Greziako errefuxiatuei janari duinak prestatzen

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko eka. 28a, 11:00

Nuria eta Maria Agirre ahizpa aretxabaletarrak, Begoña Murguzur oñatiarra –Hotz Oñatiko kidea– eta Idoia Imaz bergararra Lesbos-en dira egunotan, Grezian. Militene hiriburuan. Errefuxiatuendako janariak prestatzen.

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearen bidez, boluntario lanetara joanak dira. Egunero, 1.500 jatordu zerbitzatzen ditu Zaporeak-ek Greziako uharte hartan. Sukaldari eta zerbitzari lanetan dihardute lau debagoiendarrek.

Idoia Imaz etxean da dagoeneko. Hiru aste egin ditu Lesbosen. Eguaztenean heldu zen Bergarara. Begoña Murguzur ere hiru asterako joan da boluntario lanetara. Agirre ahizpak, astebeterako. Astelehenean joan ziren eta domekan itzuliko dira. Murguzur han geratuko da.

Nuria Agirre, Begoña Murguzur, Maria Agirre eta Idoia Imaz, Lesbos-en (Grezia).

1.000.000 jatordu baino gehiago

2016ko martxoaz geroztik, Grezian dauden errefuxiatuei jaten ematen dabil Zaporeak. Hiru urte hauetan, "1.000.000 jatordu baino gehiago" banatu dituzte eta jatorduak prestatzeko 500 boluntario baino gehiagoren laguntza izan dute. Chios-en eta Atenasen izan dira lanean eta, une honetan, Lesbosen dabiltza, 1.500 jatordu kozinatu eta banatzen. “Lanean jarraituko dugu, errefuxiatuek gure laguntza behar duten bitartean" dio erakundeak.

Oilaskoak, tipulak, patatak eta azenarioak ebakitzen harrapatu ditugu boluntario debagoiendarrak. Orotara, 10 bat lagun ari dira sukaldean. 10:00etan hasten dute lana. 16:00etarako, metalezko ontzietan sartzen dituzte janariak, gero furgonetan sartu eta banatzeko. 19:00etan banatzen dituzte menuak, egunero, Moriako errefuxiatuen kanpalekuan. Ofizioz sukaldaria den arduradun baten aginduetara aritzen dira, "neurriak-eta kontrolatzeko".

Janari "oso onak"

Diotenez, "oso janari ona” egiten dute, “itxuraz eta zaporez”. Ez dute edozer gauza banatzen. “Iraunkorrak diren elikagaiak Euskal Herritik datoz hona, baina galkorrak direnak hemen bertan eskuratzen dira", diote. Kalean bizi diren behartsuenei edota beste boluntario batzuei ere banatzen dizkie janariak Zaporeak-ek.

Europar Batasunak ere banatzen ditu jatorduak Lesbosko errefuxiatuen kanpalekuetan, catering zerbitzu bat kontratatuta, baina "oso eskasak" direla diote. Zaporeak erakundeak, ostera, "janari duinak, prezio merkean" banatzen ditu.

Ondoko etxe baten egiten dute lo. Boluntario guztiek batera. "Lo gutxi" egin arren. Eguneko jarduna bukatu ostean, gau partean, solaserako eta aisialdirako tartea hartzen dute.

Bizi baldintzak duintzen

Pozik daude egiten ari diren lanarekin. "Jaiotza-tokiak baldintzatzen du zure bizimodua. Egia handia da, jakinekoa, baina hemen bizi izandakoak berresten du egia hori", dio Maria Agirrek, bere ahizpak bezala, bidaia bere poltsikotik ordaindu eta astebetez, beste batzuen bizi baldintzak duintzen laguntzera, Zaporeak-en proiektuarekin bat eginda, Lesbosera abiatu dena.

Lesbosen hiru kanpaleku daude. Moriakoa da handiena. 5.000 edo 6.000 lagun inguru hartzen ditu. Kartzela izandakoa da. Kanpaleku horretan, kartzela ere badago, bisarik lortu ez duten errefuxiatuak atxikitzeko, ez dezaten ihes egin. "Gurekin sukaldean lanean aritzen den pakistandar bat dago. Hiru urte daroatza bisaren zain, baina ez diote ematen. Eta kartzelara eroango duten beldur da. Gogorra da".

Bisaren zain

Turkia bihurtu da gerratik, diktaduretatik edo pobreziatik ihesean doazen milaka errefuxiatuen helmuga. "Erraza da Turkiaraino heltzea, bisarik ez dutelako eskatzen, pasaportearekin nahikoa da". Errefuxiatu haietako asko, Istanbuldik, modu legez kanpokoan, Greziara heltzen dira, Lesbosera. Siriakoak ziren lehen gehienak, baina orain, Pakistan, Afganistan edota Afrika hegoaldeko beste toki batzuetatik heltzen dira. "Lehen, egun pare bat egon ostean, Europarantz abiatzen ziren, baina, Europar Batasunak mugak jarri ondoren, Lesbosen errefuxiatu asko pilatu dira. Bisa lortzen ez dutenak Turkiara itzul ditzakete", diote.

"Kanpalekura janariak banatzera joaten gara gu, baina behin gure lana eginda, Euskal Herrira itzuliko gara eta ez dugu ezagutzen benetan kanpaleku horietan gertatzen dena. Alkohol, droga edo delinkuentzia arazoak daude, suizidio kasuak ere bai… Haien egunerokoa da ilaran zain egotea, edozer gauza lortzeko".

Eskuin muturra agintean?

Boluntario debagoiendarrek diotenez, Grezian lanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeak arduratuta daude uztailean hauteskunde orokorrak izango direlako eta, inkestek diotenez, eskuin muturreko aukera nagusitu daitekeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak