Kolorez kolore, izaera guztiak

Eneko Azurmendi 2019ko eka. 28a, 10:19

Mae, LGTBI bandera eskuan hartuta. Atzean, ezkerretik eskuinera, Esti Lobato, Mireia Gallastegi, Ethan Ugartetetxe, Aaron Peleteiro eta Raul Madrid.

Gaur, ekainak 28, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, sexu eta genero aniztasuna bistaratzeaz gain, kolektiboaren eskubideen alde borroka egiteko eguna; kolektiboko bost debagoiendar batu ditu GOIENAk, egun hau nola bizi duten jakiteko.

Esti Lobato, Mireia Gallastegi, Ethan Ugartetxe, Raul Madrid eta Aaron Peleteiro. Horietxek gaurko protagonistak. Lehen biak bikote dira, eta Bergaran bizi dira. Alaba bat ere badute: Mae. "Egun berezia" da gaurkoa haientzako. "Gure eguna moduan kontsideratzen dugu. Gizarte oso heterosexual batean bizi gara, eta urtean zehar ahaztuta gaude gu. Beraz, hemen gaudela adierazteko egun bat da gaurkoa. Koloreak kalera atera eta aniztasuna adierazteko egun bat, aldarrikatzeko guztiok pertsonak garela", diote.

Azaldu dute gizarteak pertsona guztiak berdintasun baten barnean onartzea gura dutela. "Gure kolektiboko jendeak arazo asko ditu, eta oraindik ere leku askotan ezkutatu behar izaten da. Aldarrikatu egin behar dugu, baina egun hau ez litzateke ospatu beharko. Heterosexualitatea ez bada ospatzen, guk zergatik ospatu behar dugu? Normaltasun egoera batean biziko bagina, egun hau ez litzateke existituko. Hain zuzen, behar bat dagoelako existitzen da".

Mireia Gallastegi: "Inposatutako normaltasuna apurtu dugu, eta harro gaude"

Gallastegik gogora ekarri du lesbiana bikote baten esaldi bat, kalera irtengo direla nabarmentzeko: "Izan gaitezen ikusgarri, indiferente garenera arte".

Lesbianen egoera, oraindik ere, guztiz normalizatzeke dagoela uste dute. Hain zuzen ere, normaltasunez jokatzea da horri buelta emateko gakoetako bat, haien esanetan. "Ume batek ikusten badu beretzat eredu den pertsona bat ezarrita dauden arauetatik kanpokoa dela eta normaltasunez bizi dela, berak ere hala ikusiko du. Hala, haiek ere sentitzen badute inposatutako normaltasun horretatik kanpo daudela, ez dira gaizki edo deseroso sentituko". Gaineratu dute ezarritako normaltasun hori apurtu egin dutela: "Eta harro gaude horregatik".

Hasiera, zaila; gerora, ondo

Umeen hezkuntzari garrantzi handia ematen diote gaia normalizatzeko orduan. "Familiak, ikastetxeek, komunikabideek eta beste hainbat faktorek eragiten dute horretan. Estereotipoak, genero bereizketak, generoaren baitako rol banaketak… Hori guztiori gainditu behar dugu, eta gutariko bakoitzaren esku dago, hein handi batean". Gaineratu dute, albiste izateari uzten diotenean, orduan irabaziko dutela.

Onartu dute "seinalatuta eta epaituta" sentitu izan zirela harremana hasi zutenean. "Oso gaizki pasatu genuen jende askorekin. Justifikatu egin behar izaten genituen gauza asko. Gero, ordea, pixkanaka, hori guztia desagertzen joan da, eta gaur egun ez dugu inolako erasorik nabaritzen", adierazi dute.

Esti Lobato: "Albiste izateari uzten diogunean, orduan irabaziko dugu"

Haien inguruan "jende asko" ikusten dute euren izaera publiko egiteko beldurrarekin. Horren aurrean, mezu bat utzi gura izan dute: "Izan zaitez aske. Zure berdin bizitzen, sentitzen, maitatzen eta disfrutatzen dugu, eta hemen gaude. Hori da Harrotasun Eguna, eta hori aldarrikatzeko batuko gara Oñatin, bai kolektibokook, baita babesten gaituztenak ere".

Familiaren babesa, hasieratik

Ethan Ugartetxe Arrasateko gazte bat da, transexuala. "Txikia nintzenean, ez nuen arazorik izaten eta guztia normaltasunez ikusten nuen. Hala ere, nerabezaroan, nesken eta mutilen kuadrillak bereizten hasi ziren, arropa ere garrantzi gehiago izaten hasi zen, eta genero bereizketa ere asko nabaritzen zen. Nire gorputza garatzen hasi zen, eta orduan hasi nintzen buruari bueltaka", azaldu du.

Etxean kosta egin zitzaion bere izaera azaleratzea. "Izan ere, ez nekien nola erreakzionatuko zuten. Nire amak bazituen susmoak, eta gurasoak joan ziren pixkanaka sokari tiraka. Horrek asko lagundu zidan. Familiaren babesa eduki dut hasieratik, eta hori oso garrantzitsua da. Badaude transexualitatea onartzen ez duten familiak, eta horrekin lortzen duten bakarra da semea edo alaba haiengandik urruntzea".

Ethan Ugartetxe: "Dagozkigun eskubideak kentzen dizkigute garenak garelako"

Egoera desatsegin eta deseroso batzuk ere bizi izan ditu den modukoa izateagatik: "Adibidez, nigandik urrundu zaizkit transexuala naizela esan diedanean; femeninoan tratatu izan naute nahita; nire lehengo izenez deitu izan naute; komentario desatseginak egin dizkidate, eta abar. Azazkalak margotzeko ohitura dut, eta esan izan didate arreta erakartzeko egiten dudala".

Izenak berak dioen moduan, "harro" daudela erakusteko eguna da gaurkoa, arrasatearraren esanetan. "Gu garen modukoak gara eta garenak gara, eta harro gaude horregatik. Gaurko egunez, kalera irteten gara hori erakustera, eta dagozkigun eskubideen alde borroka egitera. Eduki beharko genituzkeen eskubideak aldarrikatuko ditugu, garen modukoak izateagatik kentzen dizkiguten eskubide horiek, hain zuzen", aldarrikatu du.

Aurrerapausoak bai, baina...

Transexualitatea normalizatzeko asko falta da, Ugartetxeren esanetan. "Transexualitatearen gaineko desinformazio asko dago. Lan asko dago egiteko oraindik". Uste du hezkuntza ezinbestekoa dela horretarako. "Ikastetxeetan pertsona zisgeneroen gorputzak erakusten dizkizute, eta mutil bat neska batekin egon behar dela. Aniztasun hori ez digute erakusten txikitatik. Hala balitz, askoz aurreratuago egongo ginateke", adierazi du.

Aurrerapausoak izan direla uste duen arren, oraindik asko falta dela ere onartu du. "Komunikabide askok, adibidez, gay harrotasuna esaten dute, besteok existituko ez bagina bezala. Homosexualitatea ez dago oraindik normalizatuta, baina transexualitatea baino normalizatuago bai. Bestalde, gay bikoteak normalizatuago daude lesbiana bikoteak baino, bisexualitatea ere ez da batere ikustarazten...".

Aldarrikatu eta ospatu

Raul Madrid oñatiarra eta Aaron Peleteiro galiziarra ere bikote dira. "Zoritxarrez, oraindik normaltzat jotzen ez den egoera bat bistaratzen saiatzeko egun bat da gaurkoa, eta eskubideetan aurreratzen joateko aldarrikapena egitekoa ere bai. Horrez gain, orain arte lortutako aurrerapauso guztiak ospatzeko eguna ere bada. Aldarrikatu egin behar da, baina ospatu ere bai. Uztargarriak dira", diote.

Orain arte pasatzea tokatu zaien guztia gogorarazteko eguna dela ere azpimarratu dute. "Orain, badirudi guztia oso normalizatuta dagoela, baina duela 15-20 urte ez zen hain normala. Beraz, oraindik beharrezkoa da gaurkoa bezalako egun bat, gizarteak hausnartzeko, gauza asko ditugulako aldarrikatzeko. Zoritxarrez, eraso homofoboak gertatzen dira oraindik".

Horrekin lotuta, adierazi dute aurrerapauso handiak eman direla, baina kezka puntu bat azaldu dute Vox eta halako alderdiak agertu izanarekin. "Duela 15-20 urte, gay bat defendatzen zutenak arraroak ziren, eta gizartearen gehiengoak gay bat gutxietsi edo eraso zezakeen. Duela bost bat urte, arraroa zena zen norbaitek gay bat kritikatzea. Eta orain, berriz gutxiengo bat agertu da, lasaitasun osoz berriro ere gay bat kritikatzeko edo erasotzeko ausardia duena. Beraz, hauteskundeetan izan duen indarra kezkagarria da, zentzu horretan". Gaineratu dute dagoeneko normalizatutzat zeuden gauza asko berriro ere zalantzan jartzen dituela jende askok. "Vox moduko alderdiak agertu izanak eta lortu dituen emaitzak lortu izanak erakusten du hori. Horiek, adibidez, ez dute hain garbi ikusten".

Egunerokoan, egun bat gehiago

Oñatin bizi den bikotearentzat egun bat gehiago bezala dela diote. "Ez daukagu mobilizazio eta manifestazioetara joateko ohiturarik. Errutinaren baitako egun bat izaten da guretzat. Gure kolektiboak ez dauka ezer berezirik egin beharrik gaurko egunez, ardura gehiago izan behar da gizartearena eta komunikabideena, egoera bistaratzeko eta normalizatzeko. Zerbait normala izan beharko litzateke dagoeneko, eta jendea konturatu dadila leku guztietan gaudela. Ez dugu ezer demostratu beharrik", azpimarratu dute.

Aaron Peleteiro: "Ez dut uste inork nahi duenik beste bat gay bihurtu. Sinpleki, dagoena erakustea da kontua"

Bestalde, uste dute hezkuntzatik hasi behar dela normalizaziorako bidea, eta ikastetxeetan errealitatea erakutsi behar zaie umeei, oñatiarren esanetan. "Bestela heltzen da momentu bat zalantzak, kezkak eta abar sortu daitezkeenak. Eta ez bakarrik norberari, gainontzekoei ere eragiten die horrek, egoera ezberdinak hobeto ulertu ahal izateko. Ikastetxe oso gutxitan erakusten da gaia ondo. Horrez gain, hezkuntza mailako kanpaina publiko bat sortzen saiatzen diren bakoitzeko, erantzun masiboak daude horren aurka. Ez dut uste inork nahi duenik beste bat gay bihurtu. Sinpleki, dagoena erakustea da kontua", azaldu dute. "Badirudi jaiotzez heterosexuala zarela, eta hori ez da horrela. Inork ez du asumitzen pertsona bat hasiera batetik izan daitekeela gay, lesbiana, transexuala, eta abar".

Kolektibo irekia, askotarikoa

Uste dute oraindik ere badagoela jendea identitate sexuala publiko egiteko beldurrarekin, eta horiek animatu gura izan dituzte pausoa ematera. "Kolektiboa oso irekia da, eta kolektiboan bertan aurkitu beharko lukete laguntza, egoera desberdinetan nola jokatu gomendatuko dietelako. Armairutik atera behar zarenean, pentsatzen duzu noiz, nola eta norekin egin. Normalena da zure ingurua ez izatea %100 mesedegarria zu armairutik ateratzeko, baina beti daude lehen momentutik babestuko zaituztenak, eta gehienak zure alde egongo dira".

Raul Madrid: "Badirudi jaiotzez heterosexuala zarela, era hori ez da horrela. Inork ez du asumitzen pertsona bat hasieratik izan daitekeela gay, lesbiana, transexuala eta abar"

Bukatzeko, aitortu dute transexualitatea baino aurreratuago dagoela homosexualitatea. Jende asko ez da gai pertsona transexual bat ulertzeko. Pertsona bat gehiago da. LGTBI kolektiboari letrak gehitzea modan dago orain, eta horrekin adierazi gura dena da identitate guztiak hartu behar ditugula kontuan. Zentzu horretan, asko dago hobetzeko oraindik".

Debagoieneko manifestazioa

Koordinadora TransMarikaBollo Feministaren eskutik, bailara mailako manifestazioa egingo dute gaur, egubakoitza, Oñatin, Mani-festa-akzioa lelopean, plazatik abiatuta. Gero, 22:00etan, skareggae-rocksteady pintxada egingo dute, Antixena gaztetxean.

Bestalde, Bergaran, Gune Anitza zigilua jarri dute gune, elkarte eta leku ezberdinetan. Horietan, herritarrek errespetatu egin beharko dituzte sexu eta genero aukera guztiak.

Transexualitatearen lege aldaketa

Atzo, ekainak 27, 2012ko Transexualitate Legearen 3. artikulua manifestazioa aldatu zen. Lehengo artikuluak pertsona transexualen sexunortasuna egiaztatzeko mediku-txostena edo psikologo-txostena eskatzen zuen, eta berriak sexu-nortasuna modu askean onartzen du. Lege berriaren arabera, transexualitate-nozioak erreferentzia egiten dio egoera bati zeinean pertsona bati jaiotzean jarri zitzaion sexua ez datorren bat sentitzen duen eta berea dela badakien sexuarekin. Transexualitatea, beraz, modu bakarrean jakin daiteke: libreki adierazten duen pertsona entzunda. Eta, sexuidentitatea bezalaxe, ezin da diagnostikatu. Ez da gaixotasuna, ez desoreka, ez anomalia bat, giza aniztasunaren parte baizik. Hala, eskubide hori ezingo da mugatua, murriztua, zaildua edo ezeztatua izan, eta transexualak baliatu ahal izango dira lege honetan ezarritakoaz, diagnostiko edo txosten psikiatrikorik, psikologikorik edo tratamendu medikorik gabe.

Naizen adin-txikiko transexualen familien elkarteko "ordezkaritza zabala", guraso, gazte zein haur, Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo aldaketa ospatzen: "Urrats handia da transexualitatearen gaixotasun izaera baztertzeko bidean". Elkarteak, era berean, lanean jarraitzen du legea bere osotasunean eguneratu dadin Nafarroan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak