaten esklusioa egoeran dauden guztiekin". "Ez dakit nork ordezkatuko duen, eta ziur datorrena gogo onez etorriko dela. Baina Horazioren bideari jarraikortasuna ematea ez da erraza izango, sekulako lana egin baitu".
Jose Antonio Altuna Txatillo alkate ohia, adibidez, "sututa" dago Munillaren erabakiarekin. "Ez dago eskubiderik. Munilla horrek egin duenak ez dauka ez hanka, ez buru. Azken aldian makal nenbilen sinesmen aldetik, baina faxista horrek –Munillari erreferentzia eginez– egin duenak neukan sinesmen apurra kendu dit. Neukan apurra Horaziogatik eta Bergoglio Aita Santuagatik mantendu dut, hein handi batean, baina orain... Horazio oso berezia eta oso sakona da. Arrasaten oso egonkortuta zegoen, batez ere, egin duen lan handiagatik. Momentu honetan erabaki hori hartzea hanka sartzea da eta, benetan, sututa nago".
Argarateren ibilbidea
Horazio Argarate eibartarra da, eta Gipuzkoan zehar egin du apaiz ibilbidea. Usurbilen hasi zen, eta handik Usurbileko Aginaga auzora aldatu zuten. Ostean, Lasarten aritu zen apaiz, eta hortik Arrasatera. "Usurbilen ere oso gustura egon nintzen eta aldatzea tokatu zitzaidan. Eta, orain, Arrasaten berdina gertatu da. Apaizon patua da".